2010/02/09

5.Part IV. Apirilak 6. Txangoa...


7:30tan puntuan etxeko nagusiak deitu du. Nik esango nuke atzo arratsaldean eta gauean harrera egin zigun tipo bera izan dela. Dutxatik pasa eta prest, gosaltzera jaitsi gea. Tipo bat ari zen gosaltzen, koletaduna. Gainontzeko lau mahaiak libre baziren ere, guk gure tokia prestatua geneukan, tapetetxoa, laban, koilare eta sardexka, edalontzia eta katilua…hortaz, zegokigun lekuan eseri eta tipoak, betiko tipoak, ea tea ala kafea nahi genuen galdetu eta erantzuna jasota sukaldera alde egin du. Harrigarria zen, baina mahaian soportetxo batetan, orritxo bat zegoen. Alde batetik, eguneko eguraldiaren iragarpena idatzita zegoen, bestetik, Reykjaviki buruzko testu bat. Kuriosoa.

Reykjavik, “kea darion badia” esan nahi du. Ingólfur Arnarsonek sortu zuen 874. urtean. Kondairak dionez, irlara gerturatzen ari zela, itsasontziaren masta uretara bota zuen, eta hara nora joan egur zatia, bertan ezarriko zuen bere kanpamendua. Ingólfur, Islandiako lehen kolonoa izan zela esaten da. Aurretik, Garðar Svavarsson suediar bikingoak sei hilabete egin zituen iparraldean, gaur egungo Húsavik inguruan, ekaitz batek hara eraman baitzuen. Honek hala ere, negua igarota, alde egin zuen.

8:30tan gure bila pasatzen zirela kontutan hartuta, eta dagoeneko 8:10ak zirela ikusita, gosari gutxi. Nik urdail azpiko eta gazta pixka bat, zukua eta tea. Iraitzek ordea kafearekin xigortutako ogia, gurina eta azukrearekin. Tipoak ea besterik ez genuen behar eta gu presaka genbiltzala txangoa geneukalako. Tipoak ze txango galdetu, eta “Golden Circle” esan, berak ez ulertuarena egin, eta txartela erakustean konpainia hori ez zela ona eta berak zeukan foileto bat erakutsi digu, Iceland Excursions (ie), eta irribarreen artean, hobea dela esan digu.

Guk, beharbada beste baterako esan diogu eta irten gara. 8:30tan atera gea baina ez zaigu inor bila etorri ia laurden gutxirarte. Kanpoan zai geundela tipoa atera da eta guk “it´s a bad company” esan eta barre egin du. Total, mikrobus bat pasa zaigu bila, eta BSIn laga gaitu. Iraitz komunetik pasa, eta autobusen aldera pasa gara. Mikrobus batzuen artean, bus handi bat zegoen “golden circle” errotuluarekin eta bertan sartu gea. Atzekaldetik eseri eta 9:05tan puntuan martxan jarri gea. Eguraldi majoa geneukan hasieran, hala ere, hemen haizearekin, eguraldia edozein momentutan aldatu daiteke. Mikrofonoarekin zetorren tipari ez zitzaion deus ulertzen. Ingelesa poliki hitz egiten bazuen ere, oso ahoskera arraroa zuen, eta oso zaila egin zaigu ezer ulertzea.

Hasieran, zentral geotermiko batetara eraman gaituzte: Hellisheiði Power-Plant. Reykjaviketik nahiko gertu dago. Busetik jaitsi garenean haizeak bereak eta bi egiten zituen. Fresko oso. Sartu eta eskailera batzuetan esertzen hasi da jendea, eta guk ere, goraino igo eta gauza bera egin dugu. Filmina batzuk jarri dizkigute eta bertako arduradunak txapa bota digu. Ingelesez, eta ulertzeko zaila; gainera hitz teknikoekin ari gara oraingoan…gero, pantaila ikukor batekin beste gauza batzuk erakutsi dizkigu, Iraitzek esan duen moduan minority report. Aparte, beste pantaila bat bazen azken urteetako lurrikarak irudikatzeko. Botoia sakatu eta lurrikara hori nolakoa izan zen konprobatu genezaken, bibrazio aldetik, eta zarata aldetik. Sismografo bat ere bazegoen, non indartsu salto eginez gero, grafikoan adierazita geratzen zen. Azkenean, 5 minutuko bideo batek, aurretik tipoak botatako txapa azaldu digu gutxi gora behera: Plaka tektonikoak, jarduera bolkanikoa, geotermia eta halako kontuak. Lur azpiko ura, sumendien eraginez, oso bero dago, eta hortaz baliatuz, zentral konbinatu hauek, elektrizitatea eta ur beroa ematen dute. Ur beroa, zuzenean etxeetara bidaltzen da, eta berogailuentzako ere erabiltzen da. Elektrizitatea, ur bero horren bapore lurrinak sortzen du.

Handik irten, busera berriz igo, eta Selfoss herritik pasata, Gullfoss ur jauzia ikustera eraman gaituzte. Bikaina.

No hay comentarios:

Publicar un comentario