2010/03/01

12. Part XI. Apirilak 12. Aberri Eguna. Stykkishólmur-Reykjavik

Gaur 8:53tan jarri deu iratzargailua. Aurreneko aldiz bidai osoan, ez naiz gauaren erdian egarriz esnatu. Gainera amets egin dudala gogoratzen dut. Arraroa. Iraitz lehena dutxan. 10ak aldera gosaltzera jaitsi gara, eta pixkat desfase izan da, jende guztia (nahiz eta gehiegi ez izan, 15/20 bat), ia batera gosaltzen; gauzak amaitzen zihoazen eta ez zuten berririk ekartzen…kostatu zaie behintzat. Gosaldu ondoren interneten pixkat aritu naiz, GBCren partidua jarraitzen (desastre) eta e-mail bat igortzen.
Gelatik pasa, gauzak jaso, rato batez ohean erdi tontotua, eta 11:45tan jaitsi gara. Atzoko afaria pagatzeko “arazoak” izan ditugu, tipa ez zetorrelako kobratzea…azkenean bai, etorri da, eta irten gara, parean zegoen elizan ezkilak dilindan hasi direnean. Elizako parkina autoz lepo. Berpizkunde Igandea.

Hona hemen Stykkishólmur herriko bi ikuspegi; eliza goian, kaia behean.


Herriko portua ikusi, ferria bertan delarik, eta herritik alde egin dugu. 6 kilometrotara Helgafell menditxoa dago. 73 metroko altuera dauka. Mendi sakratua esaten diote. Baldintza batzuk beteta, eskatzen duzun desioa bete daitekeela diote…ez dut uste egia denik, Iraitz igo delako eta ez diot ezer arrarorik antzeman…Nik nahiago izan dut, beheko aparkalekuan itxaron, eliza eta hilerriari argazkiak botatzen.
Esan bezala, Iraitz igo da; aurretik bertan zegoen txakur “zaindariari” gaileta bat bota dio. Arraroa, txakurra bakar bakarrik baitzegoen…Kondairaren arabera, Pórólfu izeneko kolono batek Thorren omenezko egurrezko tenplu bat ekarri eta Helgafellen puntan jarri zuen. Hemen ere, aspaldi, Valhalla ikusi zutela esaten da. Auskalo zer hartu zuten. Mendian, Guðrún Ósvífursdóttirren hilobia omen dago. Emakume hau XII. Mendeko saga batetako protagonista da. Bazegoen liburuan inguru honi buruzko historia bitxi bat, baina ez dut gogoratzen…eta ez daukat liburua eskura…ea egunen batetan.
Iraitz jaitsi denean, Snæfellsnes penintsulari buelta ematen jarraitu dugu. Grundarfjörðurren gasofa bota, beste 2000 IKR badaezpada, eta 54. errepidetik, Ólafsvík pasa, eta 574 errepidea hartu dugu, Snæfellsjökull glaziarra ezkerretara utziz. Gaur arraro egin zait errepidean elurrik topatu ez izana, izan ere, fresko egiten duen arren, nahiko eguraldi garbia izan dugu. Snæfellsnes, Julio Verneren “Bidaia lurraren erdigunera” liburuan agertzen da; sumendi hau da protagonistek munduaren gunera joateko erabilitako bidea; horregatik da hain famatua sumendi hau.

Goian, penintsulako ikuspegi bat, behean Ólafsvík herriko eliza.


Krater bat ikusi dugu errepide parean, Saxholl; aukera ikusi, eta autoa utzita, berokia jantzi eta maldan gora abiatu gara. Snæfellsjökull glaziarrera igoko ez garenez, ba beno. Nekagarria izan da, batez ere haizeagatik. 0ºtan gabiltza, nahiz eta arestian esan bezala, eguraldi ederra dugun, eta haizea hotza da, oso hotza. 5 minututan goian geunden; ez da oso ikusgarria, baina ideia bat eitteko behintzat balio du. Lada Niva behean utzita, domingero batzuk zeuden krater barruan, zulo batetan sartuta, erabat logikoa, dagoen haizea ikusita. Harri batzuk hartu ditugu oroigarri merke gisa, eta behera berriz.

Snæfellsjökull sumendiaren bi ikuspegi.


Autoan sartu, zeozer jan, eta martxan berriz. Arnarstapi herrixkan geratu gara. Verneren liburuaren arabera, herrixka honetatik irteten ziren espedizioko kideak. Harrigarria da, zer nolako tokiko deskribapenak egin zituen idazle bretoiak, kontutan izanda ez zela sekulan Islandian izan. Portu ederra du herriak, eta laba mingain interesgarri bat igaro da herriaren ondotik, mendietatik datorrena eta itsasoan hiltzen dena.

Arnarstapi herrixka.

Buðirren ere geratu gara; liburuan honen erreferentzia ere azaltzen da, baina kasu honetan, nik uste nahiko argia dela irudipenaren lana, zeren eliza beltz bat eta hotel handi bat kenduta, ez bait dago beste ezer hemen; beno bai, hilerri bat elizaren ondoan, erdi hutsik gainera. Martxan berriz, eta 54.tik Borgarnesera ailegatu gara. Herrixka haundi samarra orain arte ikusitakoen ondoan.


Buðirreko eliza beltza.


Zerbait jatea deliberatu dugu. Gasolindegi handi batetan bada supermerkatu-jatetxe-taberna bat eta bertan hanburgtarra, papak eta Coca Cola bazkaldu, eta Akraneserako bidea hartu dugu. Gure asmoa Akranesen lo egitea da, eta gidan azaltzen zaigu horretarako leku bat, baina bueltaka ibili gara eta helbide horretan etxe desitxuratu bat besterik ez dugu topatu. Horrez gain, hainbat buelta eman arren, ez dugu bestelako hotelik edo hostelik ikusi. Oso herri arraroa da hau; handi xamarra, baina ez du dendarik, tabernarik, hotelik…ez ditugu ikusi behintzat, eta zentrotik buelta dezente eman ditugu! Desastre bat. Deus topatu ez dugunez, ze aukera? Ba Reykjavikera joatea. Izan ere nahiko gertu gaude. Esan eta egin.
Hvalfjördur zeharkatzeko tunel bat pasa dugu, kilometro t´erdikoa, 800 IKR pagatuaz gainera. Pixkat akojonatzen du, itsasoa oso mugitua dagoelako, dena dela itsaso azpiko lur azpitik pasa behar dugu, hortaz, no problemo. Hasieran, %8ko malda jaitsi behar izan dugu, direct to hell.
Total, nahiko azkar ailegatu garela hiriburura; 101 Guesthousen begiratu dugu, baita Foss hotelean ere, eta azkenean 4th Floor hotelean geratu gara, zentruan; ez genuen Phoenixera itzultzeko asmorik. 10900 IKR, komuna ensuite eta guzti. TVa pixkat ikusten aritu eta orain kalera irtengo gara bueltatxo bat ematera. Egia esan, gure plangintzaren arabera, gaur Húsavik inguruan egon beharko genuke eta Akureyrin lo egin…semos unos Fitipaldis de cuidao.

No hay comentarios:

Publicar un comentario