2010/02/25

10. Part IX. Apirilak 10. Reykjahlíð-Akureyri


Gaur ere Iraitz lehena izan da. Hainbatetan esnatu naiz gauean zehar, eta 6tako argitasuna antzeman dut gortinen zirrikitutatik sartzen. Nahiz eta apirila izan, egunak oso luzeak dira, noski hain iparraldera egonda, geroz eta ekainetik gertuago, geroz eta egun luzeagoak. Atzo, esaterako, ia 9:30tako ilundu zuen
. Hemengo urak ere sulfuro/puzkar usain hori dauka. Egia esan, ez da oso erakargarria, baina rato bat daramazunean, ohitu egiten zara.
Jaitsi gara gosaltzera. Gu bakarrik ginen, eta bakarrik diodanean, bakarrik da; ez zegoen ezta bertakorik ere. Nahi izanez gero whiskia edota vodka gosaldu ahal genuen, barrara sartzeko ez bait zegoen inongo oztoporik. Barra gainean, edari eta papeo guztia, nahi genuena hartzeko. Nola nabari da beste gizarte mota bat dela…bertakoek konfiantza osoz, giltza lagatzen dizute nahi duzunean azal zaitezen, ez dizute inolako karnetik eskatzen harreran, kafea edo tea hartzeko libre zara…eta postalak hartu genitzakeen nahi izanez gero, ez bait lirateke konturatuko…baina jende jatorra garenez, ez dugu deus lapurtu. Gosaldu dugu ba, leihotik jendea laku izoztuaren gainetik eskiatzen ikusten genuen bitartean. Ez dut orain aipatu, baina Mývatn izena “My” (eltxoak) eta “vatn” (lakua) hitzetatik dator, hortaz, eltxoen lakua dela esan genezake. Hala izango da udaran, ze orain, nahiz eta udaberrian egon, intsektu gutxi (eta eskerrak).


Gelara igo gara trasteak jasotzera (gauza gutxi, eskuko ekipajearekin bidaiatzera ohitu gara dagoeneko), jaitsi, eta pagatzeko unean, orduan bai, bertakoei abisua eman behar izan diegu. Ordaindu, eta tipak ea nondik joateko asmoa dugun galdetu digu, ekaitza omen datorrelako. Guk Húsavik aldera joan nahi dugula, eta badaezpadan PCan begiratu nahi izan du. Eguraldiaren berri ba ote genuen galdetu digu, eta guk ezetz; soilik errepideen egoeraz jabetu garela. PCa piztu du eta ekaitzarena beharbada bihar izango dela irakurri dugu. Gu lasai orduan. Tipak, hala ere, bertan daramazkin zazpi urtetako negurik gogorrena izan dela esan digu. Honen irakurketa azkarra: latinoagoak bagina, azkar asko ordaindu gabe joan gintezkeela.

Agurtu, autoan sartu, eta Húsavik aldera 87. errepidetik. Hasieran, elurra errepidea estaltzen hasi da haizearen ondorioz, eta beldur pixka bat sartu zait, baina ez da arazorik izan. 50 kilometroak nahiko azkar egin ditugu. Dena dela, iristear ginela euria hasi du, gogor gainera. Euripean, Húsavik herri fantasmaren itxura du. Dena itxita, jenderik ez kaletik, eta trafiko oso urria. Eliza bera ere itxita, eta banderak masta erdira.


860. urte inguruan, lehen kolono bikingoa, Garðar Svavarsson suediarra, hona iritsi zen. Garðarrek Zeelandan lurrak zituen eta Hebridetako emakume batekin ezkondua zegoen. Bere emaztearen aitaren herentzia erreklamatzera zihoala, ekaitz batek bere bidetik desbideratu eta Islandiaraino eraman zuen. Hark sortu omen zuen Húsavik. Paseotxo bat eman dugu, euriak gehiegi izorratzen ez duela aprobetxatuaz, eta nabarmentzeko gauza pare bat soilik: baleak ikuskatzeko txangoak non kontratatzen diren ikusi dugu (erabat itxita noski) eta “phaloteka” (ugaztunen zakil museoa). Phaloteka hau ere itxita egoen, baina 12ak aldera bi auto ailegatu dira, batetik bikote bat jaitsi da eta bestetik atea zabaldu dien gizona. Aldez aurretiko bisita pribatua ote?





Autoa berriz hartu, eta iparraldera. Ásbyrgira ailegatu garenean, gasofa bota eta parke honetan sartzen saiatu gara. Ásbyrgi, Jökulsárgljúfur Parkearen barruan dago, eta Jainkoen Gordelekua esaten zaio. Zaldien ferra forma duen kanoi honek ia 3,5 kilometrotako luzera du, eta kilometro bateko diametroa. Eyjan (uhartea) izeneko
25 metro altuera dituen arrokazko mendate batek bitan banatzen du kanoia. Glaziar aroan, egun bi kilometrotara igarotzen den
Jökulsá á Fjöllum errekak sortu zuela esaten dute hontaz dakitenek. Hala ere, Sagen herrian, kondaira ugari dago inguru honi buruz: Odinen zortzi hanketako zaldiak, Sleipnirrek, bere oin baten marka hemen utzi zuelako omen du daukan itxura. Bestalde, “ezkutatutako herriaren” (huldufólk)
hiriburua dela esaten da, amildegietako zuloetan bizi direla…eta egia esan, presentzia arraroren bat nabaritu dut gure paseoa zelatatzen…

Elurra zela eta, autoa ahal izan dugun lekuan utzi dugu, beste baten inguruan. Ez da inor ikusten baina jakin badakigu norbait badagoela auto pare bat badirelako gertu, baina gizakirik bistan, ez. Ordu bete baino gehiago egin dugu oinez, elurra eta izotzaren gainean. Haizea nahiko nazkagarri jotzen zuen, baina euririk ez dugu izan behintzat. Toki ikaragarria da, are gehiago goitik ikusita, lastima gaineko ikuspegia argazkietan soilik ikusi ahal izatea.


Asbyrgiren bi ikuspegi. Goian kanoia, behean Eyjan


Autora itzuli, berotasuna eskertu, eta Dettifoss ikusten saiatu gara, baina atzo elurragatik itxita zegoen errepidea, gaurkoan ere, goitik itxita azaldu zaigu. Ikusi dugunaren arabera, errepidea garbi zegoen, baina nork daki noraino. Kartelak itxita zegoela esaten zuen behintzat. Beste urte baterako. Xedea aldatu dugu orduan, eta irlako punturik iparraldeena bisitatzea erabaki dugu. Bide horretan, Kópasker herria bisitatu dugu. Kuriosoa da, eliza paretik pasa garenean, zelai batetan, “matanza de texas”eko pertsonaien panpinak zeudelako. Panpinak bai, jenderik ordea deus ez.

Herrian sartu gara ea superren bat edo topatzen genuen, eta ez…baina aldiz, ilusio handia egin didan irudia aurrez aurre topatu dut. Hona etorri aurretik, eguraldia eta errepideen berri izateko, web-cam ezberdinekin konektatzen nuen, eta haietako batetan, Kópasker herriko kameran, kai ondoan, MAN trailer urdin bat ikusi izan dut egunetan zehar, elurtuta eta egunetan lekutik mugitu barik. Ba kamioi hori topatu dugu, eta ez hori bakarrik, ditxosozko web-cam delakoa ikusi dut, ezin ekidin, eta argazki bat bota diot. Txorrada bat da, baina zer egingo diogu…

Martxan jarri berehala, eta iparralderantz. Egia esan, esperotakoa baino zailagoa izan da. Errepidea ez zen oso eramangarria, zati askotan asfaltatu gabekoa zen, eta trafiko gutxi egoteaz gain, eguraldia nahiko zitala zen, lainoa, hotza eta euria, eta ikusteko gutxi. Hortaz, 15:30tan pixa egiteko geratu, eta bide batez buelta erdia eman dugu. Buelta azkarra egiten saiatu naiz. Egia esan, ordu erdian ez dugu beste autorik ikusi, eta Húsavikera ailegatu garenerako, orotara ez dakit dozena erdi bat auto ikusi ditugun ere. Total, Húsavik atzean utzi eta berriz ere 1 errepidera joan gara. Gure helburua Goðafoss. Hala ere, pasa egin gara, eta laku izoztu batetan geratu gara, Ljosavatn. Bertan Iraitz bere bizitzan aurrenekoz, laku baten uren gainetik ibili da, eta ez hori bakarrik, izotza izorratzen saiatu da, harrika, saltoka…baina ezin. Izan ere, elurretako motorren arrastoak antzeman daitezke, hots, gogorra behar du izotzak.


Panel batetan, Goðafoss kontrako norantzan kilometro pare batetara dagoela ikusi dugu. Buelta erdia beraz, eta horrelaxe, bost minututan Goðafossen geunden.


Aparkalekua elurrez lepo, eta beste auto bat bertan; hala ere gu autotik jaitsi garenerako, alde egin dute. Ikaragarri ederra dago ur jauzia, are gehiago ingurune guztia elurtuta dagoela…Ari Þorgilsson XI-XII. mendean bizitako kronika biltzaileak Íslendingabóken (islandiarren liburuan) bildutako kondaira batek dioen arabera, 1000. urte inguruan, Alþingian, Islandiak zein erlijio izan behar zuen eztabaidatu zuten, norvegiar jatorriko paganismoa ala kristautasuna. Arazoak zeuden pagano eta kristauen artean eta azken hauek haien “lege esatari” propioa izatea proposatu zuen. Þorgeir Þorkelsson Ljósvetningagoði lege esatariak, egun eta erdiko meditazioaren ondoren, kristautasuna izan behar zela erabaki zuen, nahiz eta berau apaiz paganoa izan (goði). Erabakia bakea mantentzearren hartu zuen, eta guztientzat lege bakarra izateko. Þorgeir bera kristau egin zen eta Alþingitik bueltan, jainko paganoen irudiak ur jauzi batetan bota zituen: Goðafossen. Kristautasuna besarkatzeak hala ere, ez zuen suposatu paganismoaren galeraztea, baina praktikan esparru pribatura mugatu zen. Bost minutu ur jauzian, eta Akureyrirantz.

19ak aldera ailegatu gara Akureyrira. Akureyri, fiordo batetan kokatuta dago; Islandiako iparraldeko hiriburua da, eta 17.000 biztanle inguru ditu. Hain iparraldera egonda, eguraldia ez da uste bezain hotza, ur korronteak direla eta; horregatik ere, bere kaiko urak ez dira sekulan izozten.

Iritsi gara ba, eta buelta gehiegirik eman gabe, Akureyri Hotel ikusi eta bertara joan gara galdetzera. Prezio onargarria iruditu zaigu, 13500 IKR, baiezkoa eman, eta gauzen bila joan gara. Gelak oso itxura ona du. Kalera ematen duen atea dauka. Komunetik pasa, eta herrira. Oinez hasi eta bost minututara, jendea malda gora zihoala ikusi dugu, eta megafonia hotsak entzun ditugu. Gu ere maldan gora hasi (gaur Ostiral Santua izateak akaso zerikusirik izango ote du?), eta derrepentean, slalom pista inprobisatu bat malda erdian eta lehiaketa bat. Jende pila dago, eta partehartzaileak ere dezente. Rato batez ikusten aritu, eta alde egin dugu. Inguruan katedrala dago; modernoa da, Reykjavikekoa egin zuen arkitekto berarena omen. Modernoa izan ahala, nahiko ikusgarriak dira, bai bata baita bestea ere, nahiz eta Reykjavikekoaren dorrea obretan egon.



Zentrora jaitsi, oinezkoen kaletik ibili, nahiz eta inor ez dabilen, eta dendak ikusi; denak itxita nola ez. Herriari buelta eman diogu ba, peatonaletik udaletxera, zinemak, portua eta buelta. Tenperatura, 0º. Italiar bat ikusi eta bertan sartu gara. Kriston banketea. Normala, goiz goizetik ez baitugu fundamentuz jan. Iraitzek esperientzi berezia izan du haur batzuekin komunean, haiek jostatzen, eta Iraitzek ezin pixa egin…Total, afaldu, 10/11tik pasa gauerako edariak erostera eta hotelera. Idazten aritu, irakurtzen, telebista…Ea bihar zer eitten dugun


Akureyri herriaren hiru ikuspegi.


No hay comentarios:

Publicar un comentario