2011/01/03

Hilak 5. Zazpigarren zatia



Gaurkoan, atzo lez, 8:05tako A dutxatik aterata zegoen dagoeneko. Krema eman ostean gosaltzera jaitsi gara. Turismo bulegoko tiparengana joan gara eta bertan ez zegoela ikusi dugu. Atzo, 8tako egoten zela esan zigun…Oroigarri saltzaileak, dagoeneko bertan behar zuela esan digu. Dena dela, gosaltzera joateko aprobetxatu dugu, ea tarte horretan azaltzen den.

Gosaria atzokoa baino okerrago izan da. Kantitate txikiago egoteaz gain, txokolateak itxura txarra zeukan. Berehala amaitu eta tipa oraindik agertu gabe zegoela ikusita, motxilen bila igo gara gelara. Gauzak hartu, eta berriz turismora.

Tiparen berririk ez; hala ere, ondoko mahai batetan zegoen batek Viazulerako txartelak atera dizkigu, 7 CUC bakoitza, gehi CUC 1 kudeaketagatik. Harrerara jaitsi gara eta taxi bat eskatu dugu. Momentuan ez zegoela esan digute, eta guk, lasai, itxarongo genuela.

Las Americas hotela

20 minutu pasata, 10etan dagoeneko, Hyundai handi bat azaldu da autoa bezain handia zen beltzaran batekin. Gure asmoa zein den esan, eta baiezkoa eman digu. Hortaz, trasteak atzealdean sartu, eta Morroko gotorlekura eraman gaitu. Aireportuko errepidea hartuta, 14 kilometrotara dago San Pedro del Morro.

Iritsi eta San Markoren itxura duen gotorlekua ikusi begi aurrean. Saltzaile postu ugari inguruan, eta alemaniar itxurako jubilatu andana. Sartu (9 CUC) eta buelta eman dugu barrutik.

San Pedro de la Roca edota Castillo del Morro bezala ezagutzen den gotorleku hau, Santiago babesteko asmoz eraiki zen XVII. Mendean. 1998.an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen. Bistak ikaragarriak, haize korronte zitalak eta bertako langileak, tabakoa saldu nahian eta goxoki eske. 45 minutu geroago, taxian geunden berriz ere, Cobreko Santutegirako bidean.


Goian gotorlekuaren hainbat ikuspegi, behean, Santiagoko badiaren ikuspegi bat.

Santiagorako 14 kilometroak berriz egin, eta beste 17 bat egin ditugu santutegira iristeko. Taxi gidariak loreak saldu nahiko dizkigutela esan eta A-k bere garaian loreekin esperientzi txarra izan zuela esan eta ezer ez erostea erabaki dugu. Bidean, obra handi bat topatu dugu. Taxistak Santiagora doan ur hodian matxura izan dela eta hori konpontzen ari direla esan digu. Aipagarria, 25 pertsona zeudela bertan, eta lanean bizpahiru besterik ez. En fin. Aurrerago, urbanizazio txukun bat ikusi, eta Venezuelako Gobernuak emandako 100 etxe zirela esan digu, letretako fakultateko ikasle zein irakasleak bizitzeko.

Cobrera iritsi gara ba, bide bazterretan lore saltzaile ugari lagata. Atzealdeko sarreratik sartu gara, antza denez aurreko sarrera egun berezietarako dute soilik. Sartu eta berehala, eskailera batzuk igo eta bertan topatu dugu Ama Birjina.

Cobreko Santutegia.

Kondairak dionez, XVII. Mendean esklabo batzuek uretan topatu zuten Ama Birjinaren irudia. Meategietan lan egiten zutenez, eliz txiki bat eraiki zuten inguru honetan. XX. Mende hasieran gaur egungo eliza eraikitzen hasi ziren, eta ondoren, Kubako patroia izendatu zuten Cobreko Karitateko Ama Birjina.

Oso txikia da irudia, bitrina batetan lorez inguratuta dago. Jaitsi, eta jendeak utzitako opariak ikusi ditugu. Gehienak kirolariek utzitako dominak eta abar. Buelta eman diogu kanpotik elizari, eta orduan tipo bat estampita bat eman nahirik etorri zait. Nik ingelesez ezetz esan diot, eta azkenean libratu gara.

Taxira berriz, eta Santiagoko hilerrira oraingoan. Turismoaz aritu gara hizketan taxi gidariarekin. Hark, geroz eta turismo gehiago ikusten duela esan digu, nahiz eta bere aburuz, Santiago, beste herri batzuekin alderatuz, apur bat alboratuta dagoen, hondartza ederrik ez dagoelako akaso. PCCren VI. Kongresua datorrela eta, horren inguruan neurriak hartuko ote dituzten itxaropena azaldu du. Garraioari buruz galdetu dio A-k, eta hark, garai batetan baino hobeto dagoela esan du, nahiz eta oraindik gabezi handia sumatu. Izan ere, egunero klasera joateko 50 kilometrotik gora egin behar duten ikasleak daude, eta ez da batere erraza. Hala ere, azken boladan, autobus errusiar eta txinatarrak iritsi direla esan digu.

Taxilariak, konfiantza ematen badu ere, nahiko isila da. Ez du gehiegi hitz egiten, arraroa inguru honetan, eta tiraka ibili behar dugu ezer esan dezan. A, santeria kontuez aritu zaio galdezka, eta hark, horren inguruko liburu baten atzetik dabilela, eta ea datorren liburu azokan lortzerik duen esan dio.

Ez gaitu joaneko bidetik eraman bueltan. Oso zoru txarra zeukan eta etxebizitzak egoera kaskarrean zeuden auzune batetatik ekarri gaitu. Hori bai, jendea kalean atzera eta aurrera etengabe.

Santa Ifigenia hilerrira ailegatu eta taxia zain geratu da. Hilerrian, guardia aldaketa ikusiko ote genuen galdetzen genion gure buruari…eta sarrerako tipari ere galdetu diogu. Izan ere, hilerri honetan, Jose Martíren mausoleoa dago eta guardia aldaketa egiten diote egunean zehar hainbatetan. 12:25ak dira, aukera ona beraz. Hala, musika entzuten hasi gara. Oso musika arraroa; atzo Javierrek esan zigun moduan, hiru kantu ezberdinen arteko nahasketa da. Altabozetatik ozen entzuten da musika. Martíren mausoleora joan gara orduan, eta beste giri askorekin batera, guardia aldaketa ikusi dugu. Ordu erdiro egiten omen dute; ez dakiguna, gauez musika bolumen horretan jartzen ote duten ala ez. Espero dut baxuago jartzea.


Goian, soldaduak guardia aldaketa egiteko prest. Behean, martiren mausoleoaren ikuspegiak.
Behean 26ko martirien mausoleoa.

Martíren mausoleoa, Céspedesen hilobia, uztailaren 26ko martiriena ikusi…eta Maceorena topatu gabe geratu gara. Egia esan ez dugu gehiegi bilatu ere egin. Haren anai batzuena bai, baina berea ez.

Taxian berriz igo, eta bus geltokira eraman gaitu, Viazulera. Ondoko kale kantoian utzi gaitu, eta txango osoagatik 56 CUC kobratu dizkigu. Bus geltokian sartu aurretik, Iraultza Plazara hurbildu gara, bertatik dauden bistak ikusi eta geltokira buelta. Kriston beroa egiten du. Izan ere Santiagon, Habanan baino bero handiagoa egiten du.

Iraultza Plaza


Bus geltokian jendea koñazoa ematen aritu zaigu. Gu egarri, tabernan sartu gara. Hala ere, taberna bertakoentzat dela dirudi, prezioak peso arruntetan jarrita baitaude. Astroren itxaron gelan egon gara ordu eta pikoz, eta Viazulera joan gara ondoren. Telebistan, matematikako ariketak; hemen bezalaxe. Astro bertakoen bus konpainia da; atzerritarrontzat eta dibisetan pagatzen dutenentzat Viazul. Hori bai, autobusen artean ez da desberdintasun handirik antzematen.

Ordua ailegatutakoan, hotelean emandako papera atekoari eman eta ez zuela balio, eta beste bi paper egitera joan behar izan dugu txarteldegira. Bus txinatar horietako batetan igo gara, eta ez dugu inolako arazorik izan bi eserleku topatzeko. Berez numeratuak badira ere, ez dago kuidadorik.

Hainbat herritik pasa gara, Palma Soriano, Contramaestre…eta azkenean Bayamo. Buseko DVDan Roberto Carlosen kontzertu bat jarri diguten arren, baten-baten zurrunkak entzun behar izan ditugu. A-k txoferrari “Sierra Maestra” hotel ondoan geratzerik izango ote zuen galdetu badio ere, errepide ondoan baitago, hark “ya veremos” erantzun eta azkenean ez digu kasu putik egin. Hala ere, ez gara kexatuko, geltokitik 20 minutura dago hotela, eta nahiz eta bero egiten duen, paseo ederra izan da.


Sierra Maestra hotela.

Harreran ez dugu inor topatu. Rato batez zain egon ondoren, garbiketako tipo bat azaldu da. Afaltzen ari zirela esan digu eta barkatzeko. Guk ez zegoela arazorik, itxarongo genuela. A, komunerako bidean, “Ecotur”ren bulegoa topatu du, eta arduradunarekin, Danielekin, hitz egin du. Biharko mobida guztia argitu eta pagatu dugu bide batez. 252 CUC (40 hotela, 40 bixita eta 172 taxia).

Ilun egin zaigu gelara iritsi aurretik...

Bulegotik irtetean, harrerako emakumea bere postuan zen dagoeneko. 40 minutu pasa dira hotelera ailegatu garenetik, baina beno, erritmo ezberdina dugu. 110. gela eman digu.

Gela nahiko txukun dago. Hotelean bertan afaltzea deliberatu dugu, eta jangelara joan gara. Buffet erako afaria, 12 CUC buruko. “Moros y cristianos” jan dut; oso ona portzierto. Afal ostean tabernara joan gara eta Cristal garagardo bana edan (2,30 CUC). Musika majoa hasieran, Kansas, Wham, George Michael, Elton John…koadrila handi bat sartu den arte. Orduan reggeton jarri dute. Horror. Postal batzuk idatzi, eta 22tarako gelara. Bihar goizean, 7tako gosaltzen egon behar dugu. Lokartzen ari naiz…Permesso!

No hay comentarios:

Publicar un comentario