2010/03/06

17. Part XVI. Apirilak 15. Sjáumst fljótlega!


Ni dagoeneko nahiko nekatuta, erdi lo geratu naiz, Champions Leagueko Chelsea-Liverpool telebistan zegoela. 4tako edo jaiki gara, dutxatik pasa, erabili gabeko pizza zakarrontzian laga, eta trasteak gainean, aparkalekura jaitsi gara. Autoa atera, hoteleko giltzak utzi, eta aireporturantz. Ilun dago, oso, baina ondo goaz. Seinaleak oso argiak dira, eta trafiko gutxi badago ere, ez gara norabide berean goazen bakarrak. Kontu handiz, ze abiadura maximoaren limitea 90 km/h baita, eta errepideak horretarako eta gehiagorako ematen badu ere, turistekin nahiko fijazioa dute Lögreglanekoek.
Aireportura iritsi gara, nahiko aldearekin, eta atzealdeko gasolina postean bota dugu…baina noski, zenbat behar duen nola jakin? 2000 IKR bota eta ez dela bete ikusi dut, hala ere, ez naiz berriz botatzen hasiko. Alokairuzko autoen aparkalekua topatu, eta gauzak atera eta kotxeko giltza barruan utzi dugu, autoa irekita noski, azkenean ez bait dugu asmatu nola itxi giltzik erabili gabe. Espero dezagun ezer arrarorik ez gertatzea.
Terminalaren eraikinera sartu, eta auto-check-in egin genezakeela ikusi dugu, baita halaxe egin ere. Egon gelan eserita egon gara rato batez, baina lehenago postontzi batetan Tax-Free delako horien paperak sartu ditugu, erositako oroigarrien BEZa itzuli diezaguten. Ikusiko dugu zeozer lortzen dugun. Pariserako hegaldiari zein ate dagokion ikusi, eta harantz gerturatu gara. Erdi lo geratu gara eserlekuetan, baina azkenean, egunez dagoeneko, Icelandairren abioia hartu dugu Paris Orlyra.
Ez dut gogoratzen bi ordu eta erdi ala hiru ordu izan ote diren, baina azkenean Parisera ailegatu gara. Hurrengo helburua, irteera topatu, eta Charles de Gaullera (CDG) doan busa bilatzea. Orly amaiezina da. Denbora pila egin dugu atzera eta aurrera, trenez, oinez, zintaz, igogailuz…baina azkenean topatu dugu irteera, eta Air Franceren autobusa CDGra joateko. Nahiko azkar atera da busa, gu iritsi eta hamar minutura edo. 19€ buruko. Kasu honetan ere, ordu eta laurden CDGra ailegatu den arte. Gure ondoan zihoan bat bidai osoa telefonoz hizketan pasa du, eskerrak erdi lo geunden…
CDGn terminal guztietatik pasatzen da busa jendea lagatzen, eta azkenean gurea: 2. Denboraz oso ondo gabiltza; gehiegi. Pizza Huten sartu gara, zerbait jan eta enbarke gunera pasa gara. Terminal honetan obretan daude, eta zerbitzu gutxi dago martxan; taberna badago, baina baita jende ugari ere, eta eserleku urriak. Azkenean Biarritzerako deia egin dute eta harantz inguratu gara, eskanerretik berriz igaro, eta abioira. Ordu bete beranduago Euskal Herrian berriz, deus gertatu ez balitz bezala...
Islandia? Martzianada bat, eta Marte oso gustoko dugu.

---------------------------------------------JoTaErre, 2010eko martxoa-----

No hay comentarios:

Publicar un comentario