2011/01/06

Hilak 6. Zortzigarren zatia

Gaur 6:30rako telefonoz iratzartu gaituzte hotelekoek. Dutxa bat hartu ostean, 7tako gosaltzen ari ginen. A-ri Hitler eta “18”ari buruzko istorioa kontatu diot, Kelerren kamixetaren inguruan. Ez omen zuen sekula entzun “18”arena, ezta “88”arena ere…en fin, gazte hauek…Gaur kamixeta hotelean lagako dut; aligerando pesos. 7:25rako jangelatik irteten ari ginen Daniel azaldu denean, juxtu A komunera zihoala…Danielekin jaitsi naiz ba, eta taxiak berak goraino igoko gaituela esan dit.

Gaurko taxista, begi argiko mestizo ilun bat. Esan duenez, Manzanillokoa da sortzez, eta oiloak ditu.

Gaurko taxia, Suzuki Grand Vitara hori bat egokitu zaigu, errepide kaxkarrak direla eta akaso? Ze errepideak kaxkarrak dira, okerrago hiritik geroz eta gehiago urrundu ahala. Etxeak inguru honetan egurrezkoak lastozko sabaiarekin; menditxo gainetan daudenek oso irudi polita ematen dute. Bi ordutan ailegatu gara Santo Domingora.

Parkeko sarreran voucherrak utzi, kameren tasa pagatu (10 CUC), eta Osmarrengatik galdetu dugu. Herriko batek, bertan lan egiten duen Osmarrentzat liburu bat bidali du. Hortaz, Osmarri liburua eman diogu, eta hunkitu egin da. Aurreko liburua asko gustatu zitzaiola esan digu eta herrira goraintziak ekartzeko.

Suzukira itzuli, eta Jorge igo zaigu taxian. Jorgek mendian gora gidatuko gaitu. Kamuflajez jantzita doa, abereengana hurbiltzeko apropos. Bi alaba dauzkala kontatu digu, 31 urte izan arren. Atzo unibertsitateko azterketak amaitu zituela esan digu; kontabilitatea ikasten ari da. Bere garaian, Alemanian izandakoa da Jorge.

Kuriosoa da, Santiagon ezagutu genuen Javier musikariak, kubatarrek irlatik ateratzeko aukera gutxi dutela esan zigun, nahiz eta bera Venezuelan eta Europan izan zen, “Mikel” delakoa Bergaran eta Jorge, ikusten dugunez, Alemanian…

3 kilometrotan 500 metroko desnibela gainditu dugu, 250 metrotatik, 750ra. Errepidea oso txarra, eta menditik eroritako harriak nonahi. Ahuntzak errepidean botata…eta trafikorik ez. Izan ere, Parke Nazionala izanik, sarreran hesi bat dago, eta trafikoa mugatuta dago. Gora iritsi gara ba, justu hamarrak jo aurretik. Jorge taxistakin 12:30tan geratu da bueltarako.


Taxitik jaitsi gara ba, eta mendian gora hasi gara. Hasieran oso ondo, oso lasai. Sugetxo bat azaldu da bidean (magdalena bat) eta dagoeneko A izutu da. Ondoren nola ez, kriston bazilea Jorgek eta biok sugetxoaren kontura. Laster asko erdi bidera heldu gara; Medinatarren etxea. Medina, matxinatuei bere lurretan sartzeko baimena eman zien haien kanpamendua ezarri zezaten. Medina horrek, aurrerago, Fideli ohe bat oparitu zion. Bertan orain bizpahiru etxe daude, indioilarrak, kafea lehortzen jarrita eta animaliatxoak atzera eta aurrera, bide guztian zehar bezala; oilo, ahuntz, behi, zerri…eta katutxo bat. Mimoso mimoso.


Bertan momentu batez egon gara, eta berehala bidean gora egin dugu. Hemen, Jorgek ezarritako erritmoak, maldak eta beroak nahiko izorratu naute. Aspaldiko partez ez bezala pota botatzeko gura sartu zait kanpamenduko lehen eraikinera ailegatu garenean. Eraikin honetan, bere garaian medikugunea zegoen, nahiz eta egun horren inolako aztarnarik ez izan. Etxetxoa hutsik zegoen, erabat. Ahoa pixkat busti, eta aurrera jarraitu dugu.

Tarte batetan, ez zegoen ez eraikinik, ezta zuhaitzik ere. Jorgek esandakoaren arabera, bertan etxe bat zegoen, baina behin kazetari faltsu bat etorri, atzera bueltan bidali, eta tokia ezagutu ez zezan, etxea bota eta zuhaitzak moztu zituzten, segurtasun kontuak zirela eta. Handik bi egunetara, Batistaren abioiek lekua eraso zuten, baina ezagutu ez zutenez, bonbardaketa 5 kilometrotara egin zuten.

Inguruan beste etxola bat dago; bertan Sierra Maestrako hiru dimentsiotako plano bat dago. Horretan, gune eta etxe ezberdinen kokapena azaltzen da, baita argazki pila bere azalpenekin. Gorantz jarraitu, eta sukaldearekin egin dugu topo. Goialdean kokatuta zegoen ura pozondu ez zezaten. Jakiak gauez prestatzen zituzten, eta ez egunero, kea antzeman ez zedin. Gune batzutan eskailerak ezarri behar izan zituzten, baina goitik ikus ez zitezen, zuhaitzak landatu zituzten bide bazterretan. Bertan dago Geonel Rodriguezen hilobia. Sierran hiltzen bazen bertan ehortz zezatela esan, eta halaxe gertatu zen. Bertan hilobiratutako bakarra da.

Sukaldetik jaitsi behar genuela, kontrako norantzan zetorren beste taldetxo batekin egin dugu topo. Jorgek beste gida ezagutzen zuen, nola ez, eta berriketan izan gara momentu batez. Euskaldunak ginela eta, besteak ea presoekin zer gertatzen zen, ea nola zegoen egoera…bitartean harekin zihoazen bi giriak eseri eta aspertzen hasi dira…Jorge flipatu samar ikusi dugu bestearekin hizketan ari ginen bitartean. Bitartean, hegazti nazionala den Tocoro bat ikusteko beta izan dugu. Beste taldetxoa agurtu, eta Fidelen etxea zenera ailegatu gara. Bertan armak probatzeko zuhaitza ikusi dugu, oraindik bala zorro eta zuloak antzematen direlarik.




Heladera bat ikusten zen barruan; Jorgek esandakoaren arabera, kerosenoz zebilen. Orduan, honaino igotzeko nolako lanak izango zituzten galdetu, eta Jorgek berak bere frigorifikoa berak bakarrik soka batekin bizkarrera boteaz igo zuela…Angolaz hitz egin dugu, Fidelen balioaz, ez soilik politiko eta zuzenbidean, baizik eta militar arloan ere…Medinak oparitutako ohea ikusi dugu ere, handia, eta horra igotzeko lanaz ere txistea egin dugu. A-k lurreko tranpilla bati buruz galdetu dio Jorgeri, ea iheserako biderik ote zen, eta Jorgek ezetz. Gela itxi bat dagoela azpian, eta gauzak gordetzeko erabiltzen zutela. Ez zegoela ihes egiteko beharrik, beti borrokarako prest zeudelako, eta egia esan, handik hanka egitea oso zaila da…

Pertsianak ixten lagundu diogu, eta beherantz. Erdi bideko etxera iritsi gara beste bide batetatik. Katutxoa bertan zain geneukan. Jorgek txangoarekin jarraitzeko aukera eman digu, irratiko dorrera, baina egia esan, lehen izandako bajoiarekin, ez zaigu oso egoki iruditu jarraitzea. Datozen bost urtetan, Jorgek karrera eta Masterra amaitzen duen tartean, bueltatu behar, alde batetik Radio Rebeldeko antenara igotzeko, eta bestetik Turquinoko gailurrera ailegatzeko. Horretako 20 kilo kendu beharko ordea…

Beherako bidean, egungo krisiaz aritu gara, bankuen jokabideaz, gobernuaz…en fin, gauzak bere tokian lagata. Naranjora iritsi gara 12:40 aldera, hamar minutu berandu. Ez gara horrenbeste atzeratu. Autora igo, Santo Domingoraino jaitsi, eta bertan Jorge agurtu. Nahiko hotz izan da agurra; eskua autoaren leihotik eman digu. Eskua, ze bakarra du; ukondotik behera beso bat falta zaio. Hori meritua compay!

No hay comentarios:

Publicar un comentario