2011/03/27

Hilak 11. Hamalaugarren zatia


Gaua nahiko ondo pasa dut. 9tako iratzargailuak jo du. Dutxatu ostean, poltsak prestatu samar utzi eta gosaltzera jaitsi gara. Aukera anitza dago, baina fruta aldetik ezer onik ez. Ogia, bolloak, jogurta…eta tea. Gosaldu, eta gelara igo gara. Bi igogailuetatik bat izorratuta zegoen, eta bazebilena, ozta-ozta. Gelara igo ba, gauzak hartu, eguzkitako krema eman eta behera. Hotela kaos txiki bat da. Poltsak gorde dizkigute behintzat, eta geroko bazkaria ordainduta dugu…

The hotel...

Hoteletik irten eta “primera linea de playa”-n geundela ikusi dugu; noski bart ilun zegoen eta ez ginen konturatu. Ura pelikuletakoa bezalakoa da, urdin turkesa…eta baten bat ikusten da eguzkia hartzen. Merkatu txiki bat ikusi dugu, eta gero beste bat…orduan buruko argitxoa piztu eta turistentzako autobusa hartzea otu zaigu: Busa hartu, 24 orduko txartela pagatuta, nahi adina buelta eman ditzakegu, nahi dugun geltokietan igo eta jaitsita…penintsula ikusteko modu erraza ba.

Varadero...

Ondoko hoteleko turismo bulegora sartu eta galdetu egin dugu. Bertan, ibilbide osoak ordu t´erdi irauten duela esan, nahi adina alditan igo eta jaitsi gaitezkeela egun osoan zehar eta penintsulako azken muturrera ailegatzen dela esan digute. 11:10ak direla ikusita, eta 13tako bazkaltzeko asmoa dugula ikusita, primeran. Txartelak hartu ditugu ba, 10 CUC orotara, eta voucherrakin geltokira. Iristea kostatu bazaio ere, ailegatu da. Goiko pisura igo gara eta eseri gara. Varadero zer den ikusi dugu: Kristoren konplexu handiak, golf zelaiak…eta eguzkia. Pasada bat izan da. Eskerrak haizearekin jasangarriagoa zen bestela…bestalde, jendilaje ugari igo eta jaitsi da buelta osoak iraun duen bitartean, eta hori ere ikusi beharra zegoen.

Varadero...

Buelta eman ostean, 36. kalera iritsi gara, eta zuzenean bazkaltzera: makarroiak, arroza eta pizza esaten zioten zerbait. Platanoak, mousse antzeko bat…eta zerbezak. 3, hau egarria!!!

no comment...

Motxilak hartu ditugu 13:40ak aldera, eta turistentzako busa hartzera joan gara, bus geltoki zentralera joateko asmoz. Ez da azaldu ordea, eta coco-taxi bat hartu dugu orduan (5 CUC). Bus geltokira ailegatu, eta bi tipok ea Habanara joan behar genuen, eta 20 pesogatik eramango gintuztela eta abar. Ezetz, busean gindoazela eta kito. Itxarongelan aspertzen hasi eta postalak idaztera.

15:30tako busa azkenean mikrobusa izan da. Irten, eta Matanzasetik pasata, 3 ordutan Habanan ginen.

Morrotik sartu gara. Ur azpiko tunel batetik pasa eta Habana Vieja inguruan atera gara. Handik unibertsitate ingurura joan da busa, eta bertan jaistea deliberatu dugu. Jaitsi bezain pronto, tipo batek ea lotarako leku baten bila ote genbiltzan galdetu digu, guk ezetz, bagenuela. 25H aurkitzen saiatu gara, baita topatu ere. A aurreko batetan inguru honetako garito batetan izan zen eta horren bila joan gara. 25Hko 525a topatu dugu baina zoritxarrez ez zuen leku librerik eta parean zegoen batetara bidali gaitu. Honetan bazegoen ostatu hartzerik, bi gela libre zituen eta aukeratzeko beta izan dugu. Gelak ez dira beste munduko ezer, baina badute komuna, telebista mandoarekin…Bertan geratzea erabaki dugu, printzipioz bi gauerako, aurrerago ikusiko dugu. Prezioa, 30 CUC. Garesti samar, baina beno, hiriburua da. Ordaindu, sinatu, eta bisatuekin geratu da ez dakit zer motako konprobazioa egiteko. Gure ondoko gelan, turkiar batzuk daude; kristoren zarata ateratzen dute. Gauzak utzi ba, eta paseatzera.

Habana Libre hotel ingurura ailegatu gara eta jatetxetakoak pelmada ematen aritu afaltzera sartzeko…bidai agentzi bat topatu eta Viñalesekoa galdetu dugu. Egun osoko txangoak badirela esan digute, Pinar del Rio-ra joan etorria + zenbait bisita + bazkaria, 55 CUC. Pentsatuko dugu. Isla de la Juventudekoa Cubanan galdetzeko esan digute, handik 100 metrotara duten bulegoan. Iritsi gara, baina itxita zegoen.

Paseatzen jarraitu dugu ba, eta Nacional hotel ingurura ailegatu gara. Haizeak ederki jotzen du, eskerrak ze tenperatura zoratzekoa da. Nacional hoteletik dauden Habanako Malekoiko bistekin gozatu rato batez, eta Habana Libreko jatetxe polinesiarrera joatea erabaki dugu. Handia, ondo zainduta eta janaria ona. Gero eman diguten ostia ere ona izan da: 91,25 CUC. Hori bai, PIÑA COLADA ezin hobea. Halakorik ez nuela sekulan hartu aitortu behar dut eta Kubatik ekarritako esperientziarik onenetakoa izan dela esan dezaket. Afal ostean hoteletik bueltatxo bat eman dugu. Interneteko gela itxita zegoen (8tatik 20tara) eta alde egin dugu.

Afaria goian, behean Nacional hotela

Parkea eta zinema ondotik pasa gara, eta Nacional hotelera joan gara. Oraingoan sartu egin gara (Maria Cristina hotela gogorarazi dit) eta begiradatxo bat bota diogu. Aurrealdeko ate batetatik irten, eta terraza eta lorategietatik pasa eta banku batetan eseri gara Habanako bistaz gozatzera. Berriketan aritu gara eta 23:15tan edo alde egitea erabaki. Hoteletik alde egin aurretik, Ak Tx-ri telefonoz hots egin dio, ordu diferentzia kontutan izanda, orain lanera joateko prestatzen arituko baita. 3 minutuko solasaldia, 12 CUC…Nacional hoteletik zuzenean lotara etorri gara. Telebistan Gaugin pintoreari buruzko pelikula ari dira botatzen, azpititulatuta…eta ni lo hartzen ari naiz…

2011/03/23

Hilak 10. Hamahirugarren zatia

8tan iratzargailuak jo du. Gaurkoan A aurretik joan da dutxara. Niri kriston pereza eman dit, baina beno, egin deu. Dutxa, gauzak jaso eta gosaltzera. Gaurkoan pinaburu zukua jarri digute, fruta (papaia, pinaburua eta lima), tomatea baratxuriarekin platertxo batetan, gurina, lau bollo, mermelada arraro bat eta kafea. Primeran aizu. Gosaltzen ari garela, euria ari duela ikusi dugu, pontxoa hartu behar orduan.

Egiten duen eguraldia ikusita, oinez joatea proposatu diot Ari. Fresko dago eta eguzkiak ez du gehiegi jotzen, hortaz, ibiltzeko ondo; gainera, ur zipriztinekin freskatu egingo gara. Abiatu gara ba, Memorial aldera, zehazki jakin gabe zuzen ote goazen ala ez. Ordu erdiko kontua izan da, pixka bat pasatxo, zuzenean Iraultza Plazara ailegatzeko. Altabozak eta argi erraldoiak daude. Musika etengabe jarrita, Silvio kasu honetan, eta plazaren beste aldean txangoetako busak, bertako zein giriak. Euripetan, Chék Fideli lagatako karta, eta bertako irudiak ikusi ditugu; eta ikurrinarekin argazkia atera ere. Eskola batetako gazteak zeuden, jiji-jaja, mp3arekin…en fin. Memorialera jaitsi gara orduan. Esan ziguten moduan, ezin dira irudiak hartu, eta poltsak gordetzeko zerbitzua dago. Zaintzaile batek novuk-a ere lagatzeko eskatu dit…filan jarri gara ba, eskolakoen eta frantses batzuen gibelean. Taldeka sartzen zirela ikusita, gu biak gure kasa sartu gara. Sarreran nongoak ginen galdetu, eta “vascos”, nola ez.




