2010/05/10

4.Zatia. Apirilak 8.

8:43etan jarritako iratzargailuak ez du arrakastarik izan. Betiko lez, ni izan naiz lehena, 9:10 aldera. Gosaltzeko igo garenean, juxtu 10ak jotzen ari ziren. Bertako arduradunak irribarretxoa bota digu sartutakoan. Fruta, gazta, olibak, tea…Gurekin txarterrean etorritako batzuk ondoko mahaian; egunon esan eta lautatik batek bakarrik erantzun du. Majisimas oye. Gosaldu dugu ba, 10:30tarako gelan, erdi botata geratu eta 11:20tako edo martxan jarri gara Topkapi aldera. Liburuan, posta bulegoak PTT deitzen direla ikusi nuen bart, eta maparen arabera, gure kalean halako bat badagoela ikusi dut. Topatu, eta orain arte idatzitako postalak utzi ditut. Ez naiz gehiegi fido ze tipoak oso aurpegi txarra jarri dit. En fin, arazo bat gutxiago.


Çemberlitas. Konstantinoren zutabea. Atzealdean Nuruosmaniye meskita.
Yerebatan inguruan, Buenos Aireseko Caminitoren antzekoa...

Topkapi, Mehmet II.ak XV. Mendean eraikitako jauregia da, eta XIX. Mendea arte Sultanen egoitza izan zen. 1853. urtean, Abdul Mecit I.ak bertatik alde egin eta Dolmabahçe jauregira joan zen. 1924. urtean museo gisa zabaldu zuten.


Sarrera.

Ia 12:20 ziren ailegatu garenean. Sarrerako txartelak erosi, 10€ buruko, eta sartzeko berriz atzoko kaosa; poltsak zintatik, eta gu arkutik. Txirrina etengabe “piii” egiten eta bertakoek kasu putik ez. Jende pila dabil, baina ez da agobio handirik. Sartu eta berehala Harenera joan gara. Entzundakoaren arabera, goiz goizetik nahiko jende pilatzen da hemen eta komeni da esna ibiltzea. Ez da hainbesterako izan. Beste tiket bat erosi behar izan dugu, 7,5€tan, eta tornua pasatuta, barrura.

Toki kuriosoa Harena. Haren arabieraz “debekatuta” edo “galerazita” esan nahi du. Leku honetan, Sultanaren emazte, amorante eta seme-alabak bizi ziren. Eunuko esklabo beltzek zaintzen zuten inguru hau, eta bertan sar zitezkeen gizonezko bakarrak Sultana eta bere semeak ziren. Bertan, kartzela bat ere bazen Sultanaren anaientzat. Haren hau Murat III.aren enkarguz eraiki zen XVI. Mende amaieran.



Harenaren hainbat detailetxo.

Bisita nahiko azkar egin dugu. Ez dugu audio-gidarik hartu, geletako panelak irakurtzen aritu gara. Gurekin batera espainiar emakume talde bat zebilen, txoko guztietan argazkiak ateratzen eta oihuka (audio-gida belarritatik kendu gabe noski) haien artean. Gelatxo asko, ez oso handiak, eta jende gehiegi. Argazkiak ateratzeko nahiko zaila. Gela ezberdinak ikusi ditugu, patioak, konketak…


Harenaren beste bi ikuspegi

Handik irten, errezorako deia egiten ari zirenean, eta jauregiko beste parteak ikustera joan gara. Kasualitatez, gure hegaldi kideak topatu ditugu; Kastroko bi bikoteak. Kolore ona genuela esan digute, eta barre batzuk bota ditugu haiekin. Altxorraren gelako kolan jarri gara. Jende pila…eta zalantza, ze nik uste nuen irundarrekin 14tan geratuak geundela, eta Iraitzek ezetz, 14:30tan zela…eta zer hobeto galdetzea baino?


Goian Bagdad pabilioia, behean Bosforoa Topkapitik ikusita.

Kolan geundela, gure Irungo lagunak ikusi ditugu inguruan, eta zuzenean galdetu egin diegu: “14tan ala 14:30tan?” 14:30tan. Ordu erdi faltan ba. Dena dela, altxorraren gelaren kanpoaldean itxaron gaituzte. Kastroko emakumeak ea nobiarik bota ote dugun galdetu digu neskekin ikusi gaituenean…

Azkar asko kola guztiak gainditu, harribitxi etabarrei jaramon gutxi egin, eta a toda letxe kanpora irten gara. Egia esan, nik ikusi nahi nituen gauza bakarrak Pertsiako Shari oparitu behar zioten labana eta urrez estalitako seaska ziren, 1964ko “Topkapi” pelikulan azaltzen zirelako. Aipatu beharrik ez dago altxorra gela ez dagoela pelikulan azaltzen den moduan.


Altxorren aretoa.

Falta zena ikusita, poliki-poliki alde egin dugu handik bostok. Aurrekoan deskubritutako kaletxotik jaitsi gara, Santa Sofia atzealdetik doana, eta dirua aldatzera joan gara. Negozio txarra egin dugu gaurkoan, 1€=1,93 YTL. Toki interesgarriak ikusi bazkaltzeko, eta azkenean Gàlata azpiko lehen garituan amaitu dugu arraina jaten, bidai agentziako Luisek gomendatu zigun moduan.

Topkapiko lorategiak oso ederrak...
Goiko argazkian kiosko bitxi bat.
Goian Yeni meskita eta gizon bat oinak garbitzen otoitz egitera sartu aurretik.

Dena dela, nik uste Luisek ez zigula guk aukeratutako horri buruz hitz egin prezizamente. Mejiloi eta kalamar razio bana, eta ondoren hainbat arrain ezberdinez osatutako 40€tako parrillada antzeko bat. Tokia inguruko gainontzeko jatetxeekin alderatuta, kutre samar bazen ere, autentikoagoa zen, bertako jendea baitzegoen bertan bazkaltzen. Ez da txarto egon.



Bazkaltzetik irten, berandu joan garenez, berandu irten gara ere, eta Espezieen Bazar ondotik igarota, tabernaz jositako plaza batetik pasa eta George Clooneyren doblea agurtu dugu. Hori barreak bota ditugunak.

Kuriosoa da; taberna baten paretik pasatzean, tipo batek bertara sartu edo terraza bat baldin bada, bertan esertzeko esaten dizu; onartu ezkero, beste batek mahai batetara eramango zaitu, eta hirugarren batek karta edo menua ekarriko. Laugarren batek zer nahi duzun galdetuko dizu eta bosgarrenak eskatutakoa ekarri. Gerta daiteke seigarren batek kobratzea, baina normalean aldez aurretik ikusi duzun baten bat izaten da. Horrela ezinezkoa da langabezia egotea hemen, hori bai ez dut pentsatu nahi zer nolako soldata izango duten…

Clooney gogor saiatu bada ere, ez dugu ezer hartu; Meskita Urdinerako bidean, postetxe nagusia ikusi dugu eta neskak kartulinak botatzera sartu dira. Jakin izan banu…

Yerebatan zisternen inguruko kaletxo batetik sartu eta estufadun terraza batetan eseri gara, erretzaileek erre dezaten, eta hotzik pasa ez dezagun. Neskek kafea; txokolatezko soufflea mutilek. Ondoren sagar tea atera digute. Ondo jan deu, ondo edan deu eta barre ederrak bota tabernako tipoarekin. Martxa non dagoen galdetu eta bihar Istiklal aldean majo egongo dela esan digu.


Meskita Urdina eta inguruak iluntzean

Terraza horretan ilundu digu, eta handik Meskita Urdinera joan gara. Inguruko postuetan geratu gara diru zorro eta litxarreri merkeak ikusten eta erosten, eta handik Meskitara. Ezin izan dugu sartu ordea, 19:40ak direlako; otoitzerako ordua. Ea zein ordutan joan gintezken galdetu eta 20:30ak aldera edo ondo legokeela esan digute. Meskitaren eraikinari buelta eman diogu ba, eta artisau denda interesgarriak topatu ditugu zalditegi zaharren inguruan. Azkenean, atzo oinetakoak garbitutako bankuetan amaitu dugu, zutik, argazki majoak ateratzen.

Ordua iritsi, eta Meskitara. Oinetakoak kendu, poltsan sartu, eta barrura. Neskek burua estali behar izan dute ere. Handia eta ikusgarria da Meskita Urdina. Hala esaten diote Iznikeko azulejo urdinak erabili zituztelako barrualdea dekoratzeko. Ahmet I.ak eman zuen eraikitzeko agindua XVII. Mendean. Ez dago apenas jenderik, eta daudenetatik, 2 edo 3 errezatzen. Moketa gorria, lanparak ia beheraino kable luzetatik eskegita; sabaiak oso altuak eta azulejo polikromatuekin dekoratuak, paretetan berriz urdina nagusi. Egia esan, urdinagoa izango zela uste nuen…


Meskita Urdinaren zenbait ikuspegi.


Emakumeentzako errezorako lekuak atzealdean eta alboetan daude, zapatak lagatzeko altzari batzuk badaude ere; Mekako meskitaren maketa bat ikusi dugu. Turistok gainditu behar ez dugun limitea egurrezko hesi batek markatzen du, minbarra, mihrab-a (Meka norantz dagoen markatzen duen ataria)…rato majo batez izan gara bertan, hori bai bake santuan, zerikusirik ez Santa Sofian jasandako iskanbilarekin. Irteeran borondatezko diru laguntza eskatu eta tiket bat eman digute emandako kopuruaren arabera.

Handik alde egin, eta Hipodromo ingurutik zisterna aldera. Taberna bateko batek txapa eman digu eta birrak 5 liratan zituela esan eta konbentzitu gaitu, nahiko erraz gainera. Jatetxea dirudi, baina ez digute kaña sartu ezer jan dezagun. Dena nahiko ondo, musika kenduta. Salsa eta antzeko kontuak. Un horror.

Berriketa majoa eta luzea egin dugu barruan, eta alde egin dugu beste batera. Handik gertu gainera. Txoko txiki batetan eseri arazi gaituzte eta hemen ere zerbeza bana. Musika, kantu famatuen disko bertsioak, baina 4 edo 5, ze etengabe errepikatzen ziren. Azkenean, nekatuta, 22ak baino gehiago direla ikusita, oinez hoteletara. Neskek tranbiaz joan nahi bazuten ere, elkarrekin joan gara oinez, eta hotelera lagundu diegu. Hotela inguru ilunean daukate. Jendilaje arraroa dabil gainera. Uste dut Fuar hotela dela, Namik Kemal kalean. Biharko geratu gara, eguerdian Eminönü inguruan, Eyüp aldera joateko, Pierre Loti eta istorio horiek ikustera.

Orain 1:30ak dira, berriz ere berandu; ez dugu ikasten. Gorputza geroz eta okerrago, baina beno, emango diogu buelta. Gainera, egunak pasa ahala eta zer egin dugun ikusita, ikusi beharrekoak ikusteko nahiko denborarik izango ez dugula geroz eta argiago dugu. Oseake beste batetan itzuli beharko. Gaur gutxi idatzi dut. Sentitzen dut. Ah, makinatxoaren arabera, 17700 pausu, 12 kilometro eta erdi gutxi gora behera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario