2010/02/12

7.Part VI. Apirilak 7. Martxan.

Gaurko gaua atzokoa baino okerragoa izan da. Bero, alde batetik bestera bueltaka, esnatzen…azkenekoa 7:59tan. 8tako “inefable”aren deia eta segidan Iraitzen segapotoaren alarma. Dutxa, eta gosaltzera. Gaurkoan ere, eguraldiaren iragarpena, alde batetik, eta Islandiari buruzko bitxikeri bat bestetik.

Bart tipoak agindu zigun moduan, gu gosaltzen ari ginen bitartean autoaz arduratu da. Àtak etxeko txikia 73000 IKRtan zegoela eta beste etxe batetan, 2. mailako automatikoa 77000 IKRtan. Nik, sentitzen dudala, baina eskuko kanbioarekin nahi dudala. Hark ez zuen ulertzen antza “is easier” esaten zuen, baina nik ezetz, ez nintzela sekulan halako autoekin ibili, eta ez nituela errepideak ezagutzen ezta gidatzeko ohiturak…eskukoa nahi nuela alegia.

Gestioa egitera joan da orduan, eta berri “txarrekin” etorri da. Àtaken ez zegoela auto txikirik…baino hurrengo mailakoa prezio berean egiten zigutela. Guk baietz, eta berak ea ze ordutan pasako ziren gure bila, eta guk 10tan nahikoa zela. Gelara igo aurretik azken aurreneko “flash”a eman diogu, platerak jasotzen hasi baikara. Tipoak espero ez zuenaren aurpegia jarri du. Aurrekoetan, txantxetan zebilenean egoera kontrolatuta zeukanaren aurpegia jartzen zuen beti, oraingoan berriz ez.

Gelara igo gea ba, gauzak jasotzen bukatu, eta Iraitzi nota bat uztea otu zaio, atzokoaren erantzun gisa. Niri primeran iruditu zait, noski. Baina, zer idatzi? Paper zati bat hartu eta Ché-k sinatutako “hasta la victoria siempre” bat laga diogu. Ondoren, bixita liburuan eskerrak eman dizkiogu eta 10etan puntuan agur esan diogu, eta takk fyrir, Àtakeko mutila azaldu baita. Mazda 5 batetan, a toda letxe eraman gaitu zentralera; 7 kilometro gutxi gora behera. Dena primeran. Sartu garenerako bertako emakumea jakinaren gainean dagoeneko, Visa, gida baimena eta pasaportea eskatu dizkit, sinadura pare bat bota eta kitto. Urre koloreko Mazda 3 bat utzi digute. Banuen gogoa halako bat gidatzeko. Gasolina edaten du eta 26000 kilometro dauzka, baita neguko pneumatikoak ere. Markarik ote duen begiratu dugu gure bila etorri den mutilarekin, bizpahiru marka adierazi dizkigu, orrian markatu eta takk fyrir esan eta hari “eskerrik asko” esaten erakutsi diogu. Saiatu da, baina azkenean barrez amaitu dugu hiruok. Ispiluak eta abar konprobatu, eta abiatu gara.

Aurreneko helburua, Keflavik aireportura doan errepidetik (41), Blue Lagoon edo laku urdinera (93). Ia hiru ordu laurden beranduago, 12ak aldera, lakura iritsi gara. Inguruko eraikin bakarra lakuaren azpiegiturakoa da, zentral geotermikoaz aparte jakina. Sartu aurretik, aparkalekutik sarrerara bidean, putzu handi batetan, bertako ura dago. Oso kolore argia du, eta usaina ez da oso ona, egia esan.

Harrerara joan eta bi sarrera eskatu (20€ gutxi gora behera buruko), bainu jantzirik, toailarik edo besterik behar genuen galdetu digute, guk ezetz, eta asuntoa nola dabilen azaldu digute (eskumuturreko baten bidez egiten da dena), eta sartu egin gara. Aldagela ugari dago. Hala ere, beharbada garaia ez delako, batzuk itxita daude. Sexuaren araberako aldagelak dira, ile lehorgailuak, zapatak lagatzeko tarteak eta armairu elektronikoak daude. Bitxia da, baina takilen guneko zorua bero dago, oinutsik ibiltzeko primerakoa. Gure inguruan ez dabil jende gehiegirik, gure aldagela irteeratik urrutiago baitago. Prest, bainujantzia eta aurrekoan erositako toailarekin dutxatik pasa, eta jaitsi egin gara. Oso instalazio onak dirudite; jendea oso legala eta irekia.

