2011/01/08

Hilak 7. Hamargarren zatia

Pabes horrekin esnatzea automatikoa izan da. Horrekin batera, txoferrak barruko argiak piztu, eta “Trinidad” oihukatu du. Ilun dago oraindik kalea; ez dira 6:30ak. Busetik jaitsi eta bici-taxi eta jende andana turisten zain. Beldurgarria. A komunera joan da bertako baten laguntzaz eta ni kanpoan zain nengoela, oinak puztuta, emakume bat gerturatu zait etxe bat eskainiz. Itxaroteko esan, eta A irten denean, harekin joatea erabaki dugu. Legala zela esan digu; nahiko berme guretzat. Pabestutako kale pare bat pasa eta atari urdineko 261an sartu gara.

Etxea aurretik atzera zeharkatu: egongela, tv gela, logela bat, sukaldea, patioa…eta patioan bertan eskailera batzuk; jaitsi eta gela bat, komuna eta guzti. Etxekoandreak 10 minutuz itxaroteko eskatu, gela prestatzen zuen bitartean, eta gu bitartean, haizearekin jolasean, “chancho” (zerri) handia esnatzen ikusi eta 8 “txantxitoak” gosaltzen eta jostatzen…Etxekoandrearekin bi gosari (gaurkoa eta biharkoa) eta gaua adostu ditugu, guztira 24 CUC. Zein ordua den ikusita, kuluxkatxo bat botatzea erabaki dugu, eta 10:30tako harekin gosaltzeko geratu.

Bi ohe dira. Ni handian geratu naiz, eta kristoren hotza pasa dut, batez ere oinetan…kristoren zirimolak entzuten ziren kanpoan, eta oiloen kantuak…kostunbrista. Lotara joan aurretik, arropa garbitzeko asmoa genuela esan diogu bertako tipari, eta arazorik ez zegoela esan digu. Berriketan ari ginela, ondoko gela okupatzen duen neska azaldu da kaletik…”no breakfast” esan eta zuzenean gelan sartu da. Zelako gaua izango zuen! Arropa garbitu eta zabaldu ostean, lotara.

Esnatu eta dutxatu; ondoren gosaldu, ondo, eta Trinidaden paseatzera. Oso herri erakargarria da. Eraikinak oso koloretsuak, baita auto zaharrak ere, turistentzat apropos prestatuta. Gure kalean bertan La Canchánchara taberna famatua topatu dugu. Sartu eta kartulinak baita herriko plano bat ere erosi ditugu. Bertan atzerritar pila ikusten hasi gara…otsailean, pentsa udaran zer izango ote den hau. Zoratzeko modukoa.

Artista eta galeria ugari ikusi ditugu herrian; Casa de la Trovan izan gara ere eta talde bat jotzen ikusi dugu. Sarreran, eguneko emanaldiekin eskuko programa eman digute. Diskoak eta DVDak begiratzen aritu gara, haien artean, “Le llamaban Trinidad” eta Alfred Hitchckocken filmak. Jendeak, bazkaltzeko eskaintzak egiten dizkigu haien jatetxe paretik igarotzean, beste tokietan bezala. Eliza aurreko plazak oso lorategi deigarria du; eta eliza barrura ere sartu garela aitortu beharra dut. Ez da beste munduko ezer; koloniala, argitsua…baina badu deigarri egiten duen elementu bat: toke makabro bat ematen dion eseritako Kristo bat.

Goian, Casa de la Trova, behean katedrala.


Elizatik irten eta eskaileretan gora, eskuin alboan dagoen taberna batetan eseri gara; ia gu bakarrik geunden…eguzkia hartzen ari zen beste neska bat kenduta. Bakarlari bat azaldu da baina, gitarra jotzen hasi, eta ondoko mahaian koadrila bat eseri da. Gu kartulinekin aritu gara, tipoak kantatzen zuen bitartean, eta terraza, ia-ia bete egin da. Ordu bete egin dugu bertan.

Postalak idatzita, zer hobe postontzira botatzea baino. Gune historikotik irten gara (hesi bat dago autoak sartu ez daitezen) eta posta bulegora ailegatzean, itxita topatu dugu. Bihar akaso; bihar igandea ordea…

Trovako etxetik behera denda handi bat topatu dugu, oso koadro interesgarriak zeuden bertan. Hemengo koadroak oso koloretsuak eta biziak dira. Edari latekin jostailuak egiten dituzte, eta kuriosoa da garagardoko Bucaneroa auto gidari edo pilotu gisa topatzea.

Kaleko postu batetan, zezen hezurrez eginiko lepoko eta eskumuturreko bana erosi ditut; lote osoa. Ea arrakastarik dudan…

Giri famili bat ikusi dugu. Deigarria egin zaigu, bikotea, bi neskato ilehori eta haur txiki batekin doalako. Gure aburuz, haurrak gaztetxoegi halako enbajadan sartzeko baina beno…eta nola mugituko dira?

Denda handiaren parean, etxe handi bat dago; muturra sartu, eta gurdi bat ikusi dugu barruan. Gizon batek orduan, herriko museoa dela esan digu. Sartzea erabaki (4 CUC), erakusketa eta patioa ikusi, dorrera igo zurezko karakol eskaileretatik, eta herriko bistekin gozatu dugu. Trinidad guztia ikusten da, baita itsasoa ere. Hori bai, haizeak izugarri jotzen du.


Eta horrela, gora eta behera ibilita, afal ordua ailegatu da. Zuzenean, goizean ikusitako agure batengana joan gara, baina ez dugu topatu; alde egin, eta Canchánchara aldera joan eta fatxada koloretsua zuen etxe batetan probatu dugu. Beste atzerritar bikote bat galdezka bazegoen ere, gu zuzenean sartu egin gara. Haiek orduan, gauza bera egin dute. Karta niri eman didate (aurrekoetan ere halaxe izan da, Ari ez diote eman) eta mariskadaz gain, plater konbinatuak zeudela ikusi dugu. Ak espagetiak oilaskoarekin eskatu ditu, nik ordea oilasko errea arrozarekin. Sin mas. Ondoren banana izozkia. 19 CUC.

Afaltzen ari ginela, beste mahaiak betetzen joan dira, eta bat-batean, gela batetatik bi musikari irten eta “Comandante Che Guevara”, Nino Bravoren bat eta abar jotzen aritu dira. Ak denak zekizkin, noski. Egunean zehar beste musikariekin gertatu zaigun moduan, hauek ere haien cda saltzen saiatu dira, 8 CUCetan…guk paso, eskupeko bat eman eta kito. Musikariek eginiko tartea aprobetxatuz, hanka egin dugu bertatik eta goizeko agurearen tabernara joan gara. Gu bakar bakarrik gaude.

Daiquiria probatu dut lehen aldiz. Egia esan, pasa egiten dira ronakin. Gehiegi kargatzen dute. Aurrekoan mojitoarekin gauza bera. Ron gehiegi. Berriketa interesgarria izan dugu, Tomas Moro, Lutero eta protestantismoaz musikari talde bat sartu den arte. Horror. Taberna guztian gu bezero bakarrak. Haiek, “jantzi” ondoren, jotzen hasi dira. Betiko kantuak. Batek hori piura: larruzko beroki beltza lurreraino…marakak jotzeko gainera. Akabo berriketa; hiruzpalau kantuen ostean, cda saltzera etorri zaigu, 8 CUCetan, nola ez, eta ingelesez hasi zaigu, azkenean “oye mira” esan diogun arte. Une horretan, mahaitik jaiki eta alde egin dugu.

Etxerako bidean sekulako juerga eta zarata antzeman ditugu. Katedral ondoko eskaileretan banda handi bat ari zen jotzen, tronpeta eta guzti. Jende andana dantzan. Begira egon gara momentu batez, baina oso berandu da, eta bihar goizean goiz esnatu behar dugu…gainera ze demontre, fresko egiten du, eta mahuka motzetan eta bermudatan joateko ez da giro.

21ak dira etxera ailegatu garenean. Ate joka aritu, baina jaramonik ez. Une horretan, etxekoandrearen alaba agertu da eta atea bultzada batez zabaldu du…Biharko gosarirako abisua pasa, eta lotara bateria ezberdinak kargatzen lagata, Serrat eta Bon Jovi entzuten haize zirimolen artean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario