2011/01/06

Bederatzigarren zatia.

Arratsaldeko hiruetako Islazul Sierra Maestra hotelean geunden, motxilak hartuta igerilekuko barran kafe/birra bat hartzen. Bainu jantziz, bezperan jangelan ikusitako bi mendebaldetar lodiak bi neska kubatarrekin. No comment. Postalak idazten amaitu, eta posta bulegora joan gara kartulinak lagatzera, hori bai, hotelean bertan. Dirua aldatzeko, zentrorako bidean CADECA bat topatuko genuela esan digute. Hoteletik alde egin dugu ba, gaileta eta mani batzuk janda, eta ondo hidratatuta. Bus geltokia gertu eta kontrolatua geneukan. Bidean 300€ aldatu ditugu eta 343 CUC eman dizkigute. Beno. Bus geltokira ailegatu, eta zuzenean Trinidaderako busean tokirik ote zegoen galdetu dugu, eta baietz. Hortaz, 52 CUC pagatu, eta ordu erdi lehenago bertatik pasa behar dugula gogorarazi digu bertako arduradunak, hortaz, 21tan egon behar dugu. Tramitea egin, eta atera gara geltokitik. Kanpoan, etengabe ea taxirik behar ote genuen galdezka, lo egitekorik…betikoa.

Bus gune hartatik urruntzen joan garen heinean, koñazoa erabat desagertu da. Ez genekien norantz joan, eta kale bat hartu eta azkenean erreka bazterreko pic-nic gune bat topatu dugu. Errekak represa egiten du eta jendea plastikozko pedalonetan dabil. Beste aldean, DJ bat, reggeton eta halakoak jartzen. Pixka bat aurrerago jatetxe bat topatu dugu, mini-golfaren parean. Azkenean horretara sartu gara, zeozer hartzera eta pendiente neukana idaztera, ez dela gutxi, egun osoan ez baitut deus idatzi. Potea hartu (2,10CUC) eta idazten amaituta, buelta ematen jarraitu dugu. Kale elkarzut bat hartu dugu oraingoan. A-k antena handi baten ondoan zentroa zegoela esan eta harantz joan gara…efectibi wonder. Iraultza Plaza topatu dugu, oinezkoen kale bat zenbait dendekin…zinema bat (Keanu Reevesen pelikula bat ari ziren botatzen), museoa, katedrala…eta Cespedesen jaiotetxea. Carlos Manuel de Cespedes XIX. Mendeko iraultzaile kubatarra izan zen, Espainiaren aurka altxatu eta Kubaren independentziaren alde borrokatutakoa. “Padre de la Patria” esaten diote.

Goian oinezkoan kalea, behean Iraultza Plaza

Goian Cespedesen jaiolekua, behean katedrala

Jatetxeren bat ikusi dugu, eta 17:30/18ak direla kontutan izanda, zeozer jateko garaia iritsi dela erabaki dugu. Garito batetan muturra sartu, eta erretserbarik gabe ezin dela afaldu…oinezkoen kalean behera orduan. Jatetxe pare bat ikusi baina kalea amaitu arte jarraitu dugu. Argizari museoa ikusi dugu, eta arte eskola. Artista ugari dagoela antzematen da, kaleko farolak ikustea besterik ez dago…eta etxean tronpeta jotzen ari den gizasemea…Azkenean “Sevilla” jatetxean sartu gara. “Comida española e internacional” jartzen du. Ez dirudi atzerritarrontzat pentsatutako ezer. Kartako gauzetatik erdia ez dago, eta prezioak peso arruntetan jarrita dauzkate, ez CUCetan. Gure afaria, laranja zuku bana, tomate bat eta arroza urdail azpikoarekin izan da; bi garagardo, ur botila bat eta bi platano izozki. Guztira…5 CUC. Horrela bai. Gurearekin batera, beste hiru mahai okupatuta, eta nahiko azkar atera dute jatekoa. Badaezpadan, irtetean bus geltokira joateko norantz joan behar genuen galdetu, eta arazorik ez; zuzen kalean behera, eta kalea amaitutakoan, ezkerretara. Hori bai, tipoak taxi bat eskaini digu, noski.

Artistek faroletan egindakoak

Nahiz eta ilun egon, tenperatura oso majoa da. A-k azkenean ez du kaferik hartu jatetxean. Saiatu gara beste nonbaiten, baina ezin. Bus geltokira sartu, eta bertan billeteak konfirmatu, eta tokia izan dugunean, eseri egin gara ordua noiz iritsiko zain, telebistako beisbola eta geltokiko speakerrakin barreak botatzen.

Puntualtasunez, Viazuleko busa 21:35tan ailegatu da; geltoki buruak abisatu gaitu orduan, eta busera igo gara. Gortinak botata zetorren, jende gutxirekin, baina denak logura itxurarekin. Gu bakarrak izan gara igotzen. Orotara 10-12 gindoazen. Gure eserlekuetara joan eta ez dugu gehiegi deskantsatu. Hori bai, gaueko 2:15rarte tiroi batez. Gero kalbario bat. 6:30rako Trinidaden ginen. Trinidadeko alde zaharreko pabesa pairatzen esnatu gara.

No hay comentarios:

Publicar un comentario