Kalera irten aurretik, Mariak esandakoa gogoratu, eta barrualdean dagoen putzuan sartu gara. Hala ere, ez gara zuzenean irten, uretik atera, eta oinez kalera irten (hau hotza) gara. 5-6 gradu artean egongo gara. Toaila zintzilikatu, eta poliki uretan sartu gara. Poliki, oso labainkor baitago. Ez dira ez txankletarik ezta bururako txanorik behar. Guay. Ura, barruan baino beroago dago kanpoan. Sentsazioa oso arraroa. Ura, lodia, ezberdina da, kolorez, usainez eta zaporez; silizioa eta sulfuroak omen ditu, horregatik esaten da psoriasi eta antzeko azaleko gaixotasunak tratatzeko ona dela. Putzuak ez du sakonera handirik, metro-metro t´erdi artean eta zutik egon zaitezke. Zenbait lekutan korronte majoa dago, izan ere, zentraletik sartzen den ura nahiko indartsu baitator. Dena dela, datua ez dut ondo gogoratzen, baina putzuko ur guztia nahiko maiz berritzen da erabat.

Lakua artifiziala da; ondoko Svartsengi zentral geotermikotik dator. zentral horretan, ura (bai itsasoko ura baita euritakoa ere) kilometro batez hondoratzen da, bertan asko berotu, eta gorantz datorren baporeak turbinak mugitzen ditu, horrela elektrizitatea sortuz. Era berean, hirira doan ura berotzeko aprobetxatzen dute, ondoren, ur hori lakura isuriz. Momentu horretan, urak 37º/40º artean dago, ez dut pentsatu nahi ze bero egongo den turbina mugitzen duenean...

Jende dezente dabil, ez denboraldi altuan bezain beste noski, baina ondo dago, lasai ibiltzeko moduan. Aipatu, sarrerarekin ez duzula denbora limiterik, hots, behin sartuz gero, eguna amaitu arte bertan ibili zaitezke; tabernan zerbait hartu, tunbonatan egon, masajeak hartu…guzti hori eskumuturrekoaren bidez markatu egiten da, gero irteeran pagatzeko. Putzuaz gain badira beste aukerak ere, bada ur jauzi bat, primerakoa bizkarra azpian sartzeko, turkiar bainuak, sauna, kobazulo antzeko bat…zaindariak ere badaude atzera eta aurrera inork arazoak balitu, berehala laguntzeko prest. Zenbait tokitan ura beroago dago bestetan baino. Esan bezala, orduak eta orduak pasatzeko gune majoa, nahiz eta azala mahats-pasaren tankera hartzen duen! Tunbonan tartetxo bat egin dugu (barrualdean daude, ez pentsa). Argazki kameraren bila joan naiz, eta bertatik zebilen zaindari horietako bati bioi argazkia ateratzeko eskatu (antza denez ez gara batere originalak izan, nahiko ohitura dutela dirudi) eta ondoren bakarka, batak besteari atera diogu, ez dira oso ondo atera, beraz, Wikipediako argazkia jarri dut goian; barkatu.

14:10ak zirela eta, behin betirako atera gara putzutik. Dutxatik pasa gara (silizioak ilea oso txarto lagatzen du) eta alde egin dugu Blue Lagoonetik. Nork daki azkeneko egunean ez ote garen itzuliko. Eguzkia ere lagun izan dugu azkenean. Autoan sartu, eta martxan; Islandiako itzulia orain hasten dela esan dezakegu.

Blue Lagoon Grindavik udal herrian dago, hortaz, Grindavik herri gunea oso gertu dugu. Grindaviken diru sarrera nagusia Blue Lagoon dela esatera ausartuko nintzateke, hala ere, arrantza kaia ere majoa du, herri txikia bada ere. Bertan geratu gara jateko zeozer erosteko asmoz, eta kostako errepidetik (427) jarraitu dugu ekialdera bidean. Errepidea deitzea ere gehiegitxo akaso, ia Grindaviketik irten garen unetik harri eta hondar pista bat baitzen 427a.

Trafikorik ez ia. Momentu batetan, erositako jakiei ohore egitera geratu gara: Mortadela antzeko zerbait, Bimbo ogiarekin, gazta (garestia portzierto) eta edariak. Jaten ari ginela, hodi beltzak antzeman ditugu urrundik nahiko azkar gerturatzen. Azkar asko jaso eta ttanttatxo batzuk besterik ez ditu bota. Irlek badakigu zer daukaten, haizearen poderioz, datorren bezain pronto alde egiten dute hodeiek.

Paisaia tarte honetan ederra oso. Mendi sendoak ia itsas bazterreraino, jende gutxi, trafiko gutxi, herri gutxi, eta natura ez oso ukitua. Þorlákshöfn herrira iritsi garenean, ez zuen euririk egiten. Autoa gimnasio baten ondoan aparkatu, eta eliza ingurura joan gara, eta bidaiako lehen hilerria bisitatu dugu, deigarria oso 4 bonbilla gorriekin eginiko gurutzea. Haizea nahiko kabroi dabil; aitortu beharra dut, ni jertsearekin noala, ez dudala berokirik jantzi, baina beno. Gimnasioan jende dezente dabilela dirudi, ondoan bada futbol zelai bat, eta hor dabiltza batzuk, baloiari ostikoak ematen.


Goian, 427 kostaldeko bidean, hodeiak gerturatzen. Behean, Þorlákshöfn herriko hilerrian topatutako hilobi "berezia".

Autora itzuli, eta Þorlákshöfnetik Selfoss ingurura joateko (42. errepidea) Eyrarbakkitik pasa gara. Gure asmoa Kerið izeneko kraterra topatzea da. Horretarako 34. errepidea hartzea komeni zaigula uste dugu. 42. errepidea normala da, hots, asfaltatutakoa. Keriðen bila joan aurretik Selfossen lo egiteko tokia hartzea deliberatu dugu. Gidan begiratzen hasi, eta inguruan toki pare bat ikusi ditugu; hotel bat, garesti itxura, eta USAko motelen antza duen beste garito bat. Azken honetan begiratu dugu, baina etxebizitza arrunten tankera du, ez dago (ez dugu topatu behintzat) harrerarik eta “a tomar por rasca” aurrera jarraitzea erabaki dugu. Keriðetik bueltan Hella inguruan begiratzea pentsatu dugu…baina ez dugu Kerið topatu. Ia ia atzo izandako Gullfoss inguruan azaldu gara; errepidean foss bat ikusi dugu (ur-jauzia), ibai baten ibilbide ederra…eta inongo trafikorik ez.

Buelta erdia eman dugu hortaz, eta Hella herrira ailegatu gara, kilometro pila egin ondoren. Ilun dagoeneko. 15-20 minututan zehar bueltaka ibili gara; ez zen ezer argirik ikusten, gasolindegi bat kenduta, eta hurrengo herrira joatea erabaki dugu, betiere ekialderantz. Hvolsvöllur herrira iritsi aurretik ostera, Hella herrian bilatzen aritu garen Rangà Hotela topatu dugu.

21:30ak dira, eta nahiko nekatuta gabiltza, ea ez diguten diru gehiegirik eskatzen…Harreran sartu gea, hartz polar bat daukate hemen disekatuta; bertatik jangela ikusi daiteke baita bi pasillo luze alde bietara. Ez zegoen inor harreran; hala ere, berehala tipo bat azaldu da, afaltzen harrapatu dugu antza. Iraitzek gela baten bila genbiltzala esan eta tipoak baietz eta ea zenbat diru galdetu eta berak 18000 IKR baina 15000tan utziko zigula. Detaile ona. Datuak eman, eta gauzen bila joan gara. Hotela oso elegantea da; egur berria zoruan, ateetan eta leihoetan, telebista eta mueble-bar…eta gure gelak gainera jacuzzia ere. Tipoak afariak 22ak arte ematen zirela esan digu, gu galdetzera joan eta zerbitzariak sukaldariari galdetuko ziola eta zoritxarrez sukaldea itxita zegoela esan digu. Hala ere, gelarako zerbitzua dagoela, eta nahi izanez gero hanburgesaren bat edo, gelara eramango zigutela…primeran! Hanburgesa bana eskatu dugu, eta horrez gain, edari pare bat eta Iraitzek zopa bat ere; gelara beraz.

Iraitzek ur iturria ireki du jacuzzia estreinatzeko asmoz. Bitartean, zopa eta edariak ekarri dituzte. Tipoak ea beste koilararen bat behar genuen galdetu, eta guk, bale, baietz, eta hanburgesekin batera ekarriko zuelakoan, ez da hala izan. Koilara soilik ekartzeko etorri da gelaraino. Hanburgesak ondoren ekarri ditu. Iraitz nahiko azkar nekatu da jacuzziarekin; hasieran bazirudien ez zebilela, botoi egokia zapaltzen ez zuelako antza. Afaldu, idatzi eta lotara. Neke neke eginda, baina eguna nahiko borobil irten zaigu. Kalean hotz dagoela dirudi, baina postaletan ez bezala, gaurkoan ez da aurora borealik ikusiko hemen.


No hay comentarios:

Publicar un comentario