2010/02/23

9. Part VIII. Apirilak 9. Höfn- Reykjahlíð

Gaur Iraitz izan da lehena. Ni 8:50tan edo sartu naiz dutxan. Dena ia jasota utzi deu. Kanpoan euria ari duela dirudi; ttanttatxo batzuk behintzat nabari dira. Gosaltzera jaitsi eta ez dago atzoko jendilajearen arrastorik; antza denez, afaldu eta alde egin zuten. Izan ere, guk gosaldu dugun bitartean, soilik hoteleko langileak ibili dira zerbait hartzen. Gaurkoan tea eta zukuez gain, urdail azpikoa eta gazta, tomatea, meloi, jogurta pasekin…Ondo gosaldu dugu beraz. Gelatik pasa, dena jaso, eta harrerara pagatzera. Gela 11000 IKR inguru baziren ere, atzoko afaria gehitu behar diogu; guztira 17510 IKR. Höfn Hoteletik irten eta kai aldera joan gea. Harritu gaitu banderak erdiraino jarri dituztela ikusteak. Gaur Ostegun Santua dela izateak zeresanik izango ote du? Portuan ez zebilen inor, noski, jai eguna. Hortaz, gasolindegian depositua bete eta martxan jarri gea, ekialderantz. Kristoren parajeak pasa ditugu. Momenturen batetan gure kostako bidearen antza sumatu diot, baina Islandian mendiak altuagoak dira, eta ez daude puntalatuak gainera. Errespetua beraz. Starmyri izeneko lekuan geratu gara une batez. Oso ingurune majoa; harrixka askeko mendateak errepide ondoan, amildegiak, eta hondartza beltzak. Egia esan, toki askok beste batzuk gogorarazten dizkigute…hori da bidaiatzearen prezioa!

Goian, kostako errepidea, behean Starmyri.



Djúpivogurren geratu gara. Fiordo zabal batetan dago herri hau. Mugimendu gutxi; dendarik eta informazio bulegorik ez. Kafe-bar batetan supermerkatu txiki bat zeukaten, eta bertan biderako edariak hartu ditugu. Herrian zehar hamar minututako paseotxoa eman eta martxan berriz ere. Fiordoan murgildu gara, eta beste aldetik joan ordez, 939. errepidea hartu eta Oxi mendatean gora joatea erabaki dugu. Hala ere, 3/4 kilometrotara akojonoa sartu zait. Kristoren malda dago, asfaltatu gabekoa, eta zenbaitetan elurrak bidetik ateratzen gaitu…gainera, behean, errepide hasieran karteltxo batek “impassable” jartzen zuen. Orain nik uste badakidala zer esan gura zuen karteltxoak…Buelta erdia beraz, eta fiordora berriz. Buelta eman diogu, eta hurrengo fiordoan errepideak barrurako bidea hartu du, kosta utziaz. Poliki-poliki, elurrak inguratzen gaitu. Oso trafiko gutxi. Maldan gora hasi gara, eta mendi puntatik jaisten hasi eta berehala 939. errepidearen lotura ikusi dugu. Alde honetatik erabat praktikaezina dago, beraz, eskerrak saiatu ez garen.


Djúpivogur goian; behean, errepidea maldan gora...



Lehen aldiz laku izoztu bat ikusi dugu; Skiduvatn. Bide bazterrean autoa utzi, Nik Kershowen “The Riddle” a tope jarri eta harrika hasi gara izotza izorratu nahian. Ezin ordea. Autora itzuli, eta berehala Egilsstaðirrera ailegatu gara. Herri sosoa dirudi. Lögurinn laku bazterrean dago. Herria pasa, aireportua pasa, eta lakuaren beste aldean geratu gea, aurretik erositako Bimboa, gazta eta mortadela bukatzeko. Gero, zeozer hartzekotan, herrira itzuli eta elizaraino iritsi gara. Meza zegoen, eta parkinga erabat beteta. Ingurutik bueltatxo bat eman dugu, izan ere, Egilsstaðirreko eliza mendixka baten gainean dago, eta bertatik lakua primeran antzematen da. Elurra erdi izoztua hemen. Iraitz elizan muturra sartzen ausartu da, nik ordea paso. Eliza modernoa da, eta hotza, inguruaren antzera. Beherantz berriz eta gasolindegi ondoan zegoen Bonus batetan sartu gara, txokolatea eta gailetak erosteko. Handik irten eta ondoko Subwayen sartu gara, ea kaferik ote zeukaten, baina ezer galdetu aurretik buelta erdia eman eta alde egin dugu, oso usain txarra zegoen eta zerbitzen zegoen emakumea nahiko higuingarri ikusten zen, hortaz, alde. Autoan sartu eta aurrera.
Gutxinaka, altueran gora gindoazela nabaritu dugu, tenperatura dezente jaitsi baita; 4/5ºtik -1/-2º tara. Trafiko gutxi, eta elur izoztu ugari mendietan. Errepidea, ez dakit nola, baina erabat garbia, eta “kitaniebes”ik ikusi gabe gainera.


Ordu aldetik oso ondo goazenez, Dettifoss ingurura joatea erabaki dugu…baina 864. errepidea hartu bezain pronto, buelta erdia eman behar izan dugu, praktikaezina baitago. Aurrera jarraitu dugu ba Ring Roadetik, eta bat-batean, elur artetik kea ikusi dugu, eta elurrik gabeko kolore berezidun lurra: Hverir.
Putzu hauetatik, baporea eta ura irakiten etengabe ateratzen dira, bestelako sustantziekin batera. Sulfuro usaina nahiko berezia da hemen ere, nola ez. Lokatza oso itsaskorra da; oinetakoek, ia esfortzurik gabe, 4-5 zentimetrotako plataforma lor dezakete hemen (lan ederrak lokatz hori oinetatik kentzeko, auto gizajoa!!). Lokatzak eta hondarrak, oso kolore bitxia hartzen dute inguru honetan; esaterako lurra gorria, horia, edota pistatxo kolorekoa izan daiteke. Rato majo bat egin dugu bertan, Faroe irletako bus bat iritsi den arte, orduan, "turutez" bete da ingurua eta hanka egitea erabaki dugu. Inguru geotermiko honekin, lurrak, bizirik dagoela argiro adierazten digu.
Krafla sumendiaren inguruan dago Hverir, Mývatn lakutik gertu. Esan beharrik ez dago hemendik ere planta geotermiko bat dagoela, 60 Mw sortzen dituena.
















Martxan jarri eta berehala iritsi gara Mývatn lakura. Zentral geotermikoa eta Hverir banatzen dituen menditxoa jaisten ari ginela, alde batetan geratu, eta kraterren eta lakuaren bista ederraz disfrutatu dugu. Reykjahlíð herrian sartu, zentrala eskuinaldean lagata, eta berehala lotarako lekua topatu dugu. Iraitzek gida batetan azaltzen zen ostatua ezagutu du, eta bertan geratu gara bitan pentsatu gabe. Reykjahlíð hotela. Kafea, interneta doan…baina 15000 IKR. Baietz esan diogu nagusiari, trasteak gelan laga eta alde egin dugu berriz komunetik pasa ostean. Reykjahlíð herri txikia da; 300 bat biztanle dauzka. Krafla sumendiak 1729an herria labapean murgildu zuen. Eliza libratu omen zen ordea; apaizak bere otoitzei esker izan zela esan zuen, baina egia esan, eliza puntu altuago batetan zegoen…Arratsaldeko 7ak besterik ez dira eta argia dagoen bitartean aprobetxatu beharra dago. Kraterra, Hverfell, ezkerretara laga, eta Dimmuborgirrera iritsi gara. Parkingean auto bakarra, 4x4 bat, eta gu ailegatzen ari ginela alde egin dute gainera, hots, biak bakarrik. Iluntzen ari den heinean tenperatura nabarmenki behera doa. Elur pila majoa dago hemen, pentsa, sarrerako hesiaren gainetik pasa gara… Argazki pare bat bota ditugu sarrerako hesian, eta sartu egin gara. Dimmu Borgir Norvegiako taldeak, ingurune honetatik hartu zuen izena. “Gaztelu beltza” litzateke itzulpena. Parke honetan, sumendiak kanporatutako labaz eginiko irudi bitxiak ikus daitezke. Baina gaurkoan ez dut uste askorako izango dugunik, metro erdiko elur kapa, eta izotza…eta iluntzen gainera. Hiru ibilbide daudela ikusi dugu oinen parean daukagun panelean, eta argi dago, askorako betarik ez dugula. “Eliza” deritzoten irudiraino iristeko, baldintza normaletan, ordu beteko ibilbidea genuke, halako egoeran ordea, zorakeria da saiatzea. Eguzkia ezkutatzen ari dela aprobetxatuz argazki majo pare bat bota eta alde egin dugu; bihar itzuliko garelakoan geratu gara, baina biok badakigu ez garela berriz etorriko.

Goian, Hverfell kraterra, behekaldeko hiruak, Dimmuborgir.


Lakuari buelta eman diogu autoz, eta herrian bueltan, Reynihlid hotelaren jatetxean sartu gara afaldu asmoz. Maila altuko garitoa da hau, nazioarteko chefak omen dabiltza hemengo sukaldean, eta kartan ikusi ahal izan dugun moduan, platerak ere ez dira ohikoak…Iraitzek bertako berezitasuna den arrain keztatua eskatu du (“
Reyktur silungur og hverabrauð að mývetnskum hætti”), eta bigarren gisa “lambafille með jarðepli og lambadjús” (arkumea landa erara). Nik ordea, oso zaila eduki dut, baina azkenean “grænt salat að hætti Myllunnar” (entsalada berdea pinoi eta cherry tomateekin) eta “grænmetisdiskur hússins”, hots, xerra begetala gazta saltsarekin eta frijitutako patatekin. 14200 IKR bromak, postrea eta edaria barne. Handik irten eta konturatzerako, gure ostatuan geunden. Interneten pixka bat aritu eta egunekoa idaztera. Iraitz bitartean kanpoko egongelan dago, DVDak eta aldizkariak kuxkuxeatzen. Kanpoan hotza dago, -2/-3º nik uste; lakua izoztua dago tarte askotan. Lotara, dagoeneko Ostiral Santuan murgilduta gaude eta. Amen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario