2010/05/04

2.Zatia, apirilak 6.

9tako jarri zuen telebistako iratzargailua Iraitzek. Telebista bai, ze ez dugu ez erloju alarmarik ezta segapotorik ere. Bart telebistarekin jolasean deskubritu zuen Iraitzek zelan piztu tenporizadoreagaz.

Gaua luzea izan da, beroa eta lehorra. Faltan bota izan dut edateko zeozer. En fin, 9ak iritsi dira eta guk jaramonik egin ez…hamar minutuz behintzat. Jaiki, eta dutxa probatzeko beta izan dut. Bidai guztietan lez, dutxak beti misterio bat. Ez dakit oso derrepentean zabaldu ote dudan edo, ze telefonoa jausi egin baita. Komunean dena ondo, xanpua, akondizionadorea, gela, ilea lehortzekoa…

9:50tarako 7. solairuan gosaltzen. Ikaragarrizko bistak daude hemendik. Urrunean, Meskita Urdinaren minareteak nabari dira. Eguraldia zoragarria, nahiz eta urruntasunean poluzioak eragindako lainoa argiro antzematen den. Gosaltzeko, ia beste edonongo buffet tipikoa: zukuak, edari beroak, ogi xigortua, fruta, zerealak, jogurtak, saltxitxak…denetarik vaya. Terrazan izan gara piti bat erretzen, eta bistetaz disfrutatzen.

Gelatik pasa, eta 10:30rako kalean geunden. Pasaporteak jaso ditugu, eta gelako giltza ez dugu laga behar izan. Ondo. Lehen aipatu moduan, kristoren eguraldia, hala ere, euria iragarrita dagoenez, badaezpada euritakoak motxilatxoan; ondoren baietz eskertu. Millet Caddesin behera joan gara, tranbiaren bidea jarraikiz. Jende pila kaletik. Gure hasierako asmoa, erreferentziak hartzea. Hoteleko harreran plano bat eman badigute ere, erreferentziak eta distantziak gure kabuz hartzea garrantzitsua da.

Unibertsitate paretik igaro gara, meskita baten ondotik, eta juxtu Bazar Nagusiaren ondoko hilerri batetan Iraitzi harrietako gainaldeko txano ezberdinen esanahia esplikatzen ari nintzaiola, Irungo neskak azaldu dira. Sorpresa atsegina. Haiekin jarraitu dugu Yeniçeriler kalean zehar, Çemberlitaseko Konstantinoren Zutabean geratu gara, eta Divanyolu Caddesi amaitzean Santa Sofian banatu egin gara. Haiek bertan sartzeko asmoa dute, eta kola egitera joan dira. Guk zer egin pentsatzen geratu gara, eta azkenean pateatzen jarraitzea erabaki dugu. Pena, ze ez gara haiekin ezertan geratu beste baterako. En fin.


Çemberlitas plaza

Tranbiaren bidetik jarraitu, eta Eminönüraino ailegatu gara, hots, barkuen geltoki nagusiraino. Jende andana hemen ere, eta zoratzeko moduko dendak eta giroa. Eminönü Urrezko Adarraren muturrean dago. Ezkerretara Gàlata zubia dago; frontean Beyoglu auzoa Gàlata dorrearekin, eta eskuinaldean, urrutiago, Asia. Bosforoko zubia bertatik ere ikusi daiteke. Zerua urdin eta garbi. Barkuak nonahi aurrera eta atzera. Jendeak edozer saltzen du kalean, jakiak, jostailuak, musika tresnak, entxufeak…


Goian, Gàlata zubia, Beyoglu auzoa, eta Gàlata dorrea.

Untziralekutik zubira joan ordez, errepide azpitik, Yeni meskita alde batetara laga, eta Espezieen Bazarretik pasa gara. Usainak, koloreak…dena da berezia. Okerrena, paneletan “se habla español” jartzen dutela eta azpian txorakeri ugari: “Opa yo viaze un corral”, “musho betis” eta halakoak. Espezieen Bazarretik irten, eta dendaz jositako kaleetatik ibili gara Bazar Nagusia topatu dugun arte. Buelta batzuk eman ditugu barrutik, azkenean tranbiaren kale nagusira atera garen arte, ia Çemberlitas inguruan. Bitarte horretan 200€ aldatu ditugu, kanbio majoan, 405 YTL eman dizkigute eta. 205 boterako, eta 100 bakoitzarentzat; biziotarako.

Espezieen Bazarra
Behean, Bazar Nagusiaren sarreretariko bat


Aurretik eginiko ibilbidea errepikatu dugu, baina oraingoan, Santa Sofiara joan ordez, Hipodromoan zehar ibili gara, txoko batetan garagardo bat hartzera geratuaz. Bada garaia, goizetik ez baitugu deus hartu.

Hipodromoa bere garaian Istanbuleko bihotza izan zen. III. Mendean eraiki, eta Konstantino Enperadoreak IV. Mendean handitu zuen. Egun, plaza/lorategi bat dago. Hala ere, plazari buelta ematen dion kaleak, bere garaian gurdien pistaren ibilbidea mantentzen du kasik, eta plazaren erdialdean, hiru obelisko mantentzen dira: K.A. 1500an eraikitako eta Konstantinok Luxorretik ekarritako obelisko egiptiarra, Delfosetik ekarritako V. Mendeko zutabe “Serpentina” eta data zehatzik ez duen Konstantinoren zutabea.

Bi garagardoak 15 lira; komunetik pasatzeko aprobetxatu dugu. Ondoren, Hipodromoko obeliskoak ikusi (egiptiarra oso berria iruditu zaigu), Iraitzek bikote bati argazki bat atera behar izan dio, eta Meskita Urdinera sartu gara. Ikaragarria. Flipantea da kupulak maila ezberdinetan ikustea. Ez gara patiotik pasa; itzuliko gara beste batetan plastikozko poltsekin oinetakoak gorde ahal izateko, nahiz eta bertan ematen dituztela iruditu zaidan. Patiotik atera aurretik, emakume bat “gida” gisa eskaini zaigu; “no danke”, eta lorategietatik Santa Sofia aldera joan gara.


Sultanahmet Camii (Meskita Urdina)

Ederragoa da Meskita Urdina, dena den, Santa Sofia askoz zaharragoa dela, eta bere bizitzan zehar eraldaketa asko jasan dituela esan beharra dago. Dena den, egia da Bizantzioko eraikinen ezaugarriek ez diotela mesederik egiten, adreilua eta harria tartekatzea ez baita oso ikusgarria. Gainera, zenbait tokitan aldamioak antzematen dira.

Hagia Sophia (Santa Sofia), goian. Sultanahmet Camii (Meskita Urdina), behean.

Santa Sofia inguratu dugu, atzealdeko kaletik igo eta jaitsi gara, oso kale moñoñoa, eta gero Topkapiko harresietan barrena, lorategietatik ibili gara. Loreak oso ederrak, eta kolore bizitakoak. Kennedy Caddesi aldeko irteeratik atera gara, ia itsaso bazterrean, eta bertatik, trenbidea jarraikiz, Eminönü aldera berriz. Bidean agure bati oblea erraldoi bat erosi diogu lira 1ean. Tren geltoki ondotik pasa eta Eminönü berriz.


Goian, Sogukçesme Sokagi, Santa Sofia eta Topkapi arteko kalexkaLorategiak TopkapinBehean, Istanbuleko tren geltokia

Gàlata zubiaren behealdetik pasa gara, jatetxetatik, eta oso kuriosoa iruditu zaigu, azken finean barkuak pasatzeko semaforoz erregulatutako tarte txiki bat besterik ez baitago. Eskaileretan gora, beste aldera igaro eta beste aldeko jatetxeak ikustera jaitsi gara. Kasu honetan ordea, koñazoa ematen hasi zaizkigu, eta ez zaigu hainbeste gustatu: “Where´re you from?" "...From Venus”.

Yeni Camii Gàlata zubitik.
Gàlata zubiaren ikuspegi bat; jatetxeak behean, arrantzaleak goian.

Une horretantxe euria botatzen hasi da. Gàlata dorrerantz igo gara, eta koloretan flipatu dugu, ze dendariak gremioka kokatzea logikoa iruditzen bazaigu ere, ez genuen uste antenisten gremioak hainbeste bazkide zituenik. Eta haien ondoren, musika tresnen gremioa, perkusio, gitarra…hamarnaka denda, bata bestearen atzetik, eta maldan gora gainera. Oso polita.

Gàlata dorrera ailegatu, eta kristoren kola. Badaezpadan, zenbat balio duen galdetu, eta 10 YTL esan digute. OK, beste baterako. Kalean gora jarraitu dugu ba Istiklal Caddesitik. Oinezkoentzako kalea da, hala ere, tranbia zahar batek paseotxoa ematen die turutei, nahi izanez gero. Jende pila dabil hemendik, baina pila pila. Denda ugari, nola ez. Halako batetan, eta zerbait hartzekoak ginela, liburu-musika denda-jatetxe-taberna batetan sartu gara: Mephisto.


Gàlata dorrea eta turistentzako tranbia Istiklal kalean.

Diskoak eta abar, kaka bat, eta prezioak ez dira batere merkeak. Jateko “hot dog” bat eskatu dugu papa frijituekin, txokolate tarta bat eta irabiatu bana; 30 YTL. Infernu bat izan da solairu ezberdinetako musika, maiz nahastu eta nazkagarri geratzen zelako. Gafapasta giroa. Total, buruko minez hasi garela kasik, eta alde egin dugu bertatik. Taksim plazaraino ailegatu gara, lehenik DoRock taberna jebia kokatu dugularik beste baterako. Taksim plazan, poliziek erakustaldia egiten ari ziren txakurrekin. Diru-zorroak lapurtzeko toki eta leku aproposa. Bertan euskaldun gehiago topatu ditugu. Beste kale batetatik jaistea erabaki dugu, eta un horror. Girorik ez, espaloiak kristo bat eginda…eta azkenean ia galdu egin gara, baina beherantz joan behar dela badakigunez, no problem.

Kilic Ali Paça meskitara ailegatu, eta itsas bazterretik Gàlata zubira. Goialdetik pasa dugu; euripean. Pasatzen ari ginela meskitetatik otoitzerako deia egin dute, guk entzundako hirugarrena. Izugarria.

Yeni Camii otoitzarako deia egiten ari zirela.

Txikituta gaudenez, bueltako bidea tranbiaren bidetik egin ordez, bide laburren bat hartzea erabaki dugu. Eminönütik berriz meskita ingurura, eta Espezieen Bazarretik (itxita dagoeneko), kale tarteetan bide zuzenen bat jarraitzen saiatu gara. Denda guztiak itxita. Zenbait postu xaboiaz garbitzen ikusi, eta beste kale batzuk ilun eta bakarti igaro ditugu.

Ondo atera zaigu jokaldia Unibertsitatearen sarreran azaldu baikara. Handik, tranbiaren bidea jarraitu dugu, baina aldaketatxo bat eginda; beste espaloitik itzuli gara; eta halako batetan, hegoalderantz sartu gara, jateko zerbaiten bila. Tarte horretan mundu berri bat zabaldu zaigu begi aurrean: dendak, dendak eta dendak, boutique itxurakoak, eta denak zabalik. Azkenean, Mustafa Kemal Caddesin behera, kebab batetan sartu gara.

Bost tipo ezberdinek kasu egin ez badigute…menua eskatu eta Iraitzek azkenean gehiegi atsegin izan ez duen plater konbinatu bat eskatu du (zapore ezberdin anitz antza) eta nik dorum kebab bat, barruan zer daukan ikusten ez den “rollito” horietako bat. Pena da, baina inoiz jan dudan kebabik eskasena izan da. Postre gisa, txokolatezko natillak hartu, eta nireak onddoak zeuzkan. Eskerrak garaiz konturatu eta beste bat eman didaten. Uste genuen ez zigutela postrerik kobratuko, baina oker geunden. Gutira 23 YTL pagatu ditugu afari eskasagatik. Gure atzeko mahaian bikote euskaldun bat zegoen; emakumeak euskaraz hitz egiten entzun gaituenean kasu egin digu, eta haiei ez dietela guri bezain besteko txapa eman esan digu. Handik irten gara berriz ez itzultzeko.

Super batetik pasa gauerako edariak erosteko (1,70 YTL) eta hotelera. Hasieran beheko tabernan pote bat hartzekoak ginen, baina Iraitz txikituta dago. Ni ere, txikituta eta oinetako minez, baina azkenean, Iraitz ohean lagata, tabernara jaitsi naiz. Idazten aritu naizen bitartean, garagardo pare bat hartu, eta Bartzelonak Arsenali emandako jipoia ikusi dut. Orain, bigarren pinta amaitzen dudan bitartean, postalen bat idatzi, eta lotara.

Portzierto, pausuak kontatzeko tramankulutxoa ekarri dut, eta gaurkoan, 33800 pausu zenbatu dizkigu. Ia 24 kilometro…

1 comentario:

  1. Jarri beharko dezu Irungo nesken argazkiren bat, ala ez ????????

    ResponderEliminar