2011/01/03

Hilak 4. Bosgarren zatia


8tako A dantzan dabil dagoeneko. Ni dutxatu ondoren gosaltzera jaitsi gara. Buffeta da, eta ez dago batere gaizki. Binboa, gazta, saltxitxak, fruta, pastelak…jogurta eta txokolatea besteak beste.

Hoteleko turismo bulegotik pasa gara ondoren, eta Santo Domingokoaz galdetu dugu. Aukerarik onena Bayamora joatea eta bertatik antolatzea dela esan digute. ICAPeko bulegoa non den galdetu dugu bide batez, eta hoteletik nahiko gertu dagoela esan digute. Hortaz, gelara igo, poltsa hartu, eta bertara oinez joatea erabaki dugu. Hiriko mapa eskuratu, eta eguneko gutxi gora beherako plangintza egin dugu. Total, hoteletik irten garela, eta A-ri “Ocean´s Eleven” sagako pelikulen mobida kontatzen ari nintzaiola, lehenengo bi pelmak etorri zaizkigu.

Hoteleko leihotik, bus geltokia.

Harrigarria da nolako kantazoa ematen dugun, “kaixo zer moduz?” esan baitigute. Bata A-rekin hizketan, eta bestea nirekin…nirekin joan dena, irakaslea dela esan dit, eta nik ea zertan zebilen, ea zergatik ez zegoen klasean…erantzunik ez. Atzerritarrekin hitz egitea gustuko zutela, beste jende bat ezagutzeko aukera bakarra baita “ezin baitute Kubatik atera” esan dit, orduan nik bart hartutako abioiaren %80 kubatarrak zirela esan, eta tipoa mutu berriz ere…ICAPera iritsi eta haiek ere sartu dira, ez barruraino, baina bertan geratu dira, gure zain. ICAPeko tiparekin hizketan aritu gara rato batez, nondik gatozen, zer ekartzen genuen…eta tipa, oso esker onekoa, arduradunak bisita batetan zeudela eta karta bat idatziko zigutela, eskerrak emanez. Grabagailuak eta boligrafoak oso baliagarriak izango zaizkiela…eta kaleko bi tipo horiekin kontuz ibiltzeko esan digu. Guk handik irtetean oso argi geneukan moztu egingo geniela asuntoa, baina hoteleraino bueltako bidea behintzat haiekin egingo genuela, horrela beste inor ez baitzitzaigun etorriko txapa botatzea.

Bacardi eta Matusalen ronei buruz hitz egin dugu. Hotelera iritsi, eta haiek agurtzean, ea hiria pateatzeko asmorik ez ote genuen galdetu, eta guk beranduago agian, baina orain beste zerbait egin behar dugula. Haiek orduan rona eta puruak merke nahi baditugu haiei eskatzeko eta guk ezetz. Hotelera sartu eta taxi bati hots egiteko eskatu dugu. Berehala azaldu da; ez da Moskovich bat, ez horixe, Hyundai bat baizik. Guk Granjita Siboneyra joan nahi genuela esan eta tipoak sentitzen zuela, baina berak 5tako Holguinen egon behar zuela esan, eta haren atzetik etorritako Citroen ZXeko taxi gidariak, berak eramango gintuela esan, eta harekin joan gara.

Granjita Siboney museoa Santiagotik 14 kilometrotara dago. Santiagotik irten, Sevilla izeneko herria igaro, eta berehala iritsi gara. Errepidea ez da oso ona egia esan. Bidean behi argalak ikusi ditugu, jendea atzera eta aurrera, herrixkak, etxetxoak…eta negua izan arren belarra lehor…eta bero, nahiz haiek fresko dagoela esan. Guk eguzkitako krema emanda, bermuda eta mahuka motza.

Granjita Siboney

Granjitara ailegatu eta taxia zain geratu da. Sarrera bakoitza 2 CUC, argazki kamera erabiltzearren CUC 1 gehiago, eta bideo kameragatik, beste 5 CUC. Gida batekin egon gara, beltzaran handi bat. Hark, Iraultzaile gazteek 1953an Moncada kuartelaren erasoa nola prestatu zuten kontatu digu. Barruko guztia azaldu ostean, kanpoaldeko landareak erakutsi dizkigu, aguakate eta kakaoa…eraikin aurrean foto pare bat, eta taxira buelta. Santiagora itzultzean, Moncadan lagatzeko eskatu diogu. Esan eta izan. Moncada parean utzi eta ordaindu egin diogu; 14 CUC. Ez dago batere gaizki. 28 kilometroko ibilbidea eta 45 minutuko itxarotea.



Moncadan sartu gara. Honetan, Granjitan bezala pagatu dugu. Hemen neska batek gidatu gaitu, eta zenbait tokitan hunkigarria zen bertako torturak eta hilketak entzutea. Kubako bigarren koartelik handiena zena, 1960tik eskola bat da.

Garai batean koartela zena, egun 1600 ikasle baino gehiago dituen eskola da.


No hay comentarios:

Publicar un comentario