2011/01/03

Laugarren zatia.

Iritsi gara ba Santiagoko Antonio Maceo aireportura. 25ºC. Ondo. Abioiak ordu beteko eskala egin behar du, ondoren Habanara baitoa, baina gu bertan jaitsi gara, beste askorekin batera.

Pasaporteena berehala egin dugu, eta segurtasun arkutik arazorik gabe pasa gara. Fakturatutako poltsa jasotzera joan gara orduan, eta harrigarria suertatu zaigu txakur bat maletak usaintzen zebilela ikustea. Argazki bat atera diot. Denbora dezente zain, eta azkenean gurea atera da. Jaso eta irteerarantz gindoazela, guardia batek harekin joateko eskatu digu. Fakturatuta eramandako poltsa zabaltzea nahi zuen, eta hala egin dut. Gauza guztiak banan-banan erakutsi behar izan dizkiot. A-k bere eskuko poltsa ere zabaldu behar izan du.

Tramankulu elektronikorik generamatzan galdetu digu; ea “la vaca que ríe” zer zen galdetu du ere, gazta zela esan, eta osasun saileko bat etorri arazi eta “es queso” esan dion arte ez da lasai geratu. Lurrina ireki eta usaindu egin du, gauza bera dutxarako gelarekin, ezpainetako kakaoa…A-ren pilulatxoak ea zertarako ziren galdetu, eta drogen froga egin dio bati. Ondoren ea txakurrari argazkia atera ote diodan galdetu dit, eta nik baietz, eta nahi izanez gero borratuko dudala esan diot. Ez zela beharrezkoa erantzun dit. Cd-rom eta grabagailuen kasuan, aduanako orri batzuk bete ditu, eta nire eskuko motxila miatu ostean, joaten utzi gaitu. 23:30ak dira.

Honatx ditxosozko argazkia.

Terminaletik irten, eta ezkerretara jo dugu dirua aldatzera (50€), kanbioa gutxi gora behera, 1 CUC= 0,80€. Leihatilarainoko hamar metrotako bidean, taxi gidariak koñazoa ematera etorri zaizkigu dagoeneko. Ongi hasi gara. Beltz gazte batek, “kontuz, zer moduz zaude?” edo antzeko zeozer esanda etorri zaigu, Basauriko lagunak zituela esanez…beste bat, legala zela esan digu hala adierazten zuen txartela erakusten zigun bitartean. Azkenean, dirua trukatuta, zaharrarekin joatea erabaki dugu.

Parkingera jaitsi gara harekin, eta Moskovich zahar hori batetan sartu gara. Zahar zaharra eta oso itxura kaxkarrekoa, Bukaresteko R-12 horren antzeko tankera hartu diot. Trasteak hala nola atzealdean gorde eta martxan jarri eta berehala, 10 metrotara, geratu egin da. “Ponchamos”…gurpila zulatuta alegia. Tipoak lasai egoteko, 5 minutuko kontua izango zela…eta hala izan da. Gurpila 5 minututan aldatu, eta 20 minututan “Las Americas” hotelean geunden. Bidean eguraldiaz aritu dira A eta taxilari jauna. Hotelera ailegatu, eta adostutako prezioa 15 CUC bazen ere, A-k 20 eman dizkio eta konturatzerako, tipoak ziztu bizian alde egin du. Hotelean sartu, eta harrerako tipa botila batekin harrapatu dugu…erretserba ondo zegoela, datuak apuntatu, eta 418. gelako giltza eman digu. Gela ondo dago. Segurtasun kutxa ez dabil oso ondo, baina gure erruz izan da, ondoren zelan dabilen erakutsi digute.

Gauzak gelan utzi, eta gauean ere bero egingo duenez, edateko zeozerren bila jaitsi gara; bidean, igerilekua etabarrak ikusi ditugu, eta ondoko eraikineko festa zeharkatu dugu kafetegira iristeko. Bi ur edan, rato bat bertako terrazan igaro, eta gelarako beste bi hartuta, gelara itzuli. Leihoa zabalik, lotara; 2:10ak dira. Bihar goizerako iratzargailua 8tan jarri dugu, gosariak 9:30rarte ematen dituzte. Kanpoan oraindik, musika eta jendea builaka entzuten da. Santiago la nuit. Ondoloin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario