2010/09/05

Abenduko zubian Maltara? MALTArece bien!

2009-12-04, Ostirala.

Lehen atala.

Azken egun biak nahiko tentsuak izan dira lan kontuak direla eta. Ez ditut gogorarazi nahi. 16:40ak dira eta trenean gaude Bartzelonarako bidean, eta hori da garrantzitsuena. 13º kanpoan. Goiza txarra izan da, baina haizea aldatu eta tenperaturak gora egin du.

22ak aldera iritsiko gara Santsera eta bertan Pep eta Adrià izango ditugu zain. Bonboiak eramaten dizkiogu haurrari; Pep-i babarrunak, piperrak eta AHTren aurkako taldearen DVDa. Bere amarentzat gurasoek igorritako loteria. Ea zorterik dagoen aurten.

Gure asmoa, duela hilabete bi, zubian Berlinera joatea zen. Nahiko ados geunden guztiok, eta ilusio handiz gainera. Erabakiak hartu behar zirenean aldiz, zalantzak hasi eta erabakien esperoan prezioek ikaragarri egin zuten gora. Berlin aborted.

Alternatiba bila hasi ginen orduan. Ez dakit nola, Maltaren aukera sortu zen. Ak proposatu eta niri ondo iruditu zitzaidan, eta nahiz eta TXk “zer egingo dute hauek Maltan?” esan, Iraitzek “Maltarece bien” esan zuen. A eta TX duela ia 15 urte izanak ziren bertan, baina ez zuten errepikatzeko arazorik. Aurrera beraz. Ari bidai agentzietan begiratzeko esan nion, nik internetez begiratuko nuela. Hurrengo egunean, A nahiko aurpegi txarrarekin etorri zitzaidan, 500€tako kontuak besterik topatu ez zituela esanez.

Nik ordea gure “Ryanair Deuna”ri esker Gironatik zuzeneko hegaldi majo eta merkeak topatu nituela esan nion, baita Bilbotik Bartzelonarako ere, eta Bartzelonatik Gironarako busa, noski. Hala ere, garaiz ez ibiltzeak eta Bilboko hegaldien ordutegiarekin arazoak egon daitezkeela ikusita, trenaren aukera uztartzera eraman gintuen, eta kontutan izanda trena Iraitzen institutu ondoan hartu beharko genukeela, eta prezio onean zegoela, ba azkenean aukera hori hartzea erabaki genuen.

Hurrengo pausoa lo egitekoa topatzea. Valleta ez da oso handia, eta prezioak ez dira batere merkeak. Inguruko herrietan aldiz, aukera itzelak oso prezio baxuetan…baina interneteko foroetan jendeak toki merke horiekiko duen ikuspegia nahiko txarra da; zikinak, zaratatsuak, kutreak…hala ere, txipa aldatu eta guk lotarako eta dutxatzeko tokia besterik behar ez dugunez, kokapen majoa duen bat aukeratu dugu: 115 Strand, Slieman, Valletatik gertu. Bi gela bikoitz, hiru egunez gosaria barne 120€. Txollo bat. Ondo baldin badago la ostia izango da.

Plangintza egitean, egunen banaketa egin, zer/nola ikusi, eta auto bat bi egunetarako alokatzea erabaki genuen, nahiz eta irla txikia izan eta autobusak puntatik puntara eraman zaitzaketen. Budgetena eskaintzarik majoena; 5 ateko auto txikia 35€tan, bi egunak. Zer bisitatuko genuen erabakitzen ari ginela, Hipogeo izeneko lurazpiko tenplu eta hilobi zahar batzuk ikusi genituen, eta bisitak aldez aurretik gorde behar direnez sarrera mugatua baitago (80 pertsona eguneko, 8 pertsonako taldetan), larunbata 5erako lau sarrera hartu ditugu, eguerdiko 14:00tarako. Hauxe bai garesti, 20€ buruko. Ea merezi duen…

Trenak aurrera jarraitzen du. Altsasu pasa berri dugu, eta hauek kafe bat hartzera joan dira, nik ordea kristoren logura dut, ea kuluxkaren bat botatzerik dudan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario