2010/05/16

5.Zatia. Apirilak 9

Azken boladako ohiturekin jarraikiz, iratzargailua piztu da, eta ez diogu jaramonik egin. 9:10tan dutxara. Inoiz baino beranduago, 10:04tan ailegatu gara 7. solairuko jangelara. Arduradunak ez gaitu harrapatu. Azkar gosaldu dugu. Gaurko saltxitxak tomateakin ziren, eta bizpahiru platerean jartzen ari nintzela, batek alde egin dit eta kamiseta (horia) zikindu. Guay. Eskerrak ondoren komunean zertxobait txukundu dudan orbanaren asuntoa. Telebistan eguneroko bideoak ikusten aritu gara (interesgarria oso Turkiak Eurovisionerako aurkeztu behar duen kantua: Manga taldearen “we could be the same”), eta berandu samar irten gara, 11:20ak aldera edo, kontutan izanik 12tako Eminönü inguruan geratuak gaudela; juxtu samar akaso.

Harrigarria, baina merkatu txikia dago auzoan; ez dago denda nahikorik ditxosozko herri honetan, eta gaur merkatu txikia…en fin. Paso egin dugu. Nahiago izan dugu gelan botata egon une batez.

Zein ordua den ikusita, Iraitzi bide berri bat aztertzea proposatu diot. Ditxo y hetxo. Ohiko tranbiaren bidea jarraitu ordez, Atatürk bulebarrean gora Sehzade meskitaraino; bertan Valens akueduktua ezkerretara utzi eta Suleymaniye kaletik izen bereko meskitaraino ailegatu gara, eta unibertsitatearen ipar harresitik, kale eta denda tartean maldan behera Eminönüraino. 12:04tan ailegatu gara. Lehenak. Neskak apur bat beranduago topatu ditugu; hori bai, Iraitz etzanda zegoen dagoeneko.

Suleymaniye meskita
Eminönü ingurua Gàlata zubiaren ondoan

Lehenik eta behin, kafe bat hartzea otu, eta zer hobe George Clooneyrengana joatea baino? Lau kafe, te bat eta hiru jogurt. Bertan geundela otoitzerako dei berezia egin dute pareko Yeni meskitatik, eta ostirala izanik, jende andana zebilen bai oinak eta ukabilak garbitzen baita errezatzen ere. Meskita lepo, eta kalean bertan ikusten zen jendea errezoan.

Gizonezkoak errezorako prestatzen.

Atzoko terrazan egin genuen moduan, jende gehiago “erakarri” dugu geurera, George eta konpainiaren onerako…13:30ak inguru zirela, Eminönü bertan dagoen bus geltokira joan gara, eta pixka bat bilatuta, 99a topatu dugu Eyüp aldera joateko. 7,5 LTY bostak. Txoferraren ondoan kobratzaile bat zihoan. Autobusa ez da beste munduko ezer, normala. Zutik joan gara. Derrepente, geltoki batetan emakume bizardun bat igo da; zeraman itxuragatik oso zaharra zirudien. Ez zekarren batere usain onik. Tokia utzi diote eser zedin, eta ondoren busetik jaisteko ere laguntza behar izan du.

20 minutuko ibilbidea egin ostean, Eyüp ingurura ailegatu gara. Gizon batek oso ondo adierazi digu zein geltokitan jaitsi, eta teleferikora joateko zein bide hartu behar genuen.

Denda pare batetan muturra sartu eta gero, meskitara ailegatu gara. Lehen aipatu moduan, gaur ostirala izanik jendetza handia toki sakratu hauetan. Eyüp Sultanaren meskita musulmanentzako oso garrantzitsua da, Istanbuleko beste edozein baino gehiago. 1458.an, musulmanek hiria hartu eta bost urtera, lehenengo meskita eraikin zuten hemen. Lurrikararen batek bota zuen ordea, eta gaur egungoa 1800. urtean amaitu zuten. Meskita Eyüp Ensariren omenez eraiki zen. Eyüp, Mahomaren jarraitzailea izan zen, haren bizkartzaina zela ere esan digute, eta meskitaren parean haren hilobia dago. VII. Mendean Konstantinopla hartzen saiatzen ari zirela zendu omen zen. Biak, bai meskita baita hilobia ere, Iznikeko azulejo ederrekin dekoratuak daude. Tokiaren garrantzia argia da, historikoki patio honetan Sultanek haien kargu-hartze ospakizuna egiten baitzuten. Baina harira.

Patiora sartzeko kristoren arazoak izan ditugu, jendeak tapoia egiten baitzuen atean, gehienak Eyüp Ensariren hilobira sartzeko. Patioan zuhaitz handi bi, plataforma baten gainean, eta jendeak horiei ere errezatzen.

Eyüp Ensariren hilobira sartzeko zai

Oinetakoak kendu, plastikozko poltsan gorde, neskek burua estali, eta meskita barrura. Deigarria oso lehenengo irudia: oin usaina. Oin usain handia. Meskita, atzokoa baino askoz txikiago, noski, baina kuriosoa. Jende asko errezatzen, batez ere emakumeak. Haien lekua, atzealdean, alboetan, eta goiko solairuan. Aurrean, gizonezkoak. Itxura? Kupula goian erdialdean, mihrab-a Mekara zuzendua “aldarearen” erdian, minbarra mikroarekin…


Handik irten eta neskak Eyüp Ensariren hilobia ikustera joatea ausartu dira. Oinetakoak kenduta eta burua estalita jakina. Iraitzek eta biok patioan itxaron diegu eserita, bizitza begi aurretik pasatzen ikusten…eta pasa dena emakume bat izan da; estrapozu egin eta kristoren muturrekoa hartzen ikusi dugu. Lurreko zulo batean oina sartu du eta klaro…eskerrak jende jatorra dabilen eta lurretik altxatzen lagundu dioten.

Irten dira gure lagunak eta bitxikeri gisa, hilobiari bizkarra ematen ez zion jendea pasa dela kontatu digute; hots ia karramarroen antzera pasa direla. Vivir para ver. Bostak bat berriz, meskitatik irten eta funikularrera. Ez da zehazki funikularra, teleferikoa baino. Makinan fitxak 1,50 LTYtan erosi ostean, pare bat minututan menditxo puntara iristen da, hau da hilerri puntara, ze Pierre Lotiren kafea hilerri batetan baitago. Urrezko Adarraren bistarik onenak hildakoek dituztela esan daiteke. Hau trufa. Kola handia dago igotzeko baina nahiko azkar doa. Bikote brasildar batekin igo gara, argazkiak elkarri atereaz. Sentsazio berezia ibilbidea hilerri gainetik egiten baita.

Asko aipatzen da Urrezko Adarra kristona dela eta bistak ere ikaragarriak direla…ba niri ez zait hainbesterako iruditu. Eguraldiak lagunduta, Topkapi eta Santa Sofia urruntasunean nabari dira.

Hau da ditxosozko Urrezko Adarra

Inguru horretan bazkaltzea erabaki dugu, ordua da eta (16ak aldera) eta jatetxe bat ikusi dugu, ia hutsik. Kasu egin digun tipoak bazkaltzeko arazorik ez dagoela esan eta bertara sartu gara. Kristaldun miradore batetan jarri gaitu, azkeneko mahaian, nahiz eta gainontzekoak ia erabat libre egon. Bistak majoak; Urrezko Adarra. Menuari buruz, sarrera gisa, hiru plater turkiar aukeratu ditugu pikatzeko; humusa, rollo antzeko batzuk haragiz eta arrozez beteta, eta leka batzuk. Dena hotza. Humusa eta rollotxoak ondo. Ondoren oilasko errea arroza eta purearekin. Ona ere. Iraitz “erlearena” egiten ari zela, zerbitzariari platerak bota dizkio ia. Hori begirada bota diona! Librada, barreak eta tipoaren aurpegi txarra arratsalde osorako. Postrerako menua eskatu, eta horren ordez, bost aukerak bandeja batetan ekarri dizkigute; bost horietatik lau aukeratu ditugu. Tipikoak denak. Teak eta kafeak doan. Bazkaria orotara 128 LTY. Ez dago batere gaizki.

Oinez jaitsi gara hilobi artetik eta azkenean ez dugu Pierre Lotiren kafea bisitatu. Ea beste baterako. Pierre Loti, Julien Viaud jaio, eta Euskal Herriarekin lotura handia izan zuen militar eta idazle frantsesa izan zen. XIX. Mende amaieran Iparraldera joan zen bizitzera, bertako amorante bat izan eta harekin hiru seme-alaba izan zituen. Bere eleberri famatuetariko bat, “Ramuntcho”, Azkaineko pilotari baten inguruko nobela da. 1923an Hendaian zendu zen. Istanbulen nahiko famatua, XX. Mendeko aldaketa sozio-politikoen lekuko “independientea” izan zen, eta hala azaldu zuen bere zenbait testutan.



Behean, 99a berriz hartu, baina beste norantzan noski, Gàlata zubiraino. Atatürk zubitik Urrezko Adarraren beste aldera pasa da, ondoren Gàlatatik Eminönüra pasatzeko. Gu lehenago jaitsi gara ordea, Gàlata dorrera igotzeko asmoa baitugu. Hala ere, lehenago zubi ondoko arrain postuak ikustera pasa gara; arrain ezin freskoagoa, bizirik baitaude askotan. Arrainak ikusteaz gain, inguruan katu eta kaio andana ere.

Gàlata dorrera ailegatu gara baina zoritxarrez ez gaituzte igotzen utzi. Antza denez, kupoa beteta dute gaurkoz. Ze eingo you ba!

Istiklal aldera jarraitu dugu. Ilundu du dagoeneko. Bertatik goazela, manifa batekin egin dugu topo. Presoen aldekoa zen, ez dakigu zein erakundekoak, baina pankarta batetan 60 baten izenak zeramazkiten. Bella Ciao kantatu dute lurrean eserita, eta askok presoen argazkiak eramaten zituzten. Gutxi ziren, 60-70 bat, haurrak barne, eta une batez tranbia turistikoaren ibilbidea eten dute. Haien oihu eta kantuen ostean, manifarekin jarraitu dute, eta guk gure ibilbidearekin. Atzerago, polizi pila, binaka, baina lasai eta distantzia handira asuntoa kontrolatzen. Doviz batetan sartu aurretik dirua trukatzera (1€=1,96 YTL), fruitu lehorrak erosten aritu gara. Oso denda ederra, dena oso ondo jarrita eta zainduta.

Taksimeraino ailegatu, eta jaistean, Do Rock ingurura joan, baina terrazan tokirik ez. Bertako tipoak interesa dugula ikusi, eta bakar bakarrik zegoen tipo bati mahaiz aldatzeko eskatu dio, eta honek ezetz, ez zuela nahi. Egoera zitala. Saiakera eskertu, eta beste batetara joan gara. Pixka bat beherago, 33cl.ko garagardoa 3,50 YTLra zioen panela ikusi, eta bertara sartu gara. Sartzerakoan, mahai handi bat prestatu digute, eta ea zer nahi genuen eta bostok garagardoa; nolakoa, eta nik “big” eta gainontzekoek “middle”. Miller atera dute.

Berbatan aritu, gustura toki lasaia baita, eta alde egiteko orduan, “the bill” eskatu eta 32,50 YTL. Harrigarria. Nire kañeroko Efesak 4,50 (litro erdia), eta Miller bakoitzak 7! Tipari ea zergatik, eta botilakoa kañerokoa baino garestiago dela eta guk “big-middle-small” galdetu duenean, “big” bat, eta gainontzekoek “middle” eskatu dutela esan. Zerbitzariak Miller atera duela, Iraitzek Miller eskatu duelako...”bai, Glenn Miller” esan dio. Total tolestuta eta baselinarik gabe sartu digutela; ez garestia delako, Miller bategatik hemen 3€ lasai asko pagatuko baigenuke, baina bai kolunpiadagatik. Tipak “ea zer egin zezakeen” galdetzen zuen, lankideari mobida guztia barre artean kontatzen zion bitartean.

Handik irten, izena ondo apuntatu berriz ez itzultzeko, eta ahal bada propaganda txarra egiteko, eta kalearen atzealdetik beherantz. Neskek fruta erosi dute bidean, eta Gàlata zubia baino lehen, tranbia hartu dugu. 23ak punttuan. Kristoren aldea; plazer bat da; azkarra, segurua…eta merkea. Gaurkoan garraio publikoa deskubritu dugunez, gutxi ibili gara oinez, 11000 pausu; ez da 8 kilometrotara iristen. Bihar goizean goiz jaikiko gara, Bosforoan zehar txangoa egin nahi dugu eta. TVEn “Muchachada Nui” ikusita, lotara. Ordu 1ak dira dagoeneko…

No hay comentarios:

Publicar un comentario