2010/02/08

4. Part III. Apirilak 5. Islandiara bidean, Stansted atzean lagata.

Oso eroso eta azkar egin dugu ibilbidea. Gozada bat da garaiz, presarik gabe iristea. Ze fakturazio garito dagokigun begiratu, eta horreur, gaztetxo pila. Bi eskolatako gaztetxoak ikasketa bidaian Islandiara. Total, 25E eta 25F eserlekuak eman dizkigula tipak, leihoa edo pasilloa nahi genuen galdetu ostean. Segurtasun tartea pasa deu arazo handirik gabe nahiz nik bota bat askatu dudan jendeak oinetakoak kentzen zituela ikusita. 3. atea dagokigula ikusi deu, eta haraino ailegatzeko trentxo bat hartu behar dugula. Hori konprobatu ostean, gosaltzera joan gea. Mahai bat libre ikusi deu hango zera batetan eta bertan gauzak laga eta zer jan erabakitzeko barrara joan gea. Azkenean aurpegi serio duen tabernariari saltxitxadun eta hirugiharradun sandwitx bana eskatu, gehi oso ona ez omen zegoen kafesnea eta birra bat. 11,15 libra. Dirua geratzen zitzaigunez, primeran. 11:30ak pasiak zirela, enbarke gunera joan gara.

Trentxoa hartu, aurreneko geltokian jaitsi eta 3. aterantz. Aurretik txanpon batzuk edatekotan gastatu, eta komunetik pasa gea. Itxaron gunean eseri, eta bideo kamerarekin, festival del humor hasi deu, irakurtzen ari zen jebi batekin eta “Cristobal Colon”ekin. Eskoletakoak beranduago agertu dira, eta gure aurretik sartu. 25. filan zegokigunez, abioia aurretik atzeraino zeharkatu behar izan deu, haurren tartetik. Ondoan, humorista itxura zeukan (hala zion Iraitzek behintzat) gay bat jarri zaigu, bere bikotea atzeko filan jarri delarik. Ondoren, atzeko filan tokia zegoela eta, hara pasa da, eta eskerrak, horrela hankak jartzeko tarte gehiago izan baitut. Lo hartzen saiatu gea baina ez da oso erraza izan. Gaztetxoak gerrikoa askatzerik izan dutenetik atzera eta aurrera ibili baitira zalaparta itzela sortuaz eta horrela hiru ordu behar dute izan!! Eskerrak puntual atera den behintzat; 12:45tan puntuan gurpilek lurra ukitzeari utzi diote.

Hegaldia luze samar egin zaigu, niri behintzat bai, eta bizkarrean min pixkat nabaritu dut. Aurreko filako gaztetxoak begira harrapatu ditut esnatu naizen batetan…azkenean Islandia ikusten hasi gea leihatilatik. Ez da elur askorik antzematen, kosta aldean behintzat ez. Berderik ezta ez da ikusten.



Hogei minutuko aurrerapenaz iritsi da hegaldia. Inguruan ikusten dena nahiko inhospitoa, lur antzuak dira. Lehen esan bezala, belarrik apenas, sumendi harriak dira gehienak. Aireportuko terminalaren itxura ez dago txarto. Modernoa eta txikia da. Gure poltsak 19 eta 20. lerroei dagozkien poltsa-gordetze konpartimenduetan sartu behar izan ditugunez, gaztetxo guztiek alde egin duten arte, lasai asko itxaron dugu gure eserlekuetan eserita. Azkenean gauzak hartu eta irten egin gara. Terminaleko barruko diseinua nahiko majoa, zurezko lurra, harrizko estruktura…Iraitz komunetik pasa eta azkenetarikoak izan gara pasaporteen kontrola igarotzen. Tipoak “halo” esan eta pasaportea ikustean “hola”. En fín, Alicante, Jerez eta Bartzelonako hegaldiek zelako mina egiten duten!!

Poliki-poliki irten gara beraz. Oso trafiko gutxi aireportuan. Maletak jasotzeko gunetik igaro garenean eskanerretik pasarazi dizkigute gure eskuko zorroak. Dena O.K.

Voucherra aterata, Flybuseko mostradorera joan gara, eta txartel bakarra eman digute, biontzat, Reykjavikera joateko, 3400 IKR (21€) biok. Edozein hegaldi iritsi eta 45 minutura autobus bat irteten da hiribururantz. Tipa oso lehorra izan da portzierto. Kalera irten gea beraz eta fresko samar zegoen. Zeruak ez du itxura txarrik, baina haizea freskoa da. Maletak busaren behealdean gorde, BSIra goazela esan, eta busera igo gea. Ez da jende askorik igo. Terminala utzi deu eta errepide nagusia hartu deu hiribururantz. 50 kilometro omen, baina nahiko azkar egin ditugu. Laburra egin zait behintzat.

Goian, Keflavik aireportuko terminalaren eraikina, behean, Reykjavikerako bidearen bista bat.

Paisaia, esandakoa, antzua; zuhaitzik ez, berderik ia ere ez. 45 minutuak pasata BSIra ailegatu gea. Bertatik katedralaren dorrea ikusten zen, andamioak estalita; zoritxarrez obretan omen dago. Bus geltokian, oso jator, emakume batek biharko Golden Circle txangorako txartelak saldu dizkigu, 9800 IKRtan bakoitza. Prezio bera da hotelean jaso edo oinez bus geltokira joan eta busa bertan hartzeagatik; horregatik, 8:30tan hoteletik bila pasako zaizkigu.

Golden Circle, Reykjavik hiritik gertu dauden hiru atrakziok osatzen dute: Gullfoss ur jauziak, Geysirrek eta Þingvellir parkeak.


Goian, BSI, Reykjavik hiriko autobus geltokia.

Txangoarena konponduta, hotelerantz joan gea. BSI dagoen kalean eskuinerantz, eta zeharkatzen duen lehen kale nagusian behera. Laugavegur kalea topatu, Reykjavikeko merkatal kalerik garrantzitsuena, eta eskuinera. 5 bat minututan Phoenix hotelean geunden.

Tipo xelebre bat dabil errezepzioan. Ingelesez oso azkar hitz egiten duen arren nahiko ondo harrapatu diogu. Txartela atera, ordaindu, eta tipoak paper bat atera du nik sinatzeko, horren arabera, inork gelan erreko balu, 500 U$Dko isuna pagatu beharko nuke. No problem.

Eroso jarri, komunetik pasa, zeozer jan, eta kalera. Aipagarria, iturriak zabaltzean hedatzen den usain nazkantea. Puzkar usaina, sulfuroaren ondorioz omen da, nahiko normala hemen. Tipoak hiriko plano bat eman digu, eta horren arabera mugitu gea. Laugavegur kaletik behera, gero eskuinera, eta lehen etorritako kalea jarraikiz, itsasora. Haizeak jotzen du, eta nahiz eta trafikoa nahiko mugitua izan (espero nuenerako), dena nahiko lasai.


Reykjavik, Islandiako hiriburu eta hiri handiena, mundu osoko iparraldeen dagoen hiriburua da. 120.000 biztanle inguru ditu, 200.000 inguruko herriekin. Iraitzek hitz batekin definitu du Reykjavik: Arraroa. Eta ni ados nago. Arraroa da bai. Kriston bistak dauzka. Ontzi bikingoari argazkiak atera dizkiogu, gure inguruan zebiltzan beste giri batzuen antzera. Eskulturaren izena “Eguzkiaren Itsasontzia” da, Jon Gunnar Arnarsonek egina. Pixkanaka herri barrura sartu, eta eraikinak kuriosoagoak dira, Iraitzen arabera Alaskan antzekoak. Giroa ere antzekoa, freskoa eta soso samarra. Liburu-denda erraldoi baten sartu gea. Hemen liburu-dendak berandurarte egoten dira zabalik, kultura eta bizioa maisuki nahastuaz. Liburu-dendan nahiko denbora igarota, eta deus erosi gabe, kalera. Zentroko lakura, Tjörninera, ailegatu eta euri ttanttak botatzen hasi da. Parlamentuko etxea harrikatua ikusi deu, ondoan kirke (eliza) arraro bat…alde zaharrean geunden antza. Oinez buelta eman eta euria eta gosea zirela eta, Tabasco izeneko jatetxe batetan sartu gea. Papeo mexikarra (pikantea berriz, bart bezala), oso ona dena. 8450 IKR pagatu ditugu (52,35€). Kanpoan bitartean, euri ttanttak. Afaltzetik irten Santanarekin kokoteraino, eta Laugavegur harrapatzera joan gea, bidean super bat topatu, eta hortzetakoa erosi deu, gehi biharko txangoan kontsumitzeko gailetak eta edariak. Dendaren frontean, beste liburu-denda bat. Deigarria iruditu zaigu, alde batetik ingelesez dagoen liburu kopurua, eta bestetik, 300 mila biztanle pasatxo dituen herrialde batetan, nolako inbertsioa egiten duten liburuen itzulketan. Aipatu, Islandian, Koroa Islandiarra erabiltzen dutela (IKR), eta bidaian zehar, dibisa aldaketa, 160-170 IKR/euroko zen.


Goian, "eguzkiaren itsasontzia", behean Tjörnin lakua, eta "alde zaharreko" etxe bat.


Hemen beranduago iluntzen du. Ia 21tako oraindik argia dago, eta sasoi honetan, egunero eguneko argitasuna 5 minutuz luzatzen da. Afaltzetik irtenda, sirimiria bazen ere, nahiko eramangarria suertatzen da. Laugavegur kalea topatu deu azkenean, eta bertan, aldez aurretik koadernoan apuntatua neraman “11” taberna topatu dugu; itxita. Ez da hala gertatu Dillon tabernakin. Eskailerak igo, barrara zuzenean, eta bi garagardo eskatu dizkiogu “aurpegi alaiko” tabernariari. 1500 IKR Thule pinta biak.

Argi gutxi tabernan, hala ere, kandelatxo bana jarri ditu “alai” jaunak mahai bakoitzean, oso gutxi argitzen zutenak portzierto. Aurreko mahaian kamuflajezko galtzak zeramazkien jebi handi bat zegoen eserita, neska batekin; atzekoan bizpahiru hizketan, eta atzeko txokoan, mahai gainean lauzpabost edalontzi huts zeuzkan mozkor nahiko heldu bat. Egia esan, taberna jebi bat zela uste nuen, eta nahiz eta tabernariak nahiko txima luzeak eraman, eta bezeroen artean antzekorik bazegoen ere, Dylan aspergarria jarrita zeukan, bolumen baxuan. Bezeroak lokartu arazi nahian akaso?

Atzeko mozkorrak eguneko ideiarik onena izan, eta alde egitea erabaki du; gu al loro ibili gea eskailerak nola jaitsiko zituen ikusteko, eta zalantza une bat izan bada ere, azkenean onik jaitsi dela ikusi deu. Apurka apurka bezero kopurua jaisten joan da; guk 22ak direla eta lokartzen ari garela ikusita, alde egitea erabaki deu. Ditxo y hetxo. Hoteleko txirrina jo, arratsaldeko tipo berak atea zabaldu digu, eta bihar 7:30 hots egiteko esan diogu. Gelara sartu eta komunetik pasa ondoren, apurtxo bat idazten aritu.

Iraitz aspaldian geratu da lo, eta ni erdibidean, noizean behin inkoherentziak idazten logura dela eta. Kuriosoa, gelako argia piztuta topatu dugu, ohea prest, eta mentazko bonboi bana burukoan…

No hay comentarios:

Publicar un comentario