2010/05/03

Istanbul 2010. 1.Zatia, apirilak 5.

Peiorekin joan naiz topoan. Ea lanera ote zihoan galdetu eta baietz. Ea ni nora, eta Istanbulera. Hark sekulan ez dela egon eta bueltan kontatzeko eskatu dit. Martxoan Kuban izan zela, lagunei bisita egiten, eta kaos bat eginda aurkitu duela komentatu dit.

Agurtu, eta Anoetan jaitsi naiz. Pio XIIra nahiko azkar ailegatu naiz. Eguraldia nahiko majo dago, eta bus geltokian jende andana dabil, batzuk Aste Santuko oporretatik bueltan, beste batzuk, gure kasua, hasi berritan. Iraitz lankide batekin topatu dut, Istanbulera doa ere, baina beste hegaldi batetan. Dena dela, busean elkarrekin joan gara, eta Loiun ere elkarrekin izan gara hegaldia hartu dugun arte.

Pantailetan ikusi dugu gure abioia atzerapenarekin datorrela, hots, berandu aterako gara. 19:30tarako behar zuen enbarkea, 19:55ra atzeratu dute. Kafetegira ba. Pote bat hartu dugu eta fakturatze kolan jarri gara; kristoren kola. Jende pila, eta neska politak txarterrean. Fakturatu, eta kanpora piti bat erretzera. Oraindik zein atera joan behar dugun ez da pantailan azaldu.

Zigarroa bota ondoren, pantailan 12. atera joan behar genuela azaldu da, eta gainera boarding time 19:37 dela…en fin. Joan gara ba kontrola pasatzera, baina ez dugu ohiko tokitik egin, hau da, kafetegi ondoko sarreratik, baizik eta beste aldean dagoenetik. Azkarrago eta hobeto, nahiz eta gerrikoa kentzea ahaztu eta txirrina jotzen hasi den. Iraitzen lankidea ere gurekin sartu da, nahiz eta bere hegaldia oraindik azaltzeke dagoen. Pantaila bati so egiten utzi dugu, izan ere guk 12. aterantz joan behar bait dugu megafoniatik deika ditugu eta. Komunetik pasa, eta maderoari pasaportea erakutsita, autobusera.

Onur Air etxeko abioia da. Beste bat dago pistan, eta arratsaldeko 4tan beste bat atera dela ikusi dugu. Guztira 3 edo 4 txarter irtengo dira gaurkoan Istanbulerantz. Abioia handia da. Azafata bat nahiko guapa, besteak turkiar itxura markatuagoa zeukaten, eta madame bat zirudiena, un horror, Tamara ohia baino operatuago.



16. lerroan egokitu zaigu, hegal baten gainean. Iraitz leihoan, ni erdian, eta emakume bat pasilloan. Azkenean harekin hizketan amaitu dugu, nola ez. Bi bikote doaz, bi emakumeak ahizpak, eta haien senarrak. Kastron bizi direla esan digun arren, nik uste Bilbokoak direla. Natilla bat dauka, eta guk gailetak ditugunez, ba negozio ederra egin dugu; gero ilobaren gailetak ekarri dituela eta probatu behar ditugula, eta orduan nik izebarenak atera ditut…barre ederrak bota ditugu ba. Hori bai, hegaldian zehar tripulaziokoek ez digute deus eman; nik gasdun ur botila bat erosi dut 3 €tan, eta Iraitzek Coca Cola lata bategatik 4€ pagatu ditu. Berogailua piztuta dago gainera; ez dakite ezer hauek…Emakumea haserre ez dutelako megafoniatik deus espainolez esaten, ezta euskaraz ere, noski. Azkenean, 23:30rako edo ailegatu gara, 3 ordu gutxi gora behera. Eta eskerrak ze agobiatzen hasita nengoen. Anekdota gisa, Iraitz izan da lehena abioira igotzen, eta ni bigarren, jaisterakoan lehenengoetarikoak izan ez bagara ere, terminaleko eraikinean sartzen bai.

Oso aireportu handia da Ataturk, eta ordu hauetan mugimendu askorik ez badago ere, abioi pila daude. Visako leihatilatik pasa gara, 15€ak ordaindu eta pegata bat jarri digute, eta gero, pasaporte kontrolean, zigilu bat datarekin. 90 egunetarako balio du, eta horrekin nahi adina alditan sartu-irten gaitezke Turkiatik.

Neska hirukote batetan erreparatu dugu; izan ere, Iraitzek horietako bat nonbaitetik ezagutzen zuela esan dit, eta azkenean galdetu egin dio. Galdetu, eta Txingudi ikastolan koinziditu zutela. Zein txikia den mundua. Koadrila majoa, ea aurrerantzean koinziditzen dugun Irungo neska hauekin. Maleten bila zintara, eta gureak berandu atera dira, oso. Nire motxila gainera kremailera irekita eta zintak aske azaldu da. Maletak hartuta irten, eta Mundo Colorreko kartela zeraman tipoa ikusi, galdetu eta aurrera joateko esan digu; eta bigarren batengana ailegatuta, ea ze hotel geneukan eta Ramada Old City esan, zerrenda batetatik ezabatu gaitu eta “bigarren zutabean” itxaroteko esan digu, beste batzuekin batera. Horien artean, abioiko emakumea eta familia. Gizonezkoak kanpoan erretzen ari dira, ezin jasan hainbeste denbora erre gabe antza. Mobida da ondoren berriz sartzeko metalen kontrola pasa behar dutela. Ateratzeko esan digute, eta busaren zain egon behar izan dugu.

Ez dut kontutan hartu zenbat denbora iraun duen bidaiatxoak, baina ordu erditik gertu ibili gara. Gidak txango ezberdinen berri eman digu, eta haiek saltzen saiatu da, baina arrakasta gutxi izan du. Bere segapotoaren zenbakia eman digu badaezpada eta printzipioz biharko genuen bisita panoramikoa iganderako atzeratu dela esan digu. Bihar hortaz, lasai.

Semaforo batetan geratu gara, kale baten bidegurutzean, eta harrigarria oso gertatu zaigu kalean galtzak eta oinetakoak saltzen ari zirela ikustea, batez ere goizeko 2ak direla kontutan izanda…eta jendeak erosten ditu!

Lehenengo parada egin dugu, eta bi bikote jaitsi dira. Hurrengo geltokia, handik gutxira, Ramada Old City. Dozena bat edo jaitsi gara hemen. Pasaporteak harreran laga ditugu, berandu denez eta datuak hartu behar dituztenez, bihar goizean jasotzeko esan digute. Bale.

312. gela egokitu zaigu, 3. solairuan, noski. Gosaria 7tatik 10tara ematen dute 7. solairuan. Gelan sartu, eta oso oso ondo dago. Gustu handiarekin dekoratua, eta garbia…Komunetik pasa, arropak armairuan eta aulkian laga, gorde beharrekoak segurtasun kutxan sartu, gaztatxo batzuk jan eta lehen egun honetako kontuak idaztera, berandu samar bada ere; 3:30 pasiak. Ondoloin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario