2010/05/08

3.Zatia, apirilak 7.

Iratzargailua 8tan. Kasu putik ez. Ni izan naiz lehena gaurkoan ere. Oso lasai hartu dugu, izan ere, atzo lez, 9:50tan igo baikara jangelara. Oso bista txarrakin, terrazako ate ondoan jarri gara. Gaur atea itxita dago kalean dagoen eguraldi zitala dela eta; dena den, erretzera irteten den jendeak atea zabaldu eta itxi egiten du, eta korronteak…

Jangelako arduradunak ea kaferik ala terik behar genuen galdetu digu irribartsu. Nik tea, Iraitzek kafea. Bestela, saltxitxak, gaztak, olibak, laranja (oso ona), tomatea, jogurta…ba hori. Gelara jaitsi eta rato batez ohean botata izan gara, erabat alfertuta. Garbiketako tipa etorri zaigu 11:10tan eta beranduago pasatzeko esan diogu…

11:30tako irten gara azkenik, eta poliki baina geratu barik, gure kaletik jaitsi gara, tranbiaren bidea jarraikiz, Santa Sofiaraino. Kolan jarri, nahiko laburra gaurkoan, eta 12:10tako barruan. 10€ buruko. Hori bai, kristoren mobidak sartzeko unean, ze poltsak eskanerretik pasa behar dira, eta guk segurtasun arkutik pasa behar dugu, eta txirrinak etengabe “piiiiiiiii” egiten bazuen ere, ez dute inolako jaramonik egiten. Lehenik eta behin, komunetik pasa eta Konstantinoren garaiko harriak ikusten aritu. Jende dezente dabil.


Konstantinoren garaiko aztarnak

Kanpoko bista, nabari antzematen dira adreiluak eta harriak tartekatuak

Barrura sartu gara ba, eta oso leku kuriosoa dela ikusi dugu. Bi atari pasa, eta nabe garrantzitsua dago. VI. Mendean eraikitzen hasi baziren ere, ez dago apenas garai hartako arrastorik. Sartu aurretik, Atatürkek 1934.an Santa Sofiaren sekularizazioa sinatu zuen paperaren irudi bat ikusi ahal izan dugu panel batetan. Orduandik, ez da praktika erlijiosorik bertan, museo hutsa da. Beste panel batetan, bisitari famatuen argazkiak, Obama, Clinton, Hussein Jordaniakoa, Tatcher, Cavaco Silva, Wojtyla, Ratzinger…

Barrualdea ikaragarria da. Kupulak, lurretik 56 metrotako altuerara, 31 metroko diametroa du. Hori bai, gauza bi: Baga, errestauratze lanetan omen dabiltza, eta beharra dauka, bai horixe. Sabaiak eta paretak oso txarto daude zenbait lekuetan. Harritzekoa Istanbul 2010eko Europako Kulturaren Hiriburua izanik, egoera honetan egotea. Biga, zarata. Nik uste nuen jendeak errespetu handiagoa izango zuela, baina kristoren zalaparta pairatu behar da hemen barruan: Antolatutako talde asko, haurrak korrika…kaosa.

Minbarra
Mekaren norabidea markatzen duen ataria. Aurreko argiaren parean katutxo bi.

Meka norantz dagoen markatzen duen atariaren ondoan, aldarean, bi katu goxo-goxo foku baten berotasuna aprobetxatzen; sabaian, ama birjinaren mosaiko bat. Ondoan, minbarra (musulman iman-ek haien errezoak zuzentzeko erabiltzen duten eskailera antzekoa). Bertan ere, inor ezaguna topatzeko beta izan dugu, nola ez. Bi bikote euskaldun: Iraitzen ikastolako irakasle bat, eta horrekin berak ordezkatutako andereño bat. Txiki world…

Hemen argiro ikus daiteke sabai eta pareten egoera kaskarra
Goitik ateratako irudia
Mosaikoetako bat

Buelta osoa eman dugu behealdetik, eta gora igo gara. Ez dago eskailerarik, igoera guztia maldatxo batetik egiten da, Kopenhageko dorrean bezala. Goian, lurra oso irregularra topatu dugu, bistan zegoen ere zutabeak okerrak zeudela…nola mantendu daiteke halako eraikin bat zutik egoera honetan? Sinestezina. Goialde horretan, mosaikorik garrantzitsuenak; pantokratorra, erregeak, eta abar. Leihotatik Meskita Urdinaren bista majoak. Azkenean, irtetean, abluzioetarako iturriari argazkia atera eta kanpora. Ia bi ordu egin ditugu barruan!

