2010/02/27

11. Part X. Apirilak 11. Akureyri-Stykkishólmur

Gaurkoan ni izan naiz lehena. Hala ere, geroz eta gehiago kostatzen zaigu ohetik jaikitzea. Jaiki eta kalean elurra ari zuen, eta nola gainera. Gau osoan horrela aritu dela dirudi. Dutxatu, eta Star Trek itxurako zerbait botatzen ari ziren telebistan, Martin Landau ezagutu dut behintzat. Gosaltzera 9:50tan jaitsi gara, hala ere, gure ostean beste zenbait agertu dira, gosarien ordua 10ak arte izan arren. Ondo gosaldu dugu; periodikoa ikusten aritu (deus ulertu ez), gelara igo, poltsak prestatu, eta kriston perezakin alde egin dugu. Hala ere, trasteak autoan gordeta, kale nagusitik oinez joan gara, lehenik eta behin liburudenda/kafetegira. Ohitura handia dute, liburu dendatan ezer beroa hartzeko beta ematen dute; Reykjaviken ere ikusi genuen antzeko bat…ala bi ziren? Esanguratsua oso zelan 300 mila biztanletako estatu batetan, hainbeste xoxa gastatzen duten liburuak, eta literatura orohar, itzultzeko. Zer esanik ez, liburu pila topatu daiteke ingelesez, baina noski halakorik gure herrian nekez. Kanpoko freskura ekiditeko, barruan rato majo bat egin dugu, liburuak begiratzen, postalak eta abar. Kalera irten gara azkenean, eta etengabe elurretan ari baldin badu ere, autoek errepidea erabat garbi dute eta espaloietan ez du kuajatzeko itxurarik. Atzo ikusitako kamixeta dendan sartu gara, eta aukera majoa dagoela ikusi dugu. Hala ere, ez dugu ezer erosi, eta ez gogo faltagatik. Autora itzultzean 10/11an sartu gara eta edariak eta txokolate pixka bat hartu ditugu biderako.

82. errepidean gora hasi, Dalvik aldera, baina ordu laurden bat eramaten genuenean buelta erdia ematea deliberatu dugu, nik batez ere, errepidea erabat elurtuta zegoelako eta ez nintzelako amildegiaz eta behealdeko itsasoaz fido. Dena dela, harrigarria da jendeak ze konfiantzaz gidatzen duen hemen, eta auto normalekin gainera, ez pentsa denek 4x4koa dutenik. Buelta eman dugu hortaz eta mendebalderantz, 1 errepidetik (Ring Road). Hala ere, gasofa oso azkar xahutu da, eta Öxnadalsheiði mendatea igotzen amaitu aurretik, aforadorearen txibatoa piztu da eta akojonoa sartu zait. Lehenik eta behin, portuaren jaitsiera gehiena azeleradorea zapaldu gabe egin dut, horrela 0 gastatuaz, dena dela, behera ailegatu garenerako, 60ra, martxa luzeekin eta balaztak gehiegi erabili gabe ibili naiz hainbat eta hainbat kilometroz. Iraitz egoera larriaz jabetu da eta “lasai” utzi nau nire lana egiten. Azkenean, eta oso oso gaizki pasa ondoren, eta ez dakit 60-70 kilometro eginda, Varmahlið izeneko herrixkan N1 gasolindegi bat topatu dugu. Antza denez ez gara antzeko zailtasunetan murgilduta ibili garen bakarrak, gasolindegia lepo baitzegoen. Gainetik kristoren zama kenduta, autoa aparkatu eta tabernara sartu gara, txokolate bero bat hartu, pixa bat bota eta martxan berriz. Aipatu, mendatetik haranera jaisten ari ginen bitartean, elurra desagertuz joan dela; hemen behean dena erabat garbi hortaz. Tabernan basalto harri batzuen irudia ikusi eta gertu ote zegoen galdetu eta Hofsós izeneko herrixka batetan dagoela esan digute, apur bat iparralderago, 76. errepidetik.


Herrira ailegatu, eta ez dugu ia deus topatu. Portutxoan aldiz, 3 etxe beltz zahar oso kurioso ikusi ditugu. Hori bai, zirimola dezente. Buelta erdia, eta 76.a utzi, eta 767tik Hólar herrixkara. Bertan, XII. Mendetik, Islandiako iparraldeko apezpikutza kokatua egon zen, XIX. Menderarte. Eliza, inguruko mendietako harriz egina dago, eta aldare azpian, 1550.ean Jón Arason azken apezpiku katolikoaren hilobia dago, protestantismoa ez heltzearren akatu zutena. Kristoren hotz eitten du hemen, eta berehala alde egin dugu. 1 errepidea berriz hartu, eta Varmahlið atzean lagata, Blönduós herrira ailegatu gara. Desastre bat da herri hau; ez dauka ezer; beno bai, oso eliza modernoa menditxoaren puntan. Jarraitu dugu ba 1 errepidetik 59.a hartu dugun arte. Gure helburua Búðardalur, gidaren arabera, lo eitteko zeozer ba omen da bertan eta.


Goian Hofsos herrixkaren bista bat, behean Hólar.



59.a ondo hasi dugu, -2/-3º gradutan, hortaz, errepidea elurrez beteta, erdi izoztua nola ez; baina aurrera jarraitzea erabaki. Halako batetan, azkar asko zihoan kamioi batekin gurutzatu, haiek gure izu aurpegia ikustean barre egin, eta orduan, zalantzarik gabe, aurrera egin dugu: trailerra pasa baldin badaiteke, guk ere egingo dugu.

Elurra nahiko azkar desagertu bada ere, mendixkatik jaitsi bezain pronto, hotzak jarraitzen du; -2/-1ºtan bizi gara. Azkenean, 59.a 60.akin topatu, eta ðardalurrera ailegatu gara. Toki bakarra omen dago lo eitteko, eta erabat zarratuta topau ein yau. Gainera, lurrean bazen orritxo bat “Lokið” hitzarekin. Bien. Gainera ez dago inor galdetzeko, herria hutsik dagoela dirudi. Autora berriz kriston hotza eitten du eta, zeren tenperatura baxuaz gain, sekulako haizea ari baitu. Autoa poliziaren komisaldegi ondoan laga dugu; hutsik zegoen noski. Portzierto, hemen poliziari “Lögreglan” esaten diote. Planoan, pixkat gorago, Edda hotel bat omen dagoela azaltzen da, Laugar herrian. 16 kilometrotara dago, baina beno; harako bidean jarri gea orduan. Ekaitza gerturatzen ikusi dugu, izan ere, momentu batetan haren barnean egon gara. Laugarrera iritsi, hotela aurkitu (ez da zaila izan, oso txikia baita herria), eta itxi-itxita. Harritzekoa dena, halako herrixka batetan halako hotel katxarroa egotea…en fin. Zer egin? Ba 19:30ak direla ikusita, laster iluntzen hasiko dela kontutan izanda eta bihar Snæfells ingurura joateko asmoa dugunez, hoberena harantz gerturatzea. ðardalurren 2000 IKR bota lehenagokoa gerta ez dadin, eta 54. errepidea hartuta Stykkishólmur aldera.

Aitortu beharra dut pila bat disfrutatu dudala errepide honetan. Ibilbide guztian zehar, auto bakarrarekin gurutzatu gara, eta asfaltatu gabeko bidean (gehiena portzierto), rallyan banengo lez sentitu naiz. Oso ondo pasa dut, benetan; eta ez dut txorrarena egin e!!! gehien jota 90 km/h bidea zuzena zenean. Honetarako gida baimena BAI, baita alokairuzko autoa ERE.

Ilun dagoela iritsi gara Stykkishólmur herrira. Zenbait aukera bazirela aldez aurretik jakinda, zuzenean Hótel jartzen zuen eraikin batetara joan. Parkinga autoz lepo. Sartu gara ba, galdetu, eta 14080 IKRtan gela. Baietz esan, eta afariak 21ak arte ematen dituztela esan digute. 20:50ak direnez, zuzenean jangelara eta hanburgtarra kartofenekin eskatu dugu biok, eta Iraitzek, aparte, zopa bat. Afaltzen ari ginela, ikusi dugu zein zen aparkalekua beteta egotearen arrazoia; emanaldi bat zegoen hoteleko areto batetan, eta hura amaitutakoan, jendeak alde egin du, edo alde egiten hasi da behintzat. Guk, afal ostean trasteak hartu, eta gure gelara igo gara (213). Bistak, nahiz eta gau itxia izan, oso onak; aldiz, usaina ez da batere ona, baina ez ohiko sulfuroagatik, baizik eta amoniakoagatik. Telebista ere oso ederra da, azken modeloa, baina antena ez dabil, eta Mary Poppins “elurpean” ikusi dugu. Orain, 23ak direla, postalen bat idatziko dut, atzeratutako lana egin behar!!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario