2010/02/10

6.Part V. Eguraldia zatartu eta panorama hobetu.


11:30tan iritsi gea Gullfossera, gutxi gora behera. Visitor Centre bat zegoen, bere denda eta jatetxearekin, eta kanpoaldean, ikaragarrizko gurpilak dauzkaten 4x4ak, errekak aise zeharkatzeko akaso. Euria hasi du, ez oso indartsu, baina etengabe, eta haizearekin batera, nahiko nazkante dago. Oso denbora gutxi utzi digute, 40 bat minutu. Lehenik eta behin, ur jauzia goitik ikustera joan gea, argazki eta plano batzuk atera eta behera jaitsi gea. Bidexka ez da elbarrituentzat batere egokia, hori beharbada etorkizunean aldatu beharko dute.
Gullfoss, Hvítá ibaiak sortutako kanoian dago. Oso ikusgarria da, 11 eta 21 metroko bi jauzitan, ibaia lur azpian murgiltzen dela baitirudi. Bere garaian, ur jauzia, energia lortzeko erabili nahi izan zuten, baina diru falta zela eta, etsi behar izan zuten. Gaur egun, gune publiko babestu bat da. Esan ohi da Sigríður Tómasdóttirrek zeresan handia izan zuela Gullfoss salbatzeko orduan, bere burua botako zuela mehatxatu baizuen. Gaur egun hori konfirmatuta ez badago ere, bere omenezko eskultura bat ikusi daiteke bertan.
Eguraldia dela eta, ez dugu ortzadarrik ikusi uretan, hori bai, ura oso fresko dagoela dirudi. Eta garbia. Puntaraino joan, gehiago busti, eta 4-5 minutu pasata, berriz gora. Izan ere, 12:20tan alde egin behar, eta aurretik ezer bero hartzea oso komenigarria zela iruditu zaigu.
Taberna-jatetxe-dendan sartu gara beraz, eta txokolate bana eskatu deu, madalena batekin (muffin). Oso onak biak. Hala ere, korrika eta presaka irten behar izan deu. Busean berriro, mikrofonoa duen tiparen “azalpenak” jasan behar izan ditugu tarteka, hau da, lorik ez, Geysir arte. Gullfoss eta Geysir nahiko gertu daude bata bestearengandik.
Ez ziren 13ak Geysirreko aparkalekuan sartu garenean, eta tipak 14tako atera behar genuela esan digu, bazkalduta nahi izanez gero. Geysirren, izenak berak dion moduan, geyserrak daude. Ura beroa lur hondotik ateratzen da; beno ez da horrela zehazki. Ea ongi azaltzen dudan… Lur azpiko urak irakiten jarri eta baporeak presioa jasanezina sortzen duenean, ura presio itzel horrekin atera egiten da aldian behin lurrazaletik gora, hainbat metrotako ur eta gasezko zutabeak boteaz. Bi geyser famatu daude inguru horretan, hala ere, “martxan” dabilena bakarra da, Strokkur alegia. 4 minuturo edo kristoren txorroa botatzen du. Euskaraz hitz egiten entzun dugu…neska bizkaitar batzuk ziren, gurasoekin antza. Haiek gu euskaraz entzutean ere harritu egin dira. Donostia eta Pasaiakoak ginela esan eta gurean jarraitu dugu. Orduan Maria izeneko neska madrildar bakarti bat hurbildu zaigu txorroari begira geundela; gure txango berean dator. Bazan beste emakume espainol bat txangoan, baina madrildarrak gurekin etortzea erabaki du. Erabaki zuzena noski, gu oso jatorrak baikara. Ur zipriztinak berriz ikusi, eta zeozer jatera joan gara. Toki lehor batetan sartzea eskertzekoa, kalean euria eta haize zatarrak erabat blai utzi gaituelako, niri galtzak behintzat bai. En fin; mahai bat okupatu deu, eta ni geratu naiz zaindari, Mariak eta Iraitzek jatekoaren bila zihoazen bitartean. Iraitzek hanburgtarrak eta papak ekarri ditu biontzat, eta birra edateko. Hor izan gara ba hiruak tète a tète berriketan bazkaltzen genuen bitartean. 24 urte dauzka eta Reykjaviken egun batzuk pasatzen ari da, lagun baten etxean. 3an etorri eta 8an badoa. Atzo Blue Lagoonen izan zela kontatu digu, eta oso ondo dagoela, nahiz eta ilea oso txarto geratu zitzaion.


Azkenean, bazkaltzeagatik
Visitor Centreko filma ikusi gabe geratu gara, oso tarte gutxi eman baitute guztia egiteko. Hala ere, berandu irten gara, txinatar baten erruz, horrek bai ondo bazkaldu, filma ikusi…

Oraingo bidaia luzeagoa izan da. Geysirdik Þingvellir ingurura. Bide erdia lo egin dugu ia guztiok, speakerraren speecha gainera ez zen oso erakargarria, esna mantentzeko behintzat ez. Azkenean, Þingvellir parkean sartu garela ikusi dut; tipak plaka tektonikoen asuntoa esplikatu du…bere erara. Visitor Centre inguruan utzi gaitu busak, eta berriz ere ordu erdi eskas eman digute hiriburura bueltatu aurretik. Ez du denborarik eman, noski. Panelak irakurri, lekuak ikusi, argazkiak bota…ni pa dios. Mariarekin batera ibili gea plaken artean dagoen bidexkatik. Zubitxoan argazki pare bat bota ditugu (teorian, zubiaren alde bat Amerika litzateke, eta bestea Europa), eta Parlamentua ikusi gabe joan gara.
Inguru hau oso garrantzitsua da Islandiarrentzat; bertan ezarri zuten munduko aurreneko parlamentua 930. urtean Alþingia, eta bertan aldarrikatu zuten Danimarkarekiko independentzia 1944. urtean. Alþingia urtero biltzen zen, Lögmaður izeneko pertsonak legeak aipatzen zituen bildutako guztientzat, eta eztabaidak bideratzen zituen. Asanblada hauetan zigortzen zituzten gaizkileak. Inguru honetan Drekkingarhylur izeneko putzua dago, Bertan legea bortxatzen zuten emakumeak ito egiten zituzten. Paraje ederra, bai horixe, baina eguraldia, kaskarra.


Goian Þingvellir parkearen bista bat, behean, bi plaka kontinentalen arteko tartea. Suposatzen da ezkerreko aldea Amerika dela, eta eskuinaldea Europa.


Þingvellir hiriburutik nahiko gertu dago, beraz, nahiko azkar itzuli gara. Txoferrak orduan jendea bere hoteletan uzten joan da, hortaz, 17:15tako Laugavegur kale kantoian geunden, esperotakoa baino hiru ordu laurden lehenago. Jaistean Mariari agur esan diogu; hasta nunca. Hotelera zuzenean joan gara, eta atea zabaltzeko, nola ez, “el ínclito”. Egunekoa idazten hasi naiz orduan, Iraitz dutxan zegoen bitartean. Ondoren jaitsi, eta euria jasatera. Laugavegurdik ia Viking oroigarri dendaraino joan gara, eta han ezkerretara katedral ingurura. 18:30ak badira ere, denda guztiak, liburu-dendak ezik, itxita, eta oso jende gutxi kalean. Euria. Katedral ondora joan eta paneletan ikusi dugu 1945an hasi eta 1986an amaitu zirela eraikitze lanak; eta orain, 2009an, dorrea aldamiotuta. Soilik dorrea. Ez dut ulertzen.



Hara nolakoa den katedrala (behean), eta nola topatu dugun (ezkerra). Ah, beheko argazkia ez da nirea, noski.








Beste kale batetik jaitsi gara zentro ingurura. Denda batetan sartu, txorrada pare bat erosi eta alde. Atzo bateriarik gabe geratutako ingurura joan eta plano pare bat hartu ditut. Bestela, ba atzoko tokietatik ibili gara italiar baten bila; azkenean Laugavegur kalean bertan Italia izeneko garito batetan sartu eta makarroiak alle Newyorkesa eskatu (haragi-bola eta tomatekaz) eta espagetiak boloñesa erara Iraitzek. Gero pizza bat bientzat eskatu, eta zatitua bi plateretan ekarri digute, oso detaile ona. Bertako jendea oso ondo portatu da, eta ondo kobratu dute horregatik, noski (10100 IKR). Izozki bat postre gisa, eta hotelerantz.

Autoarena hotelean bertan galdetzea pentsatu dugu; tipoak badu Àtak etxeko propaganda bertan. Atea jo eta “betikoak” zabaldu digu atea. Zuzenean autoaren alokairuaren inguruan galdetu, eta berak zer motako autoa eta zenbat egunetarako behar dugun galdetu digu eta zuzenean interneten begiratzera joan da. Nik ea errepideekin arazorik egongo ote den galdetu diot, eta berak Ring Road (errepide nagusia, irlari buelta ematen diona) beti zabalik dagoela erantzun dit. Zalantza horiek kitatuta, alokatzea erabaki. 425€ inguru izango liratekeela esan digu, eta nahi izanez gero, bihar goizean gestioak egingo dituela, eta gosaltzen gauden bitartean esango digula zer lortu duen. Nik ea beste motako segururik hartzea merezi ote duen galdetu (zenbait zatitan errepidea asfaltatu gabe dagoenez, harri koxkorren kolpeentzako aseguroa egitea komeni dela irakurrita nuen), eta berak ezetz, nahikoa dela estandarrekin. Horretan geratu gara beraz. Blue Lagooni buruz ere galdetu diogu. Turistentzako antolaturiko asuntoa dela esan digu, ez izateagatik ez dela ezta naturala, eta garestia dela (20€). Eskerrak eman dizkiogu eta 8ak aldera hots egiteko esan diogu. Gelara igo, eta argia piztuta topatzeaz gain, Iraitzen nikia tolestua eta beste bi txokolate/mentazko gozoki. Horrez gain, notatxo bat ere topatu dugu ohe gainean:

“Each footstep from home is the road back to home. Elves wisdom.

We at Hotel Phoenix wish you pleasant dreams and a wonderful tomorrow.

Thank you for staying with us and have a good night”.

Flipante. Berandu samar bada ere, idaztera. Iraitz zurrunka dabil; eskerrak horri esna mantentzen naiz!

No hay comentarios:

Publicar un comentario