2010/05/23

6.Zatia. Apirilak 10

7:30tan punttuan piztu da telebista. Ni lehena, nola ez. Azkar, eta goiz, gosaldu dugu gaur, eta “jeton” bi hartuta (2x1,50 LTY), tranbiara joan gara. 9:15tan geratuak gaude Eminönün. Tranbia lepo doa, hala ere, tartetxo bat egin eta sartzea lortu dugu. Tigre usaina. Nahiz eta bost minutu beranduago ailegatu, ez da arazorik izan ze neskak gure tranbia beretik jaitsi baitira. Tranbiatik jaitsi, azpiko pasabidetik pasa, eta aurrez aurre topatu dugu “Bosphorus”etik txangoak egiten dituen TDI konpainiaren txarteldegia. Jende dezente hemen ere.

Nahiz eta teorian txartel bakoitzak 25 LTY balio, bostengatik 100 LTY kobratu dizkigu. Ondo hasi gara. Barkua 10:35tan ateratzen da, eta jendea dagoeneko kola egiten ari da, nahiz eta ordu bete baino gehiago falta den. Gu ez gaude horretarako prest, eta Gàlata zubiko taberna zulo batetara joan gara zeozer bero hartzera. Atenditu gaituen tipoak Schumacherren antza zuen. Komunetik pasa ondoren, jendea igotzen hasi dela ikusi, eta allá ke vamos. Tipoari kobratzeko esan eta hamaika buelta eman ditu kanbio bila. Desesperatzen hasia nengoen, baina azkenean bueltak ekarri ditu.

Hau da barkua.

Barkura igo eta topatutako aurreneko eserlekuetan eseri gara, lehen pisuan, bi emakumeren ondoan. 11:40tan martxan jarri da asuntoa. Ea zer moduz.

Bosforoan barku andana dabil, bai garraio publikoa, baita turistentzako (gurea kasu) eta baita kargazko itsasontzi erraldoiak ere, betiere itsaso beltzetik edo beltzera doazenak.

Itsas bazterrean ikusi dugun aurreneko gauza interesgarria, Dolmabahçe jauregia izan da. Dolmabahçe, 1856.ean eraiki zen, Abdul Mecit sultanaren aginduz. Topkapi utzi, eta orduandik hauxe izan zen sultanen bizileku. Atatürk bera hemen hil zen 1938.an. Jauregi honen itxura, erabat mendebaldekoa da; Europa erdialdean topatuko genukeen garai bereko edozein jauregiren itxura.

Lehen parada bat egin du barkuak, europar aldean. Ez dakit inor igo ala jaitsi den; ez zait iruditu.
Aurrerago, 1973an inauguratutako Bosforoko zubi azpitik igaro aurretik, Mecidiye meskita barrokoa ikusi dugu. Txikitxoa eta txukuna. Hortik aurrera, “yali”ak, itsas bazterrean eraikitako luxuzko etxeak. Esanguratsuenetariko bat, Egiptoko enbaxada dena, zoritxarrez, azken boladan maizegi gertatzen zaigun lez, obretan zegoen, eta aldamioak besterik ez ziren ikusten. En fin.

Mecidiye meskita eta behean Egiptoko enbaxada

Bosforoan zehar jarraitu dugu; alde batetan Mehmet II.ak 1452.an eraikitako Europa gotorlekua ikusi dugu, eta XIV. Mendeko Asiako gotorlekua bestean. Hau da Bosforoaren punturik estuena; 700 metro alde batetik bestera.

Europa gotorlekua.

Asia gotorlekua beheanHemendik igaro eta berehala, asiar aldean gelditu gara, Kanlica herrian. Herri honen jogurta oso famatua da, eta barkukoek hori oso ondo dakitenez, aprobetxatu, eta jogurtak salgai jartzen dituzte. Guk, amore eman, eta erosi ditugu, noski. Oso onak. Gure ondoan zihoazen atso biak, Milango italiarrak, nahian geratu dira, ez baitira konturatu. Azkenean, atzoko brasildarrekin bezala, haiei eta haiekin argazkiak ateratzen aritu gara…

Fatih Sultan Mehmet zubia

Kanlicatik, Europara berriz. Yeniköy herrixkan beste geldiune bat egin du barkuak. Oraindik beste bi parada egin behar ditu, europar aldean biak, Anadolu Kavagira ailegatu aurretik.

Anadolu Kavagi, Asiako aldean dago. Txangoa honaino iristen da. Bertan ordu bi dauzkagu barkua bueltako bidea hartzen duen arte. Lotsagarria iruditu zait jatetxe batekoak banderatxoak astintzen aritu direnean bezeroak erakarri nahian; penagarria benetan.

Jatetxe eta katu pila hemen Asian. Mendi puntan dagoen Bizantziarren XIV. Mendeko gaztelura ez igotzea erabaki dugu, eta bazkaltzeko toki bila, menua 15 LTYan zeukan jatetxe batetan sartzea erabaki dugu. Goiko pisuan bazkaldu dugu. Kalamarrak, muskuiluak, entsalada eta arraina errea (dorada). Guztira 80 LTY. Prezio ona. Frenteko jatetxe batetan, urrutitik Ritxiren antza zuen tipo bat ikusi dugu. Begiratu argazkian ea zer iruditzen.

Bazkaltzetik irten, eta kaia ondoko terraza batetan eseri gara, kafea/tea hartzera. Jendea barkuan sartzen hasi denean, kolan jarri eta barrura. Oraingoan, aurrealdean behean egon gara, sofa batzuetan. Batzuk kanpoan ibili dira, beste batzuk ordea siesta bota asmotan. Azkenean haur batzuekin jolasean aritu gara eta buelta ez zaigu hain astuna egin. Bueltan, joandakoan eginiko parada berdinak egin ditu barkuak.

17tan ailegatu gara, otoitzerako deia egiten ari zirela. Tren geltoki paretik igarotzean, neskek komuna behar zutela eta, nik falta zaizkidan postalak erosteko aprobetxatu dut. Ondoren, la vorágine; dendak, dendak eta dendak. Azkenean, taberna irlandar batetan sartu eta zerbezak eskatu ditugu. Biarritzen errugbi partida amaitzen ikusi. Irabazi dute. Bide batez, postalak idatzi. Neskak beste zerbait erostera joan, eta hotelera joan dira trasteak eramatera. 21:15tan geratu gara haiekin Santa Sofia eta Meskita Urdinaren arteko banku horietan afaltzera joateko. Gu taberna zuloan geratu gara, beste zerbeza bat edaten eta telebistan saskibaloia ikusten. Dena dela, zerbeza bukatu, eta tabernatik irten gara, postontzi baten bila. Santa Sofia ondoan, kristoren montajea ari dira jartzen, ze bihar hastekoa da Turkiako txirrindularitza itzulia, eta etapa bertan amaitzen baita. Postontzia topatu, kartulinak bota, eta nesken zain…21:50 arte.

Gozo denda. Ez dira txoixoak, ez horixe.

Berandu, baina oso guapak azaldu dira. Zein ordu zen ikusita, eta gosea zegoela ikusita, itxura italiarreko jatetxe batetan sartu gara, han plaza ondoan bertan. Pasta eta pizza. 146 LTY. Barreak bota ditugu zerbitzariak “¿quieren algo de POSTER?” galdetu duenean eta besteak “Casillas es muy amigo mío” esandakoan. Kafea hartzera neskek ezagutzen zuten inguruko taberna “rokero” batetara joan gara (Dire Straits, M-Clan, Blur…). Telebistan Real Madrid-Bartzelona botatzen ari ziren eta jendea arretaz ikusten…

Barre gehiago bota ditugu, eta 00:40ak aldera hoteletarako bidean oinez. Bidean ere barreak (ke graciosos ke somos), eta ea bihar zer egiten dugun, guk txangoa baitugu. Gogo handirik ez egia esan, eta goizean goiz jaiki beharra dugu gainera. Ikusiko dugu zer egiten dugun.

Portzierto, gaurkoan 9890 pausu, ia 7 kilometro. Jaisten, baina nahikoa da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario