2010/02/23

8.Part VII. Apirilak 8. Hellan hasi, Höfnen bukatu



Gaurkoan 8:30tan geneukan iratzargailua. Jo du sasikumeak, baina ez diogu jaramonik egin. Ni 8:50tan edo jaiki naiz, lehena. Jacuzzidun estruktura arraro horretan dutxa zelan martxan jarri asmatu dudanerako, hamar minutu eginak nituen belauniko. Azkenean lortu dut. Beti berdin gabiltza, kanpora goazen bakoitzean dutxa sistemak erabat ezberdinak topatzen ditugu. Hemengoak aldiz ez dira okerrenak, izan ere, normalean lehena asmatuz gero, gainontzekoak oso antzekoak izaten baitira. Ez 2007ko Santotomasetan Parisera eginiko txangoan gertatutakoa bezala. Han laguntza bila joan behar izan genuen dutxa zelan zebilen galdetzera…en fin.
9:40tarako gosaltzen ari ginen. Badirudi gauean elur pixka bat bota duela. Jangelatik dagoen bista oso polita da. Ez dabil jende askorik. Meloi pixka bat, gazta eta urdaiazpikoa, ogi pixka bat, jogurta eta zukua, te batekin. Iraitzek denetarik, ze mahaitik lauzpabostetan jaiki baita…
Pagatzera joan gara dena jaso ondoren, eta azkenean, atzoko afaria ere kontatuaz, 20400 IKR izan dira. Postalak ikusten, aurora boreala hain ondo ikusten den hori, Rangá hotelaren kanpoaldean ateratakoa dela ikusi dugu. Fijate. Hartzari besarkada bat eman ostean, 11tan irten gara. Kuriosoa da, baina ez dago hartz polarrik Islandian. Heltzen direnak, normalean iceberg galduen gainean, iritsi bezain pronto akatu egiten dituzte. Ez galdetu zergatik, baina hala omen. Autoek elur pittin bat dute, bart fresko samar izan denaren seinale, ze gosaltzen ari ginen bitartean eroritako malutak oso eskasak izan baitira.
Berandu samar irten gara beraz, baina beno. Irten eta berehala, Hvollsvöllur herria zeharkatu, eta derrepentean ur jauzi bat ikusi deu eta geratu egin gara. Þorsmork parkearen sarreran bertan dago, eta aurretik ez apuntatzeagatik, orain ez dakit ze izen duen, gainera, ez da ez liburuan ezta mapan azaltzen ere...Topatu dut ordea! Seljalandsfoss du izena. Eskoletako gaztetxoak zeuden, ingelesak nik uste, eta beste zenbait "turuta" ere. Itsaso aldean, “indotxina”ren antza izango luketen irla batzuk daude; nahiz eta bakarra iruditu, hiruzpalau omen dira, Vestmannaeyjar irlak dira, haietako bat nahiko berria portzierto. Nahiko berria, Surtsey 1963an "atera" baizen itsasotik. Baina harira, kaskadaren atzetik bidezidortxo bat zegoen, hortaz, jendea goitik behera blai agertzen zen buelta eman ondoren. Gaztetxoak alde egin ahala, jende gutxiago eta guk nahi genuena egiteko beta. Argazki majoak bota, bideo erreportajea primerakoa…rato batez egon, eta martxan berriz, Skogafossera.



Ondoan, Vestmannaeyjar irlen ikuspegitxo bat.



Aurreko txangoetakoak bertan ziren ere. Ur jauzi hau oso altua da, baditu 60 bat metro. Behealdean dena ondo, baina Iraitzi mendian gora joatea bururatu, eta hara joan gara. Kostata, baino egin dugu. Goitik ez zegoen ikuspegi deigarririk, baina beno, egin gabe ez zegoen jakiterik. Ondo ikusten zen gauza bakarra Dyrhólaeyko arroka handia. Jaitsi gea ba ur jauziaren goialdetik, autoan sartu, eta aipatu Dyrhólaeyen geratu gara. Errepide kaxkar batetatik ibili behar izan dugu, autoa zikindu, Al Banoren “Nessun Dorma” kantatzen jardun, eta hondartza beltzera iritsi gea, gure ideia bera izan duten beste hainbeste turutekin batera.

Goian Skogafoss, behean Seljalandsfoss

Oso toki kuriosoa. Badago zulo bat puntetan nondik, uda garaian, autobus anfibio bat pasatzen den. Gaur ez zegoen halakorik, noski, nahiz eta honanzko bidean albo batetan zegoen baserri baten parean ikusi, eta eguraldi majoa dugun. Toki majoa autobusik egon hala ez, Islandiako punturik hegoaldeena. Hondartzatik autorako bidea hartuta, hara non igandez jantzitako bi neskato ikusten ditugun, txano eta guzti, eta haiekin…gure “Kristobal Colon”!!! oso elegante jantzita ere. Sekta batekoak dirudite. Aste Santuagatik izango ote da? 4x4 batetan etorri dira, Ssangyong batetan hain zuzen. Barre batzuk egin ditugu berriz ere, eta aire.





Eskuinean, Skogafossetik bistak.




Autoan sartu eta berehala Vík herrira ailegatu gara. Mapan adierazita datorrenerako, oso txikia da Vík. Super batetan geratu gara, jateko zerbaiten bila, edariak eta zizka-mizkak (1092 IKR) eta martxan berriz. Paisaiak pasada bat dira; ezkerretara begiratu eta kristoren mendateak elurrez lepo, aurrean eta atzean lautada itzela, eta eskuinetara itsasoa. Zoragarria. Dena dela, pena ematen du zuhaitzik ez egoteak. Esaldi famatu batek hala dio: “Islandiako baso batetan galduta bazabiltza, zer egin? Zutitu…”. Bere garaian baso ederrak zeuden, baina kolonoek hotzaren aurka borrokatzeko, zuhaitzekin ia erabat amaitu zuten; animaliek eta su-mendiek gainontzeko lana egin zuten. Esaten genuen ba zaldi gehiago dagoela Islandian zuhaitzak baino, eta egia da. Egi borobila.

Hemen Dyrhólaey hondartza beltzeko hiru irudi.




Islandiako zaldiak bereziak dira, oso, eta bere arraza eta bizi baldintza gogorren ondorioz, ezaugarri propioak dauzkate. Zaldiak bikingoek IX. Mendean ekarri zituztela esan ohi da. Beste zaldi arrazekin izandako harreman ezak eboluzio propio bat izatea suposatu die. Islandiar zaldiak, hemengoak baino txikiagoak dira, eta ilea askoz luzeagoa dute. Islandiar gobernuak zaldien inportazioa debekatu zuen bertako arraza nahasketatik garbi mantentzeko, eta berdin, bertako zaldiren bat atzerrira eramaten bada, ez zaio bueltatzen utziko. Urtetan zehar, islandiar zaldiak Eskozia eta Ingalaterrako meategietan erabiliak izan ziren haien ezaugarriak direla eta (tamaina eta erresistentzia besteak beste). Beste berezitasun bat, zaldi islandiarrak egin ditzaken pausu motatan datza. Ohiko hiru pausuez gain, beste bi egin ditzake, horietako batetan, zaldiak alde bereko hanka biak batera mugitzen ditu.
Bidean jarraikiz, halako batetan, harrixka pila ikusi ditugu bide bazterrean: Laufskálavarða. Ohiturek diotenaren arabera, bertatik lehenengo aldiz pasatzen diren bidaiariek harrixka bana laga behar dute tontortxoan bidai ona edukitzeko. Izan ere, gobernuaren Errepide Departamenduak, harrixka pila ekarri zituen bidaiariek ohiturarekin jarrai dezaten. Guk, harriaz gain, bestelako oroigarria ere utzi genuen… Ingurune hau, Vatnajökull glaziarrak botatako sedimentuen eraginez, historikoki oso ezegonkorra izan da eta 70. hamarkada arte ez zen errepidea egiteko aukerarik izan. Ordura arte, Höfndik hiriburura joateko, irlari buelta osoa eman behar izaten zioten, guk egingo dugun moduan.


Goiko irudian, Laufskálavarða. Behean, bidean topatutako paisai bat.



Kirkjubaejarklusturren geratu gara depositua bete asmoz, baina ordainketa txartelez egin behar denez eta ez dakidanez zenbat onartzen duen, ba a boleo 2000 IKR jarri dizkiot. Gasofa bota, eta aurrera Skaftafellera iritsi asmoz. Errepidean desbideratzea ikusi eta hartu dugu. Ez dago bertan; parke baten barruan baizik. Panel batetan begiratu eta bi ordutako oinezko ibilbidea dagoela ikusi dugu. Zalantzarik bagenu ez genuke erabakia hain azkar hartuko…oso urruti dago, eta gauza gehiago egin nahiko genituzke. Asike aire. Errepidean berriz, bat-batean, Jökulsárlón



Goian, bidean topaturiko beste bista majo bat, behean, Skaftafellsjokull glaziarea.



Hor dago, metalezko zubi bat pasa eta berehala ezkerretara sartuta. Parkingean nahiko jende dabil. Ikuskizun paregabea da Jökulsárlón. Vatnajökull glaziarretik askatu berri diren izotz zatiak lakuan dabiltza, atzera eta aurrera, fokatxoen gozamenerako. 1935an sortu zen Jökulsárlón, glaziarraren desegitea dela eta. 1975an, dagoeneko 18km2ko zabalera zuen, handitzen doa beraz. Haize ikaragarria dago, eta nik, nola ez, ez dut berokirik hartu; ondo damutu naiz bai. Rato majo bat egin dugu zirimolen azpian, fokak ikusita, izotz irudi kuriosoak bazterretan eta naturaren handitasunaz jabetzen.



Hona hemen Jökulsárlónen hiru irudi.


Gustura sartu naiz ni autoan, Jökulsárlónetik errepidea hartu berriz, eta planeatu genuen bezala, Höfnen hartu dugu ostatu, Höfn Hotelean. Ez da herri txikia, dena dela, gu iritsi garen orduan, jende gutxi zebilen kalean. Kairaino iritsi gara, eta hotel bat iragarrita ikusi dugunean, hara joan gara buru belarri. Ez dago mugimendu gehiegirik hotelean. Kanpoaldean behintzat geureaz aparte beste auto pare bat besterik ez daude. Gela batengatik galdetu eta gosaria barne 11000 IKR. Ez dago batere gaizki. Gela aukeratzean, tipoak ea itsasoari begira nahi genuen galdetu digu, kristoren zirimolak jasaten baitira eta askotan haizeak zalaparta ederra ateratzen baitu leihoetan. Guk baietz, nahiko nekatuta geundela eta ez genuela arazorik izango lo eiteko. Eskailerak igo eta halako egongela baten paretik igarota, beste 4-5 eskailera igo eta ezkerretara gure gela, pasilloaren ezkerraldeko lehena. Pasilloaren erdialdean zapatak garbitzeko makina eta bestekaldean beste ikuspegi interesgarriak: hilerria. Gela ondo dago; kristalera handia du, gortina mardulak eta telebista txiki bat komuneko atearen ondoan. Gelan gauzak lagata, paseotxo bat ematera irten gara, kristoren haizea pairatu, eta berehala itzuli gara. Afaltzeko aprobetxatu dugu. Jangelako leihoak parkingera ematen du, eta bertaratu garenetik, ondo jantzitako jendea atzera eta aurrera ikusi dugu, hotelean sartu eta aurreneko pisuko areto batetan sartzen. Ezkontza baten antza du. Kantatzen entzuten zaie, musikaz lagunduta. Gu bitartean geurera. Harrigarria suertatu zaigu zerbitzaria ingelesez ez zelako oso trebe. Azkenean elkar ulertzea lortu dugu, eta hori pizzak eskatu ditugula, hitz ulerterraza…ezta?
Neskatxa batzuk izan dira ondoko mahaian afaltzen, oso elegante ere...
Moskeatuta nabil autoaren itxiera zentralizatu sistemarekin, autoa itzuli behar dugunerako. Maletekoan utzi behar omen dugu giltza, izan ere autoak berak ixten omen ditu seguruak…ez dakit ba. En fín, oso nekatuta nabil eta gaurkoz nahiko idatzi dudala uste dut. Ea biharko eguna gaurkoaren antzekoa den…Inch Allah!

























No hay comentarios:

Publicar un comentario