2010/02/07

Islandia? Hori zer da, herri bat?

1. Aurrekariak

Urte hasieran herriko lagun batzuek Aste Santuan Islandiara joan behar zutela, eta ea haiekin joan nahi nuen galdetu zidaten. Otsailean Kubara joan behar nuenez, ez nuen proposamen hartan gehiegi pentsatu, nahiz eta ilusio printz bat piztu zidan.

Kubatik bueltan, ordea, bueltaka hasi zen gaia nire buruan. Krisi ekonomiko haundia jasaten ari direla irakurrita, akaso ez da garai batetan bezain garestia izango. Ordutegiak, prezioak, egunak begiratzen hasi, eta koadrilakoei proposatu nien. Azkenean Iraitzek eta biok, apirilaren 4tik 15era joango ginela erabaki genuen. Data horiek kontutan hartuta, azkenean gure kasa joango ginen, eta ez herrikoekin. Hegaldia Biarritzetik irtetea komeni zitzaigula erabaki, eta azkenean honako konbinazioa lortu genuen: Biarritzetik London Stanstedera Ryanairrekin, ikaragarrizko prezioan gainera, ia 26€ buruko. London Stanstedetik Keflavikera (Islandiako nazioarteko hegaldietarako aireportua) Iceland Expressekin 217€tan. Buelta ordea, Parisetik egingo genuen. Keflavik Charles de Gaulle Icelandairrekin 156€tan, eta Parisetik Biarritzera Easyjetekin 73€tan. Hegazkin txarteletan guztira 472€. Ez dago gaizki.

Dena dela, Iceland Expressekoek putada majoa egin ziguten London-Keflavik hegaldiaren ordua aldatuaz. Guk ezin aurreko hegaldia aldatu, eta hurrengo egunean joateko eskaintza onartu genuen. Horrek suposatzen zigun Londonen gaua eittea.

Iaz egondako Swindon Streeteko hotelean begiratu baina zoritxarrez, ez zegoen gela librerik. London handia izanik, ordezko lekuren bat non bilatu jakin gabe, ba galdu samar ibili ginen. Azkenean aurrekoaren kale berean dagoen Arriva hotelean ostatu topatu, eta gela 50 Libratan lortu, gosaria barne, komunakin...eta larunbata gaua izaki gainera. Nahiko ondo, ezta?

No hay comentarios:

Publicar un comentario