Gela batetara sartu gara; bertan Chéren bizitzaren irudiak eta objektuak daude erakusgai. Txikitako argazkiak, medikuntzako titulua, gaztetako irudiak, Iraultza garaikoak, Komandante garaikoak eta nazioartean borrokalari internazionalista moduan ibilitako garaikoak. Jende dezente dabil, lehen aipatutako frantsesak eta ikasleak, italiarrak, hego Amerikakoak...aretotik irten eta Memorialera sartu gara. Ez da esperotakoa izan. Beharbada hobe horrela; askoz gogorragoa izango zela uste nuen eta. Gela txiki bat da. Oso argi gutxikin. Landareak daude alde bietan, eta paretan Bolivian eroritakoen hilkutxak. Lehenengo seien ondoan zutabe edo sartu-irten bat dago, eta bertan Ché-rena izar argitsu batekin. Bere eskuinean, gainontzekoak, beste 20-25 gehiago. Bertako tipak komentatu digunez, Memoriala eta museoak osaturiko konplexuak hogei urte inguru dauzka, eta Bolivian eroritakoen gorpuak aurkitu eta Kubaratu zirenean, instalazioak moldatu egin ziren, alde batetik museoa, bestetik memoriala egiteko. Aipatu digu ere, egunero loreak jartzen dizkietela, segurtasun kontrolak pasa ondoren, noski. Era berean, zenbait hilkutxa hutsik daudela esan digu, alde batetik gorputzen bate edo beste oraindik topatu ez dutelako, eta beste biren kasuan, familiak haiekin nahi zituztelako (Boliviarrak bi hauek).

Kutxa bakoitzaren kanpoaldean azaltzen diren irudiak, haien argazkietatik eginiko eskulturak direla komentatu digu, guztiak artista berak eginda, bat izan ezik (eta oso nabaria da gainera), artista hil zenean bere semeak egin baitzuen.

Handik irten gara ba, zeru tristepean, gauzak hartu, eta zentrora tipi-tapa. 25-30 minututan plazara heldu gara. Aipatu, Iraultza Plazako konplexuko mobida guztiak doan direla, bai museoa, mausoleoa, baita arropa-gordailua ere.

Ia 12 dira, eta atzo nire oinetakoen aitzakiaz hizketan hasi zitzaigunak esandako zigarro fabrikara joan gara. Azalpena oso erraza zen: Maceo kalean, Boulevarda bukatu eta hirugarren kale kantoian. Halaxe egin dugu, eta kanpoan deus jartzen ez bazuen ere, usainagatik tabako fabrika zela ikusi dugu. Pareko dendan sartu, litroak eta tabakoa salgai, eta bazuten barra txiki bat ere. Ak kafe bat eskatu, nik ordea ron bat. Suabea zen añejo izan arren. Bertakoak, zer hartu behar genuen ingelesez galdetu dit. Ondo. Bertan hartu ditugu fabrikarako txartelak ere, eta ordua iritsitakoan harantz joan gara. Sarreran zurezko mahai handi bat, tipa bat bertan, sofa zahar bat eta kartoi luze bat lurrean. Bazen karteltxo bat ere “no photos, no video”. Bikote gazte bat etorri da, eta sarrerakoak bere modu “berezian” sarrerak kanpoko dendan hartu behar zirela esan die. Haiek ez dute oso ondo ulertu eta nik esan diet…muy agradecidos oiga. Nik uste suediarrak edo izango zirela. Berehala taxi bat iritsi da eta bertatik beste bikote bat jaitsi da, kanadarrak itxuraz.

Total, bisita 13tan izan behar zela, eta dagoeneko 13:10ak direla; sarrerakoak gida “bazkaltzen ari zela, eta pixkatxo batez” itxaroteko esan digu.

Itxaroten dugun bitartean, hona etorri aurrekoa gogoratuko dut. Boulevarden behera gentozela, atzoko liburutegi ondotik pasa gara. Postalen bat hartu dugu bertan eta atzoko pelmazoaren hitzak gogoratu ditugu. Hark, liburu serioak irakurtzeaz kokoteraino zegoela eta edozer irakurriko lukeela, baina ezin duela Kuban…Isabel Allenderen libururik ezin zela lortu esan zigun, eta hiru ezberdin ikusi ditugu, sukaldaritzako liburuak, Stephen Kingenak, Follet, Forsyth…en fin, gizonak ez zuen oso ondo begiratu, ez horixe.

Puruetara itzuliaz, gida azaldu zaigu azkenean, eta harekin joan gara seiok “vigilancia”ko agure batekin. Antza denez tabakoaren industria estrategikoa da, horregatik ezin da argazkirik atera eta zaindari bat daramagu gurekin. Ados. Lantegian sartu gara ba, eta tipa azalpenak ematen hasi da 3 hosto mota ezberdinez barrualdea egiten dutela, koska leuntzeko kola natural berezi bat erabiltzen dutela…hileko soldata 350koa dela, eta kopuru batetik gora eginez gero 800era iritsi daitezkeela. 8 orduko lan txandak dituztela, 400 langiletatik %67a emakumezkoak direla…eta hilabetero puru motaz aldatzen dutela langileek beti bera ez egitearren. Lanean hasi aurretik 9 hilabete egin behar dituzte ikasten, eta pasada bat da zein ondo eta zein azkar egiten dituzten ikustea. Erretzeko gogoak ere sartu ez zaizkit ba!

Fabrikatik gela isolatu batetara pasa gara; bertan langile bakoitzak 1500 puru sailkatu behar ditu kolorearen arabera. Estetika kontuak.

Azkenean bisitak 20 bat minutu iraun ditu, ia itxaroten pasa dugu denbora bera. Normalean bisitak luzeagoak izaten dira, baina gaurkoan ezin zen enpaketatze saila bisitatu.

Puruetatik Boulevardera, non azkenean Boney M jarrita zeukan taberna batetan sartu garen, edariren bat eskatu eta kakahueteak, gaztatxoak eta txokolatea amaitu ditugu kasik. Puruetara joan garenetik eguraldia hobetu egin da. Kristoren beroa eta zerua garbi. Eskulangintza denda bat bisitatu dugu, eta ondoren plaza kantoiko postuetan dendan 6 CUCetara zegoena, 2 CUCetan topatu eta erosi dugu. Gero pulseratxo batzuk beste postu batetan, 0,5 CUCetan eta tipoa ingelesez eta nik erantzun, jakina. Es que tengo una planta!

Postuetatik plazako liburu dendara; atzoko tipoak ondo zegoela esan zigun, eta kasu honetan ez zuen gezurrik esan. Rato majo bat egin dugu liburuak begira eta begira, eta azkenean hiru libururekin irten naiz…1,25 CUC hiruak!!!

Musika tresnen dendatik pasa, eta bertako tipak ingelesez galdetu dit ea zein musika mota nuen gustuko..berehala irten gara eta Copeliatik pasa gara izozki bat erostera. Oso ideia txarra izan dut, eta kilo erdiko izozkia hartu dut…gero odolkiak ordainetan.

17tan punttuan Luisarenean geunden; poltsak hartu eta hark eskatutako “taxi”an sartu gara. Lada gorri bat; Bizargorri baino piratagoa. Kristo bat egina zegoen. Bus geltokira ailegatu eta 5 CUC kobratu dizkigu, atzo taxi ofizial batek joan etorriagatik kobratu ziguna.

Bus geltokian, busa pagatu eta itxarongelan eseri gara. 18:10etan ailegatu behar zen busa, eta 18:50 aldera azaldu da. Ni dagoeneko izozkiaren ordainetan hasita, tripak dantzan, baina beno, eserita egonda, eramangarriagoa da. Busean igo gara ba, eta Varaderora.

Ez dira kontuak ondo hasi beraz: busa atzerapen handiz, ni beherakoarekin…eta busa iritsi denean, bus geltokian taxirik ez, eta oinez topatu dugun lehenengo hotelean tokirik ez. Bidean, tipo bat zuhaitz batetan pixa egiten eta beste bat Seat Altea baten gainean etzanda…Islazul hotelekoak tokirik ez zegoela esan eta taxi bati hots egin dio behintzat. Taxiak teorian “Bellamar” hotelera eraman gaitu, edo antzeko zerbait, ze barruan “sunbeach” jartzen du. Harrerara sartu, gela bategatik galdetu, eta lehenengoa kopetan. Baietz, bazegoela gelarik, baina 140€tan!! Eta guk pagatzera. Hori bai eskumuturrekoa jarri digute, “todo incluido”, baina afaririk ez dago dagoeneko, berandu iritsi baikara, eta ni pirrileraz.

Korrika eta presaka, 6. solairura igo. Kasualitatez igogailutik urrutien dagoen gela egokitu zaigu. Bi neska espainolek, igogailuan, gelarekin flipatu egingo genuela esan digute eta asmatu dute, bete betean. Telebistan mandorik ez, komona taparik gabe, manta bakarra bi oheentzat, altzari zaharrak…en fin, “todo incluido”. Eskerrak afariaren trukean, harrerako tipoak bihar bazkaltzeko aukera eman digun. Gela 12tako utzi behar, baina 13tatik 15era bazkaldu ahal dugu. Guk ordea busa 14tan dugu.

Komunetik pasa ondoren ohera; eskerrak Ak bigarren manta bat ekarri duen. Hementxe ari gara, Jeremy Irons jatorrizko bertsioan ikusten, Lolita filmean; lo que faltaba para alegrar el Belén. 12:20ak dira; lo.