2010/05/26

7. Zatia. Apirilak 11

Zer egingo dugu ba, txangora joan. 7tan iratzargailua. 7:10etan ni lehena; nola ez. 8:15etarako gosaltzen ari gara. Nik ez dut gogo handirik, bart izandako afariak asetu ninduen nonbait. Zukua eta tea bai ordea. Motxilak erdi prestatuta utzi ditugunez, hortzak garbitu eta azken errepasoa emanda, behera. Harreran, koletadun gida bat genuen zain; Mas. Bizarra eta belarritakoa ere…jebia akaso? Me cae bien. Aparte beste hamar bat pertsona, txangorako bildurik.

Motxilak bertan lagatzeko esan digu, maleten gelan sartuko dituztela. Gelako “giltza” itzuli dugu eta kanpoan zegoen busera. Atzealdean eseri gara, eta zoritxarrez, hurrengo hotelean, berritsuak eseri zaizkigu inguruan, kubatar ahoberoa barne. Iraitz erdi lo zegoela, oihuka hasi da. No comment.

Beste hotel batzuetatik pasa gara jende gehiago jasotzera, eta busa ia bete egin da.

Harresiak, Teodosio II.aren agintepean eraiki ziren, V. Mendean. 6,5 kilometrotako luzera dute, eta Marmara itsasotik Urrezko Adarrera iristen dira. Ehunka urtez Konstantinopolis babestu zuten arabiar, bulgariar, errusiar eta turkiarren erasoetatik, baina 1453.an Mehmet II.a Konkistatzaileak harresiak zulatzea lortu eta hiria hartu zuen. Ondorengo Sultanek harresiak zaindu zituzten, XVII. Mendea arte behintzat. Gaur egun, berritze lanetan dihardute.


Harresiak goian, eta behean...kaskoa?

Busa, Mehmet II.ak zabaldutako zulogunetik irten da, Eyüperako bidean. Eyüpen, busa teleferikoaren ondoan geratu eta bertan jaitsi gara guztiok. Hor zebiltzan Kastroko bi bikoteak. Gu ikusi eta kriston poza hartu dute, nola ez. Haiekin etengabe berbatan eta barreak botatzen aritu gara teleferikora igo aurretik, bitartean, eta ondoren.

Ostiralean bezala, Urrezko Adarraren bistak errepikatu ditugu, oraingoan behintzat badakigu parean ikusten den eraikin eraberritu erraldoia garai bateko hiltegia zela, duela hamar urte arte ingurua erabat kirasten zuena. Egun, kongresuetarako eraikina bilakatu dute. Gidak Urrezko Adarra zergatik esaten zaion ere aipatu digu; bere garaian, zubirik ez zegoenean, urteko sasoi jakin batetan, eguzkiak, iluntzean, itsas adarreko urak urre koloreekin tindatzen zituelako. Oso erromantikoa, ezta? Era berean, Pierre Loti, inguru honetan hain famatua den idazlea, errealitatean nahiko idazle kaskarra zela, eta bere balorea, arestian aipatu lez, Inperiotik Errepublikara emandako pausuaren kanpoko lekuko izatean datzala.

Ordu erdi izan dugu libre; tabakoa erosteko aprobetxatu dugu, eta eskaileretan esertzeko, bizitza, eta turistak, pasatzen ikusteko. 10:30tan denak bildu eta aurrekoan bezala, oinez jaitsi gara, Kastrokoekin noski, meskita aldera. Ez dago ostiralean bezain beste jende, ez horixe. Masek meskita oso garrantzitsua dela adierazi digu, hiriko garrantzitsuena, ondoan, Eyüp Ensariren hilobia dagoelako. Eyüp Ensari, Mahomaren jarraitzaile eta bizkartzaina zen. Konstantinopolis hartzen saiatu zirenean, VII. Mendean, Eyüp zendu zen, ia 80 urte zeuzkala. Une horretan gudaroste musulmanaren jenerala zen. Eyüp hiltzean, bere hilobia ondo gorde zuten, eta 1453.an Mehmet II.ak hiria konkistatu zuenean, ustez hilobia zegoen tokian meskita bat eraiki zuten. Taldeko kide gehienak meskitan sartu dira, gu ordea, aurrekoan zintzilik lagatako Eyüp Ensariren hilobia ikustera sartu gara. Oinetakoak kendu, poltsan sartu, eta barrura. Iznikeko azulejo urdinak barra-barra.



Jendeak serio samar hartzen du erlijioa hemen, eta hori teorian estatu laiko batetan gaudela. Emakume asko errezatzen, ia estasi egoeran. Erreparo eman dit kamara ateratzea, bai bata baita bestea ere. Dena dela, ondoan neukan tipo bat argazkiak ateratzen ikusi, eta animatu naiz bideo kamara ateratzera. Berehala irten eta aurrekoan ikusi ez genituen inguruak ikusi ditugu. Gaur igandea izanik denda asko itxita. Meskita ondoko plazara itzuli, eseri, eta jendea noiz azalduko zain egon gara. Eguraldia majo.

Denak bildu eta buserantz. Busera igo, eta bueltan zenbait gauza berri ikusi ditugu. Ortodoxoen patriarkatua, Bulgariarren Esteban Done eliza…Atatürk zubia igaro, eta jendea bere hoteletan lagatzen hasi gara, Taksim inguruko Ramada Plazatik hasita. Hiria modu erosoan ikusteko aukera eman digu honek. Hotelera iritsi, eta aireportura eraman behar gaituen busa ailegatzeko ia 50 minutu falta direla aprobetxatuz, ondoko eraikinean dagoen garitoan zer jateko erosi dugu: bi pizza zati, bi brownie eta edariak. Terrazatxoan eseri gara eta zirimolen artean jan dugu dena. Hoteleko harrerara itzuli gara ordua gerturatzen ari dela ikusita, eta motxilak jasota, gainontzekoekin busa noiz iritsiko zain egon gara. 13tan azaldu ordez, 13:25tan iritsi da busa. Egia esan trafikoa asko okertu da, horretan txirrindulari itzuliak ez zuen lagunduko prezizamente.

Busera igo, eta Sabiha Goçen aireporturantz, asiar aldeko aireportua. Bidesaria duen Bosforoko zubia pasa dugu. Trafikoarekin arazoak izan dira eta berandu samar ailegatu gara; dena dela, gure txarterrean zetozen beste batzuek okerrago pasa dute, taxiz ere joan behar izan baitute. Busetik jaitsi, eta harrigarria, aireportuaren eraikinean bertan sartzeko segurtasun kontrola, nahiz maletak fakturatzera eraman. Nire pila eta bateriekin problemak izan dira; eskerrak Masek tipari fakturatzeko direla esan dion. Fakturatzea…hain mantso joan da dena!




203. atea dagokigu, eta oraindik 32 LTY dauzkagu. Zerbait edateko irrikatan, Burger King bat ikusi, eta bertan zerbait jatea otu zaigu, prezioak oso garestiak dira ordea, eta 32 LTYrekin ez dugu bi menurako…hortaz, bi irabiatu eskatu ditugu zeozer edatearren eta dirua xahutu arren. Iraitzen lankidea ikusi dugu orduan; hark ere gaur arratsaldean dauka hegaldia, eskala Balentzian eginda noski. Erositakoak erakutsi dizkigu: faltsuak izan arren, Made in Italy eta guzti jartzen omen duten oinetakoak, lepoko zapia, belarritako eta eraztuna, larruzko berokia…Orduantxe gure Irungo lagunak azaldu dira, eta haiekin izan gara abioira sartu garen arte. Edari bila jarraitu dugu, baina ez dut edaririk botilan topatu, eta eskerrak, ze hegazkinera igo aurretik, beste segurtasun arkua baitago, eta ez dute likidorik pasatzen uzten.

Bueltako bidea sosoa oso. Neskak 5. lerroan, Kastrokoak erdibidean nonbait…eta gu 33. lerroan, ingurukoak pairatzen. Bero, egarriz, lo hartu dut atera eta berehala, baina ordu bete eskas geroago esnatu eta ezin lorik berriz hartu. Oso luzea egin zaigu. Atzeko tipoari entzun diodanez, joaneko bidaian, abioia askoz azkarrago joan zen, 4 ordutako bidea 3 ordutan egin baitzuen, eta horregatik ailegatzean busik ere ez zegoela esan du.

Azkenean, leihotik, Bartzelona, Iruña, Zumarraga eta Eibar ikusita, 20:10etan lurra hartu dugu. Ea zorte pixka batekin motxilak azkar atera eta Pesa hartzerik dugun, bestela…beste ordu bete itxaron beharra eta Donostiara ailegatzean toporik ez. Irundarrekin hizketan geundela, motxilak atera dira, jaso, eta muxu bana emanda, korrika irten gara. Bilbobusan zain Kastrokoak zeuden. Haiek agurtu, eta busera. Ozta-ozta harrapatu dugu, baina bai, barruan gaude. Ondo.

21:45rako ailegatu gara Pio XIIra, ez zegoen trafikorik ia. Easoko topo geltokira lagundu nau Iraitzek, bendin makinatik zerbait atera, eta Iraitz agurtuta 22:15tako topoan etxera. Istanbul? Primeran; jende berria ezagutu dugu gainera. Honela bai. Bihar astelehena. Deus gertatu ez balitz bezala…

No hay comentarios:

Publicar un comentario