Meskita Urdina Santa Sofiako leihotik ikusita. Behean abluzioetako iturria.

Eguraldia gris badago ere, ez du euririk bota. Goizegi dela iruditzen zaigu beste nonbaitera sartzeko, hortaz, Santa Sofia eta Meskita Urdinaren arteko lorategietako banku batetan eseri gara. Halako batetan, tipo bat hurbildu zaigu zapatak garbitu asmotan. Ezetz esan diogu, baina zigarro bat eskatu eta Iraitzek eman egin dio…eta trukean oinetakoak garbituko zizkiola esan dio, eta “ezetz”; besteak “free” esan dio, zigarroa ematearren, eta azkenean, Iraitzek laga dio. Hala ere, amaitzean kobratu egin dio, eta 15 lira gainera! Egia da oso ondo utzi dizkiola; dena dela, tipoa enrollatu eta te batetara gonbidatu gaitu. Oraingoan bai izan dela “free”. Tea ekarri digu, eta gu gustura, eserita jendea pasatzen ikusten. Garbitzailea ondoko bankuan eseri da beste lagun batekin eta polizia agertu da, paperak eskatu, eta handik eraman dituzte. Ondoren, garbitzailea azaldu da, eta guztia bere lagunaren erruz izan dela esan digu. Bai, seguru. Tea bukatu, eta Yerebataneko zisternara joan gara.

Tea hartzen genuen bitartean...

Oso kuriosoa da hau; bere garaian, Hipodromo inguruan zegoen jauregiaren ur beharrak asetzeko eraiki zuten ur depositua lur azpian. Ura Belgradeko basotik (hiriaren kanpoaldean dago, ez Serbian) ekartzen zuten. Ez da hirian topatu dezakegun mota honetako zisterna bakarra. Bere garaian, hiria erasotzen zutenerako (nahiko maiz) ur hornidura garantizatzen zen zisterna hauen bitartez.

Yerebatan zisterna honek istorio bitxia du, ze otomandarrek Istanbul XV. Mendean konkistatu bazuten ere, ez zuten zisterna honen berri izan mende bat beranduagorarte, jendea urarekin, eta zenbaitetan arrainekin ikusten zutelako, eta haritik tira…

5€ pagatu, sartu, eta berehala, eskailera bat; iluntasuna nagusi, eta behealdean tipo batzuk jendeari argazkiak ateratzen mamarratxoz jantzita. Sosak atera behar dira! Galeriak altuera dezente du, eta zutabe pila daude. Plataforma luze bati esker, puntaraino joan gaitezke. Aipatu zisterna osoa ez dagoela ikusgai gaur egun, zati handi bat horma batez itxita dago eta. Oinarrian Medusaren irudiak dituzten zutabeak fondoan ikusi ahal izan ditugu. Musika klasikoa ur ttantten hotsekin batera; iluntasuna eta argi gorritxoak. Oso intimo eta hezea. Taberna bat ere badago, baina Iraitzi ez diote komuna erabiltzen utzi.

Medusaren burua zutabearen oinarri gisa, behean zutabe kurioso bat.

Atera gara, eta kaleetan zehar paseatzen aritu gara. Irango enbaxada ondotik pasatzean, furgona eta auto baten arteko kolpea ikusi dugu. Lehenak bigarrena jo, eta ondoren jotzen jarraitu du. Nik uste nuen ostiaka hasi behar zutela, eta ez; ibilgailuak albo batetan laga, eta paperak egiten hasi dira.

Kaleetan behera, azkenean Espezien Bazarrean agertu gara. Zeharkatu dugu berriz ere, eta Gàlata zubia pasa dugu, gure asmoa beste aldean bazkaltzeko tokiren bat topatzea baita. Goialdetik igaro gara, ez dugu beheko pelma horien txaparik jaso nahi eta. Zubia zeharkatzen ari ginela, Irungo neskak topatu ditugu. Rato batez hizketan aritu gara, haiek Istiklal aldetik datozela, eta bazkaltzera doazela ere, baina beste aldera. Bihar bazkaltzeko geratu gara, 14tan Topkapi jauregiko sarreran. Agurtu, eta gure bidearekin jarraitu dugu. Eguna hobetuz doa, ez da hainbesteko hodeirik eta eguraldia edertzen ari da. Zubia pasa ahala, Iraitzek komunera joan behar zuela, behealdean WC marka bat ikusi, eta hara joan da; ni bitartean zain, arrain postuei begira. Buelta handia eman behar izan du WCa topatzeko.



Azkenean eskaileran gora, Gàlata dorrera ailegatu gara, eta kale artetik non bazkaldu bilatzen jarraitu dugu. Atzoko kebabaren esperientzia ondoren, ondo begiratu nahi dugu. Istiklal horren paralelo batetik joan gara, eta elkarzut batean, Toscana izeneko garito italiar bat topatu, eta zalantzarik gabe, sartu egin gara. Izan ere arratsaldeko 5ak dira dagoeneko, eta gose pixka bat eitten du. Tokia oso ondo dago. Ondo girotua, ondo dekoratua, garbia, hori bai, bertan izan garan bitartean fado disko bera etengabe txapa ematen izan da, eta bertakoak ez dira oso trebeak ez ingelesarekin ezta italiarrarekin…hala ere, elkar ulertu diogu. Iraitzek espagetiak karbonara erara eta ondoren calzone bat; nik pommodoro zopa bat eta pizza diavola. Edateko bi Efes, eta postrerako tiramisu eta brownie bana. Guztira 57 YTL. 60 utzi, eta komunetik pasa ondoren, alde egin dugu bertatik.

Toscana...

Gorputza berrituta, paseatzen jarraitu dugu, Istiklal horretatik eta inguruko kaletxoetatik. Eliza batetan sartu gara. Arraroa egin zaigu, baina barruan ezer berezirik ez. Kanpoan Juan XXIII.aren irudi bat eta kitto. Azkenean ia Taksim plazaraino ailegatu gara, buelta erdia, eta Istiklalen behera berriz. Imam kalean DoRock taberna topatu dugu. Barrura zuzenean; tipoari Coca bat eta Efes bana eskatu (7,5 YTL), eta bideo DJa zer jartzen aritu den ikusi dugu. Nahiko eklektiko; Helloween, Aerosmith, Bon Jovi, Amorphis, Jag Panzer, My Dying Bride, Metal Church, Paradise Lost…Talde batek jo behar du gero; kalean 21:30tan iragarrita dago, baina guk 21:50tan alde egin dugu eta oraindik ez zegoen ezer. Bi birra gehiago hartu ditugu irten aurretik: 12YTL. Ikusi dugu badagoela hiri honetan mobida jebia, eta ez da gutxi. Taberna ondo, zerbitzua ona. Ea Iraitz konbentzitzen dudan berriz joateko.

Handik irten, eta Istiklalen behera. Jende gutxiago ikusten da; eraikinetan, bigarren/hirugarren pisuetan tabernak daude, eta zenbaitetan musika zuzenean. Harrigarria ere gabonetako argiak jarrita daudela oraindik, eta gauez piztuta gainera. Istiklal amaitu denean, musika tresna denden kaletik jaitsi gara; hutsik zegoen. Nolako irudia atzokoa, eta gaur berriz…Gàlata dorrea gauez oso polita.

Gabonetako argiak...piztuta.

Behera ailegatu eta zubia pasatzen ari ginela, tranbiaren bidetik jarraitzea erabaki dugu. Paseo majoa. Postontzien bila jarraitu dut; ez dut bat bera ere ikusi. Biharkoan ez badut ezer topatzen, postalak hotelean lagako ditut.

Bidea azkar eta ondo egin dugu. Eroso, minik gabe. Okerrena Unibertsitatetik hotelerainoko tarte hori. Oso luzea egiten da. Itxura txarreko tipo bat etorri zait eta ea ingelesez egiten nuen galdetu dit, eta nahi nuen edozer lortu zezakeela, emakumeak…nik jaramonik egin gabe, bidearekin jarraitu dut. Azkenean hotel ingurura ailegatu gara. Iraitz gose dela, parean dagoen 24 orduko “bufe” horietako batetan zeozer eskatu, eta gelara igo gara. 23:30 pasiak.

Ez dakit zergatik, baino hoteleko harreran dozena erdi bat tipo zeuden eserita…ellos mismos. Kalean, trafikoa eta jendea. Gehiegitxo igual astegun bateko ia gauerdia izateko. Gelara ba, eroso jarri, “Headbanger´s Ball” ikusi MTVn 12ak arte, eta ondoren TVEko “Comando Actualidad” izeneko programa jarri dugu, nik idazten dudan bitartean.

Amaitu dugu eguna; beste pateada majo batekin; 27700 pauso, ia 20 kilometro. Anda que no. Hala, Gabon.

No hay comentarios:

Publicar un comentario