2010/09/05

Hirugarren atala


Aspaldi sartu garen arren, 2009-12-05, larunbata.


Abioiak 10ak aldera Luqa aireportuko lurra hartu du. Aireportu txikia eta txukuna da. Ez dugu inolako tramiterik pasa izan behar Schengenen barruan baikaude. Irten eta berehala, taxistak hurbildu zaizkigu, ohi den moduan. Ez digute txapa gehiegirik bota…erregela konfirmatzen duenak izan ezik. Guk oso argi genuen busa hartu behar genuela, eta taxista txaposoak hitz zatar pare bat bota dizkigu jaramonik egin ez diogulako: “Bedeinkapen ederra bota digu horrek”. Gure atzetik zetorren neska talde bat engainatu du ordea. Zerua garbi samar dagoen arren euri ttantta batzuk bota ditu, badakigu irlatan zer gertatzen den. Ea ze eguraldi dugun aurrerantzean!

Busa azaldu da. Mundiala. Txartelak 40 xentimo buruko. Taxista ahoberoak 20€ eskatzen zizkigun hotelera eramatearren. Ez dugu deus esango. Busak horiak dira, zaharrak, baina kristoren xarma dute. Oso erakargarriak dira, edozein segurtasun proba jasango ez luketen arren. Trafikoa kaotiko samarra da, espero moduan. Ikusiko dugu bihar autoa hartzen dugunean…



Busa Valletako bus geltoki zentralera iristen da ia ordu erdiko buelta eman ondoren. Bus guztiak bertatik ateratzen eta bertara ailegatzen dira. Zirkulu handi batetan nasa ezberdinak norako ezberdinekin. Plazaren erdian iturri handi bat. Sliema aldera doana bilatu, igo eta 15 minututan hotel atarian geunden. Beldur pixka bat ematen dit, hain merke izanda tranparen bat izango ote duen edo. Egia esan, interneten nahiko begiratu nuen, eta hau ez da jendeak gehien baloratutakoa prezizamente. Ikusiko deu. Printzipioz kanpotik itxura ederra du. Atariaren alde bietan oroigarri dendak dauzka.


Sartu, harrera txukuna, eta egongela zabala. 11:45tan ailegatu gara eta 12ak arte ezin digute gelarik eman, hortaz, busetik jaistean ikusi dugun taberna batetara joan gara. Oso dekorazio ederra, txorrada askorekin; kamarerak atzerritarrak direla nabari da, izan ere Maltara gazte asko dator ingelesa ikastera. Gure potea lasai asko hartu, harreran hartu dugun mapa miatzen aritu gara eta eguneko plangintza egiten.


Gelara igo, bosgarren solairuan, eta oso itxura ona du; telebista, segurtasun kutxa, komuna dutxarekin…eta patiorako bistak. Gauzak utzita, Valletarako busa hartu dugu. Valleta gure parean dago, badiaren beste aldean, baina hara iristeko buelta handia eman beharra dago. Kaian errekreo barku ugari, eta eraikuntza handi asko. Komentatu deu “¿aquí aun no ha caído el ladrillo o que?”. Hipogeorako ordua dugunez, busa hartu ordez, Valletatik Hipogeora taxia hartzea erabaki dugu lasaiago ibiltzeko. 20€. Badirudi tarifa bakarra dela…Letxe txarra, nahiko gertu dagoela ikusi dugulako, eta busarekin aireportutik gentozela, paretik pasa garela konturatu naiz.


Hal Saflieni Hipogeoa k.a. 4000. urtean egindako lur azpiko nekropolis bat da. 1902an, etxe batetan lanean ziharduen langile batek nahi gabe aurkitu zuen. Hipogeoa harriz eginiko kamara ezberdinek osatzen dute. Hiru maila ezberdin dira eta baxuena 10 metrotara aurkitzen da lur azpitik. Bertan zeramika eta eskultura txiki anitz topatu ziren, haien artean “Sleeping Woman” famatua, egun Valletako arkeologi museoan ikus daitekeena. Bereziki zaindu beharreko lekua denez, sarrera mugatua dauka (80 pertsona eguneko) eta bertan ezin dira kamerak erabili. Horregatik irudiak internetetik hartuak dira.


Irtetean, Tarxien tenpluak bisitatzera joatea erabaki dugu. Larunbata izanda ere, oso jende gutxi dabil kaletik. Ia guztia bezala, Tarxien eta Hipogeoa oso gertu daude, eta oinez ordu laurden bat baino gutxiago egin dugu. Bidean, Maltan hain xelebreak diren balkoiekin disfrutatu dugu.

Tarxienera ailegatu, eta 6€ pagatuta, barrura. Hemen ez da taldean ibili behar eta ez dago sarrera mugaturik. Kamerak ere libreki erabili daitezke. Ondo. K.a. 2800. urteko eraikinak dira. Tenpluak etxe artean daude, eta eremua horma batek babesten du. Gurekin batera, antolaturiko txango bateko koadrila handia ibili da harrien artean. Ez dute zalaparta handirik atera. Tarxien Hipogeoarekin alderatuta kutreago iruditu zaigu. Egia da gune batzutan oso harri majoak daudela, baina ez digu gehiegi bete honek. Onena, sarrerako bisita liburuan sinatzera gindoazela, Jorge Alonso izeneko batek idatzitakoa irakurri dugunean: “Menudo mojón. Vaya mierda”. Barrez lehertu, eta dendako tipak ere gauza bera egin du. Ze “jatorrak” diren espainiar turutak.


Tarxienetik oinez “hiru hirietara”. Hiru hiriak, hiru penintsula txikitan dauden Vittoriosa, Senglea eta Cospicua dira. Bere garaian, Maltako Zaldunen Ordenak hiruak inguratuko zituen harresia eraikitzea erabaki zuen, eta orduandik, batu zirenetik Cottonera deitzen zaie. Oso jende gutxirekin gurutzatu gara, siestan egongo ote dira? Harresietara ailegatu, eta sartu egin gara. Kale estuak, beix koloreko etxe altuak, eta zintzilikario kuriosoak zenbait balkoietan. Izan ere aurki abenduaren 8a dator, eta hemen ze integristak diren jakinda, ez da arraroa Ama Birjinak eta Santuak nonahi topatzea, baita balkoietako zapietan ere. Itsas bazterreraino ailegatu gara, eta eliza handi bat ikusi dugu inguruan, eta harako bidean, egurrezko irudi erlijioso pila eta tekniko batzuk argindarreko instalazioak moldatzen. Prozesioren bat egingo dutela dirudi. Grazia egin digu haietako irudi batetan Pio X. Aita Santuari malteraz “Piju X” esaten diotela ikusteak…”Pijus magnificus” ala? Egurrezko irudi polikromatu hauek jendeak emandakoak dira, haietako batetan bederen plakatxo bat ikusi dugu: “Donated by Manuel Micollef 1997”. Itzela antolatuko dute hemen asteartean.



Valletara pasatzeko barkua dagoela irakurri dugu nonbait, eta iluntzen hasia dela ikusita, St. Angelo gotorleku ingururaino ailegatu gara, Vittoriosan. Dekadentzian dagoen portuan topatu dugun bati Valletara pasatzeko barkuaz galdetu, eta itsasoa harrotuta dagoela eta barkurik ez dagoela esan digu. Dekadentzian dagoela esan dut, garai bateko eraikinak, biltegiak etabarrak nahiko utzita daudelako, portuak aldiz oso osasun ona dauka, turisten barku pila daudelako, ez Puerto Banusekoak bezala, baina handi samarrak dira. Valletarako barkurik ez, atzera buelta. Bus geltoki bat topatu dugu, eta hura noiz azaldu zain geratu gara. Gozada bat dira hemengo busak. Sarrera bakarra dute, txoferraren ondoan, eta geratzeko, hemen garai batean bezala, sokari tira egin behar diozu txintxarria joaz…eta 40 xentimotan gainera!


Valletara ailegatu, eta kale nagusian behera ibili gara. Gabonetako argiak jarrita eta piztuta dituzte jada. Jendea badabil gora eta behera. Afaltzeko toki bila ibili gara, eta hiruzpalauri “finta” egin ostean, kale nagusiaren elkarzut batetako jatetxe txikitxo batetan sartu gara. Pasta, noddles, oilaskoa…eta postre majoa. Halako afari ederra jaisteko, hotelera oinez bueltatzea otu zaigu. Gau ederra dago, eta horrela paisaiaz eta berriketaz ederto disfrutatuko dugu.

etxerako bidean
Azkarrago egingo genuela uste bagenuen ere, ordu t´erdi inguru behar izan dugu buelta emateko. Lotara, eguna luzea izan da eta ohea dastatzeko gogoa dago. Ea bihar autoa ekartzen diguten…

No hay comentarios:

Publicar un comentario