2010/09/07

Bosgarren atala

2009-12-07

Gosaltzera igo eta sorpresa, A muturra puztuta esnatu da. Ondo gosaldu eta bistetaz disfrutatuta, jaitsi eta harreran, mesedez medikuari deitzeko eskatu dugu. Eta etorri egin da. Asuntoa txekeatu eta pilula batzuk eman dizkio. Zerbitzu ona hotel honek, bai horixe.


Jangelako patiotik bista ederrak

Esperotakoa baino beranduago, baina ziurrago, Rabat eta Mdina aldera abiatu gara. Rabatera ailegatu gara eta zuzenean San Pauloren “katakunbak” ikustera joan gara. Sarrerako 5€ pagatu, eta audiogidaz lagunduta, bueltatxoa eman dugu lur azpitik. Hilobi hauek III. Mendekoak dira, eta era ezberdinekoak dira.: bertan gorpuak lurrean ehortzi, nitxotan edota sarkofagotan sartzen zituzten. Hortaz gain,
sartu eta berehala, mahai baten papera betetzen zuen harri handi bat dago. Bertan hileten ondorengo “lunch”ak ospatzen zituzten. Kontatzen dutenez, mila gorpu baino gehiago har zitzaken azpiegitura honek, 2200 m/2tan. Harri hutsa izan arren, zenbait puntutan, freskoak pintatuta daude. Oso egoera tamalgarrian aurkitzen badira ere, heriotzaren biltegian izan arren, kolore biziek betetzen zutenaren seinale.


Handik irtetean, plazaraino joan gara oinez, "super" batetan platano batzuk eta edaria erosi ditugu, eta oroigarri denda batetan etxera eramateko zenbait txorrada ere. Nabarmentzekoa etxe atari guztietan santuen irudiak daudela…


Rabateko eliza goian, Mdinara sartzeko zubia behean


Rabat eta Mdina oso gertu daude. Mdina Maltako hiriburua izan zen 1570rarte. Bere kokapena oso ona da, itsasotik urrun (Malta bezalako irla batetan halakorik esan badaiteke behintzat), eta menditxo baten puntan; aproposa oso ingurua kontrolatzeko. Harresi sendo batek inguratzen du herria, baita lubanarro sakonak ere. Gaur egun ordea, lubanarroak frutak landatzeko eta animalientzako erabiltzen dituzte. Herria txikia da, hala ere jauregiz beteta dago, garai bateko nobleen bizileku izandakoak. Kaleak, estuak eta aldrebestuak, itzala izateko akaso. Sarreran gurdiak daude turistentzako bueltatxoak eskainiz.


Kaleak ondo pateatuta, harresietara ailegatu gara, gure aurrean irlaren bista zoragarriak dauzkagularik. Eguraldia primerakoa eta konpainia ezin hobea; zer gehiago behar dugu ba? Ba Iraitzek kalean zegoen armadura bati galdetutakoa: “¿maltraviesas?”. Genio y figura.


Autorako buelta beste kaletxo batzuetatik egin dugu, eta deigarria egin zaigu oso jatetxe batek atarian zintzilik zeukan kartela: “Unattended children will be sold as slaves”. Toma ya.


Harresietatik irten, eta aparkalekura, bidetik komunean paradatxoa eginaz.
Inguruan amildegi famatu batzuk omen daudela eta, Dingli, haien bila joan gara…bertara ailegatu eta ez dugu amildegien arrastorik topatu; mendia poliki-poliki beherantz doa, terrazatan, salto handirik gabe…topatu dugun bakarra, itsasoan dagoen plataforma bat; ez dakigu petrolioa ala gasarekin ibiliko ote diren.


“Blue Grotto” bila joan aurretik, mapan gertu markatutako aztarna batzuen bila joan gara…"errepidea" oso txarra, eta honatx topatu duguna: aire libreko eliza bat, non barre algara ederrak egin ditugun Iraitz “meza” ematen hasi denean: “Queridos turistas, aquí nos hemos reunido perdidos en la Gloria del Señor”…eta ondoren enkantearekin hasi da atrila “mailuarekin” joaz. Majestuoso.


Bidezidor arriskutsuetatik jarraitu dugu (estuak eta zuloz josita) ahuntzekin, behiekin eta (gutxitan, eskerrak) beste autoekin gurutzatuaz metalezko gurutze erraldoi bateraino. Hemen zeozer interesgarria topatzea zen gure asmoa, baina utzitako ermita bat eta litroak egiten ari ziren gaztetxo batzuk kenduta ez dugu deus topatu. Irla guztiaren ikuspegi majoa behintzat bazegoen.


Handik “Blue Grotto” ingururantz abiatu gara, ea paseoa emango digun motoraren bat topatzen dugun. Lekura iritsi eta itxura txarra hartu diogu. Aparkalekua erdi hutsik eta dendak zein tabernak itxita. Kaira jaitsi gara, eta bertan motorak gordetzen ari ziren batzuei galdetu eta ez digute kaso putik egin. Itsasoan turutez betetako motora bat ikusi dugu, bueltan zetorrela. Argi dago, beranduegi iritsi gara.


Valletara itzuli gara orduan. Bertara iristean ilundu digu. Autoa inguruan aparkatzeko pagotxa izan, eta bueltaxka ematera joan gara. San Gorg plazan musikari batzuk topatu ditugu ondorengo emankizunerako prestatzen. Jendez jositako kaleetan, Erasmusen koadrila erraldoi bat topatu dugu, txistuekin kristoren zalaparta ateratzen. Hasieran manifa bat zela uste izan dugu, pentsa. Dendatan ibili gara, elizak bixitatzen, eta epokaz jantzitako tipo batzuen desfilea ere ikusi dugu, haien arma, danborrak eta guzti. Ez zaigu argi geratu turistentzako antolaturiko kontua ote zen ala ez, baina pelmada handia ematen dute.



Upper Barracca lorategietako balkoira inguratu gara, eta atzo “hiru hirietan” ikusitako eliza ikusi dugu, erabat argiztatua; su artifizialak botatzen ari dira gainera. Atzo esan moduan, ederra liatu behar dute hauek! Arrazoi zuen gidatxoak, bertatik bistak zoragarriak dira.


Afaltzera, “waterfront”en dagoen beste Hard Rock Cafe batera joatea erabaki dugu. Dena dela, galdetutako jendeak ez du ezagutzen…Kalean behera, harresietatik irten gara badiarantz. Inguru honetan aise topatuko genuela pentsatzen nuen, eta nahiko utzitako gunea topatu dugu. Karol Wojtyla izeneko itsasontzi poloniarra uretan ikusi, eta ikusitako tipo bakarrari galdetu diogu; ez daki. Itsas bazterretik jarraitu dugu, baina kontrako norantzan, hots, bus geltokirantz. Ez Hard Rockik, ez jenderik, ez girorik, ez dendarik, ez trafikorik…Deus ez.



Azkenean, berritutako biltegi zahar batzuk topatu ditugu, gune “chic” bilakatuta. Bertan, taberna, jatetxe eta denda ugari…eta Hard Rock Cafea. Pote bat hartu dugu bertan eta beste batetan afaltzea erabaki dugu, ze bi egun segidan toki berean afaltzen…Ondoko batetan sartu gara ba afaltzera, ondo gainera; bi rissotto, karbonara bat…
Irten eta bus geltoki aldera joan gara, Valletan berriz sartu, autoa hartu eta hotelera lotara.
Bihar goizean buelta, abioia, Gironatik Bartzelonara busez, eta Bartzelonatik etxera trenez. Ez zaigu ezer falta!
Toki kurioso eta ederra da Malta, hiru egunetan pateatu daitekeena, baina denbora gehiago behar duena sakonago ezagutu ahal izateko. Beste batetan beharko. Gustora asko itzuliko nintzateke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario