2011/02/23

Hilak 9. Hamabigarren zatia

Gauean zehar A hotzez esnatu da; manta bat pasa diot eta dena hobeto joan da. Gosaria oso ona izan da gaurkoan; fruta plater bat lima, pinaburua eta papaiakin, guaiaba zukua, kafea, bollok gurinarekin, bizkotxoa…primeran.

Goizeko 10ak dira etxetik irten garenean. Ez dago bart botatako euriaren arrastorik; bero eta lehor dago. Egin dugun lehenengo gauza, CADECAra joan, xoxa batzuk aldatzera. Kristoren kola zegoela ikusita, paso egin dugu. Beste batetan etorriko gara.

Atzoko dantzaldiko plazan, gaur ez dago gaztetxorik, izan ere astelehena da eta jendea bere zereginetan atzera eta aurrera dabil. Izkin batetan, lore postuak daude…dirua aldatzearena, lehen esan moduan, gerorako laga, eta memoriala eta trenaren artean, trena aukeratu dugu aurretik ikusteko.

Maceo kalean behera, Bulebarra omen dago, eta handik eskuinera…erabat galdu gara baina. Arraroa, baina gertatu da. Neska bati galdetu diogu eta hark ezta ez zekien; dena dela, beste bati galdetu dio. Esan digutenez, kale nagusi hartatik jarraitu behar genuen baina kontrako norantzan, ia dorre batzuk topatu arte; orduan Sandino kalea hartu eta amaierararte.

Esandakoa bete dugu, zubi bat pasa eta Sandino kalea hartu dugu (galdetu ondoren noski). Janari postuak ikusi, beisbol estadioa…eta azkenean trenbidea topatu dugu; beste bati galdetu ostean, nola ez. Blindatutako trena trenbidetik gertu behar du derrigor, eta hala da. Zubitxo bat pasa eta bertan topatu ditugu bagoiak. Oso xumea da. Eskultura handi bat dago, lau bagoi handi eta plataformako beste bat. Sarrera pagatu dugu eta bertako emakumeak azalpenak eman dizkigu, nahiz eta argazki eta panelekin nahiko argi zegoen dena.

Blindatutako trena, Santa Clarako batailako adierazlerik garbiena da. 1958ko abenduan, matxinatutakoek Batistaren esanetara zegoen Kubako armadari bere biziko kolpea eman ahal izateko, ekialde eta mendebalde arteko komunikazioa eten behar zuten. Horretarako, Santa Clara oso garrantzitsua zen, irlaren erdialdean baitago kokatuta. Hainbat zubi eta errepide moztu ondoren, trenbidea etetea lortu zuten matxinatuek, eta horrela, armaz beteta zihoan blindaturiko trena indargabetzea lortu zuten. “Ché el Argentino” pelikulan gertakari hori ondo islatzen da.

Tren horren arrastoak dira gaur egun bisitatu daitezkeenak, plataformako bagoia izan ezik. Hura aldatu zuten, orijinala zurezkoa baitzen eta usteltzen hasia baitzegoen. Gainontzekoa, orijinala.

Tipak azalpenak oso ondo eman dizkigu, eta ondoren, harekin ordu laurdenez, Ché-ri buruz aritu gara hizketan.

Bagoietan, armak eta garaiko tramankuluak zeuden erakusgai. Azken bagoian ordea, artista batek Ché-ren irudiekin osatutako erakusketa zegoen. Irudiak, Kaparen argazkian oinarrituta bazeuden ere, artistak, material ezberdinak erabiliaz egin ditu, papera, tabakoa…

Hauexek Ché-ren erretratuak



Herenegun Jorgerekin gertatu moduan, agurra nahiko hotza izan da; hizketan zein ondo geunden ikusita…noski, gu beste turista batzuk besterik ez gara.

Trenaren erakusketatik alde egin dugu, berri txar batekin. Gaur, astelehena, Ché-ren memoriala itxita dago. Hortaz, dena birplanteatu beharko dugu. Ez du zentzurik bihar goizeko 7:40tako busa hartzeak; Viazulera joan beharko dugu aldatzera. Baina beno, egingo dugu.

Trenaren museotik aurrera, Casto Solano euskal artistak eginiko Ché-ren eskultura ikustera joan gara eskualdeko PCCren egoitza ingurura. Brontzez eginiko eskultura honetan, Ché azaltzen da, haur bat besoetan daramala. Handik atzerako bidean, tipo gazte bat hizketan hasi zaigu. Ingeniaritza ikasten ari omen da, eraikinen argazkiak interesatzen zaizkio eta posta elektroniko bat eman digu. Arraro samar iruditu zait tipoa, baina beno.

Independencia kalea topatu dugu, oinezkoentzat moldatuta, eta bertako bizitasuna ikusi dugu; dendak, tabernak, jendea aurrera eta atzera…Liburu denda batetan sartzea otu zaigu orduan; “Viet Nam”. Liburuak begiratzen ari ginela, tipo bat hurbildu eta kristoren txapa bota dit; honetaz aritu zait gutxi gora bahera: 40 urte omen daramazki irakurtzen eta liburu sakonekin kokoteraino omen dago. Ez du Alejo Carpentier, Herman Hesse eta antzekoen libururik irakurtzen segitu nahi. Tontakeriak irakurri nahi ditu, eta horregatik edozein egunkari zahar edota “prentsa arrosa”ko aldizkariak nahi ditu. Ez dela kontrairaultzailea baina egi ofizialetik at zer dagoen jakin nahi duela esan dit. Araban bi lagun omen dauzka, eta haiekin liburuak elkar trukatzen dituela kontatu dit. Ia ordu erdiko txapa eman ostean, liburu-dendako neskak keinuka hasi dira eta tipoak alde egin du, hori bai, bere helbidea emanda, zeozer bidali diezaiodan…

Dendakoek orduan, tipoa egunero bertatik pasatzen dela, medikua izandakoa dela eta ez dabilela burutik oso sano esan didate. Halako zerbait behar du “esta librería es peor que la de la otra calle” etengabe esaten ari denarentzat. Burutik sano ez, ala konpetentziakoa; bitatik bat.

Liburu dendatik irten eta CADECAra joan gara, etxera deitzeko aprobetxatu dugu, eta oinez abiatu bagara ere, azkenean, bus geltokira taxiz joatea erabaki dugu. Bus geltokira iristean, itxaroteko esan diogu taxilariari, berehalako kontua izango baita.

Sartu gara ba, eta atzoko gizon bera zegoen Viazuleko postuan. Bihar goizeko txartelak aldatzeko arazorik ote zegoen galdetu, eta problemik ez zegoela. Hori bai, arratsaldeko busa hartzean, Varaderon gaua egin beharko dugu.

Zentrora itzuli gara taxian, eta ostatuko emakumeari aldaketen berri eman diogu eta hark horrela hobe dela esan digu…Dena ondo beraz. Paseoan jarraitu dugu orduan. Egia esan, planak aldatzean, putadatxoa da zer egin ez dakizula ibiltzea, bina gutxi gora behera ez zaigu txarto joan. Bihar, plazan topatu dugun tipo batek eskainia, tabako fabrika bat ikustera joango gara, 13ak eta 15ak bitartean.

Plazan eseri gara, kakahueteak, “vaca que rie” eta txokolate pixka bat jatera, ze Bulebarrean ez dugu toki deigarririk topatu jateko. Gaztatxoekin hasi berritan, bi buhonera azaldu zaizkigu. Nik bati gaztatxo bat eman diot, Ak besteari. Batak “bere bilobarentzat” gorde du, baina besteak, zabaltzen zuen bitartean, zer zen galdetzen zuen…eta jan ondoren, bere bilobarentzat beste bat ematea nahi zuen, Ari “tengo una nieta blanca y rubia como usté” esaten zion bitartean. No comment.

Lainotzen hasi, bankuan eserita geundela, baina ez du deus bota.

Interneten ibiltzera joan gara orduan. Garan bi zerrenda atzera bota dituztela, TAUk GBCri kriston jipoia eman ziola eta errealari garaipena lapurtu ziotela larunbatean irakurri dugu.

Ordu betea igaro denean, afaltzeko zeozerren bila aritu gara, eta plaza inguruan pizzeri bat topatu dugu zabalik. Pizzek Belgradekoen antza zuten, masa lodia eta biguna. Garagardoa hartu dugu laguntzeko, Polar; Cristal eta Bucanero baino merkeago gainera. Bazebilen jendea pizzerian. Hori bai gortinak itsusiak eta leihoak Kristo bat eginda. Sugandilen bat ikus zitekeen egur artetik sartzen…11 CUC pagatu ditugu afariagatik, eta izozki denda batetara joan gara postre bila. Nestléko bi zera hartu, eta tipari ea Kubako pesoak emango ote zizkigun galdetu diogu, ze azkenean zinemara joatea erabaki dugu, eta sarrerak Kubako pesotan pagatu behar dira. Esan digutenez, sarrerako peso bana pagatu behar da, baina badaezpada, tipak 4 peso eman dizkigu. Izozkia jan, eta 19:30tan zineman ginen.

Sartu, eta egurrezko aulkiak kanpotik antzeman zitezkeen. Aretoraino ailegatu eta antzoki bat dela ikusi dugu; eserleku pila ditu, eta oholtza gainean musika instrumentuez eta aulkiez gain, bideo pantaila erraldoia zegoela ikusi dugu; garai batetan Video Club Pasaikoak zeukanaren antzekoa. Sartu garenean, bideo klipak ari ziren botatzen, Eros Ramazzotti + Anastacia, Paulina Rubio…eta ordua iritsitakoan, pelikula: “El cuerno de la abundancia”. Kubatar komedia kostunbrista bat, Jorge Perugorriarekin, nola ez. 10-12 bat ikusle geunden; aulkiak ez ziren oso erosoak, eta soinua batzutan ez zen, ezta ere, oso ona; baina ondo pasa dugu, eta Santa Clara bezalako hiri batetan zinemara joatea zer den ere ikusi dugu. 21:15tako zinematik irten, eta poliki-poliki ostaturantz. Eguraldia primerakoa.

Bihar goizeko 8tako gora, memorialera joan behar dugu eta. Ondoloin!!

2011/02/15

Hilak 8. Hamaikagarren zatia.

A, 6:20tan jaiki da. Nik galtzerdi eta guzti egin dut lo, zirimolak hotza eragiten zuelako, eta korronte erdian ginelako. Ura moztu dutela eta, Ak xaboia kamixetakin kendu behar izan du…beno, ba gaur goizean ez dut dutxarik hartuko. Trasteak jasotzen hasi eta gosaltzera igo gara. Tipak kafea prestatzen utzi duen tartean, ogia erostera joan da; hala ere, azkenean azkar samar ibili behar izan deu. Atzo goizean guaiaba zukua jarri zigun, gaur berriz papaiakoa. Oso onak biak. Ogia ordea ez da batere ona, oso mami gutxikoa; ezin zaio gurina ondo jarri. Hala ere, eztia primerakoa dago. Bukatu, motxilen bila jaitsi, zeozer “nahi gabe” utzi (dutxako gela esaterako) eta igotzean beltzaranak zintzilik zegoen barruko arropa tolestuta eman digu. Agurtu, txartela bere helbidearekin poltsikoan gorde, eta autobus geltokira.

Buelta luzeegia eman dugu, baina iritsi gara; Cienfuegoserako txartelak konfirmatu, eta Viazulen igo gara. 7:45tan irten da busa. Dena dela, hiritik irten eta berehala, buelta erdia eman behar izan du, Santiagora zihoazen eta autobusez konfunditu diren 3 pertsona jaitsi zitezen. Hala ere, bi ordutan egin dugu ibilbidea. Cienfuegosera iritsi aurretik gasolioa botatzera geratu da; litroa 1$.


Hortaz, 9:20ak inguru ziren Cienfuegosera ailegatu garenean. Orduan okurrentzia izan dut; zergatik ez dugu hartzen arratsaldeko busa Santa Clarara? Ia egun osoa dugu Cienfuegos ikusteko, eta busa arratsaldeko 5tan da…eta halaxe egitea erabaki dugu. Bus geltokitik irten eta jendea koñazoa ematen hasi zaigu, guk ez genuela lotan geratzeko asmorik eta orduan ea taxirik behar genuen…en fin. 56. kaleak, momentu batetan, bulebar batekin topo egin, eta kalez aldatu dugu orduan. Orkestra bat dago bulebarrean jotzen, eta pureta batzuk dantzan. Denda bat ikusi eta bertan gela eta arropa zintzilikatzekoak erosi ditugu. Berehala, oinezkoentzako kalea topatu dugu. Kalean gora joan gara orduan, eguraldi ederra dago eta igande goiza izan arren, giro aparta kalean eta dendak eguerdirarte zabalik.

Hor goian, jendartean, orkestra bat dago, zin dagizuet.

Jose Marti parkera ailegatu gara, bertan, Tomas Terry antzokia, escuela San Lorenzo, udaletxea eta beste eraikin maiestatiko. Denda batetan sartu kartulina eta zigilu gehiago erosi, eta pote bat hartu dugu, idazteko aprobetxatuz. Handik, oinezkotik behera, bulebarrera berriz eta eskuinera, kalean behera malekoira ailegatu garen arte.


Etxea eskainiz etorri zaizkigu, paseoak…malekoia ez zait hainbesterainokoa iruditu, baina beno. Bukaeraraino, Punta Gordaraino, ailegatu gara eta Valle jauregian muturra sartu dugu.


Oso eraikin kuriosoa da; XX. Mende hasieran eraikia, estilo ezberdinak uztartzen ditu, baina nagusia mudejarra da. Horrek edertasun berezia ematen dio. Goraino igo gara, argazkiak atera, eta zintzilik zeudenak ikusi ditugu. Jaisterakoan neskato bat zuriz jantzita ikusi dugu. “Puesta de Largo”rako jantzita zegoen antza, eta argazki/bideo erreportajea egiten ari ziren.


Tripa zorriak martxan dagoeneko, jauregi pareko burger batetan sartu gara. Bertakoentzat zirudien arren, jaten eman digute. Bi hanburgtar bikoitz gaztakin eta bi edari, 5,05 CUC. Primeran.

Handik irten, eta kalean kristoren beroa. Malekoian gora gindoazela, jaistean ikusi dugun frontoira hurbildu gara argazkia botatzeko. Bulebarrean gora, Jose Marti parkera itzuli gara, Tomas Terry antzokiko tabernara berriz. Ondo eseri, eta postal gehiago idatzi ditugu.


Alde egin dugunean, komuna zaintzen duen tipak A agurtu du…esanguratsua oso. 15:15tan bus geltokirantz abiatu gara. Iritsi garenean ez zegoen inor Viazuleko bulegoan. 16ak aldera azaldu da tipo bat. Santa Clararako bi txartel eskatu ditugu orduan eta berehala eman dizkigu. 16:55tan irteten omen da zehazki.

Halako batetan Viazul bat ailegatzen ikusi dugu eta irten gara, baina ez, Santiagora doana da. Gurea 5 minutu beranduago iritsi da, eta barruan zer topatuko eta Trinidaden ikusitako familia; bikotea bi neskato ilehori eta haur txikiarekin. Busean sartu eta atzealdetik eseri gara.


18:15rako behar genuen Santa Claran, eta halaxe izan da. A komunetik pasa, eta geltokiko arduradunari ea Varaderorako busak nola dauden galdetu diogu. Azkenean etzirako hartu dugu erretserba, goizeko 7:40tako busean. Beranduago beste bat dagoela esan digu tipoak, baina beno.

Geltokitik irten, eta tipo bat etorri zaigu, desesperatu itxurakin lo egiteko lekua eskainiz, topatzen genuena baino merkeago egingo zigula esanez. Guk bagenuela esan, eta berak insistitu. Alde egin dugu handik taxi bat hartuta, Maceo kalera joateko, Aren zerrendako lehenengo alojamendura. Taxi ofiziala izan arren, taximetrorik ez. 3 CUC kobratu dizkigu. Etxera ailegatu gara eta atzokoarekin zer ikusirik ez. Garbi, moderno, eroso…afaria bertan egingo genuela erabaki dugu eta ea zer jan nahiko genukeen galdetu digute. Azkenean entsalada eta arroza frijoleekin hartu ditugu, zukua edateko eta flana postre gisa. Ondoren tea eta kafea. Oso ona dena. Prestatu eta kalera irten gara buelta bat ematera. Igande gaua dela kontutan izanda, jende andana dabil kalean, gaztetxoak litroak egiten eta dantzaldia plazan. Burguecentro izeneko garito batetan eseri gara bi zerbezekin (2 CUC) eta hor eserita jendeari begira egon gara, bizitza pasatzen ikusten. Euri zaparrada itzela bota du derrepentean. Giroa lasaitu denean, etxerako bidea hartu eta A lotara; ni idaztera. Portzierto, dantzaldian, Scorpions jarri dute, eta ondoren Rafaella Carrá…23:30ak dira, bihar 9tako gora. Chéren mausoleoa ikustea tokatzen da. Negar egitea alegia. Gabon.