2010/09/06

Laugarren atala. Malta tiene un maltapasos...



2009-12-06, igandea.

Gosaria goiko solairuan ematen dute, buffeta. Terrazak kristoren bistak dauzka Valleta aldera. Budgeteko tipoa adostutako ordurako iritsi da hoteleko harrerara. Bertan eseri, paperak di-da egin eta autoa ikustera joan gara ea markarik ote zuen begiratzera. Giltza eman dit eta dena OK. Ford Fiesta gris bat da, DBK 616. Itxura majoa du. Autoa deposito erdiarekin ematen dute, eta itzultzean ez duzu beteta itzuli behar.

Autoan igo, eta Marsaxlokk aldera. Dena den, atera eta berehala, Valleta inguruan trafiko ugaria zegoen eta oso poliki joan gara. Horrela balkoiak ikusteko eta barreak botatzeko aukera gehiago izan dugu. Marsaxlokk aldera goaz igandetan egiten den merkatua nahiko famatua baita. Valletatik 10 bat kilometrotara dago Marsaxlokk. Hegoaldeko herririk garrantzitsuenetarikoa da, eta bere azokaz gain, inguruan merkataritza portu erraldoia eta findegia ditu.

Aparkatzeko tokia topatu eta azokako postuak ikuskatzera joan gara. Eguraldi zoragarria dugu. Azokan denetarik saltzen dute, janariak, arropak, jostailuak, animaliak, gozokiak…eta jende andana dabil, giro lasaian. Uretan arrantza barku tipikoak ikusten ditugu, kolore biziez pintatuta eta zorte txarretik aldenduko dituzten begiekin.

Irudi hauetan Marsaxlokk herria.

Postuak ikusi ostean, plazako terraza batetan eseri gara pote bat hartu asmotan. Plazan, eliza, eta elizaren goikaldean Ama Birjinaren irudia, begidun ontzi batetan. Barreak eta berriketak amaituta, autora. Nora joan? Inguruan Playmobilen fabrika bat zegoela entzun genuen, eta horren bila joan gara. Herritik 5-6 kilometrotara bazegoen ere ez dugu erraz topatu, baina topatu dugu. Bidean afrikar etorkinen kanpamenduak ikusi ditugu. Batzuetan aurrefabrikaturiko blokeak, bestetan kanpaina denda handiak. Egia esan, azken hilabetetan Italiara doazen eta handik kanporatutako etorkinekin arazoak daudela irakurri ahal izan dugu prentsan. En fin.

Ailegatu gara ba Playmobilen fabrikara. Sarreran lehenengo barreak. Errege tronu bat zegoen, eta esertzerakoan tronpeta hotsak ozen entzuten ziren. Banan-banan pasa gara tronutik argazkiak eta barreak botatzera. Playmobil panpina erraldoiak zeuden ere eta haiei burua “Exorcista”ko haurrari bezala mugitzen aritu gara. Tontoarena kanpoan egin ostean, barrura sartu gara, tontoarena egin asmoz ere, noski.

Eraikinean sartu eta berehala denda erraldoi bat dago Playmobilen produktu guztiekin. Joder, gure garaian halakoak baleude…Gabonak datozela ikusita, Karlosi Santa Klausen zenbait panpin eramatea pentsatu dut dendan saldu ditzan, baina azkenean “rajatu” egin naiz. Prezio onean zeuden…

…eta denda ondoan jostatzeko gunea. Famili osoak zeuden bertan. Haurrak jokoan,eta guraso gehienak haurrek txikitutakoa konpontzen. “Klik”ak arloka sailkatuta zeuden, Egipto eta piramideak, zirkoa, aireportuak…bazan haur bat polizi furgona baten atzeko atean jendea ilaran jartzen zuena, atxilotu gisa. Ze ideiak dituzten gaztetxo hauek! Kanpoaldean jostatzeko aukera zegoen ere, etxetxo bat, hondarra, klik erraldoiak…baina noski, abenduan gaudenez, hobeto kanpokoa udararako lagatzea eta barruan jostatzea edota kafetegian zeozer bero hartzea ezta? Bai, kafetegia ere badago.


Nahiko denbora igarota, alde egin dugu, izan ere, Gozo aldera joan nahi baitugu. Playmobilak agurtu, eta aire.

Iparraldeko kostara berehala ailegatu gara. Ferrya Cirkewwa herrian hartzen da. Ferryaren zain egon gara rato batez, baina berehala ailegatu da. Barkuak handi samarrak dira, autoentzat bi solairu dauzkate eta solairu bakoitzean sei fila sartzen dira. Aparte, taberna eta aisiako jokoak dauzkate. Autoa behean ezkerraldeko erdiko filan laga eta gora panorama ikustera. Barkuaren izena Malita da, Maltaren izen zaharra antza.


Malta eta Gozo artean Comino irla dago, eta honen ondoan Cominotto. Comino, bereziki babesturiko gunea da eta ezin da autorik bertara eraman. Dena den, gu Gozora goaz ea “Azure Window” topatzen dugun. San Lawrenz herrira iritsi behar dugu horretarako.

Hiriburua pasa dugu, Victoria (Rabat ere esaten diote), eta hurrengo herrian jaietan daudela dirudi, tonbola behintzat harrapatu dugu. Berehala, “Azure Window”erako desbideraketa topatu dugu ezkerretara. Autoa parkinean laga, eta inguruari begiradatxo bat bota diogu. Ermita kutre bat dago, kiosko antzeko bat, eta lakutxo bat. Lakua haitzulo baten bidez itsasoarekin lotzen da. Ur azpiko aktibitateak egiteko toki aproposa dela dirudi; hiru furgona ikusi ditugu oxigeno bonboiekin alde egiten. Biltegiak eta lokalak daude lakuaren inguruan, denak itxita. Espero dut udaran martxa gehiago egotea bertan ze bestela… itsasoari begira jarri, eta ditxosozko “Azure Window”a. Itsasoak urtetan zehar harrian egindako zulo erraldoia. Oso polita. Turista dezente hemendik.

Goian lakutxoa. Ezkerretara itsasoarekin lotzen duen haitzuloa ikusten da
Azure Window

Victoria aldera abiatu gara orduan. Ez dugu tokirik logikoenean aparkatu, ez horixe, harresien ondoan baino. Harresien artetik sartzen saiatu gara, bi hormatakoa baita, baina bost minutuz sasi artean ibili ondoren, irteerarik ez zegoela ikusi dugu. Atzera bueltan. Eliza handi bat ikusi dugu, kanpoaldean Wojtylaren estatua erraldoia zuena, eta derrepentean jende andana ikusi dugu mezatik irteten. Atera direla aprobetxatuz, sartu egin gara begiradatxo bat botatzera. Gauak dena ilundu du eta harresietako goikaldetik paseotxoa emanda, Independentzi plazaraino joan gara. Terraza batetan eseri eta edariez gain, Ak jatekoa eskatu du (ftira bat, bertako bokata). Egia esan ez dugu bazkaldu, eta aje pixkat nabari da. Potea amaitu, autora, eta azkar samar ferrya hartzera. Ozta-ozta harrapatu dugu baina tira.

Victoriako ikuspegiak

Bueltan, San Julien inguru martxosotik itzuli gara, ea Hard Rock Cafea ikusten genuen. Merkatal gune itxuradun eraikin batetan topatu dugu. Sliemara ailegatu, autoa hotel parean utzi eta busez San Julienera itzuli gara. Jende pila dabil ingurutik. Taberna, disko, jatetxe, zinemak…denak hemen dira.

Hard Rocken afaldu, garesti, Hard Rock guztietan bezala, eta lotara. Merezi dugula uste dut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario