2010/09/05

Bigarren atala.

22tako Santsen ginen, behar zuen bezala. Eta behar zuen bezala ere, Pep eta semea zain genituen. Guk uste genuen nonbaitera eramango gintuztela eta elkarrekin afalduko genuela, baina etxera eraman gaitu, bere arrebaren etxera, tren geltokitik 400 bat metrotara. Eta arrebaren etxean famili guztia, izebak, ama, koinatu eta ilobak…en fin. Pikatzeko zenbait gauza atera dituzte eta bertan izan gara berriketan. Gironarako autobusa goizeko 2tan genuen eta 1ak aldera edo Pep-en koinatuak, Bernak, bere autoan eraman gaitu bus geltokira. Oso jator portatu dira denak, eta motza egin zaigu haiekin igarotakoa, ondo pasa dugunaren seinale.

Bus bereziak daude Bartzelonatik Gironako aireportura joateko, betiere hegaldiekin loturik. Gironako aireportua Ryanair-en baseetako bat da, eta haiekin lotura zuzena ez badute ere, bus zerbitzuak haiei zuzendurikoak dira. Sagalès etxeak egiten ditu. Busak ordu bete eta hamar minututan egiten du Bartzelonatik Gironako aireporturako bidaia, eta joan etorriko billeteak 20€ inguru balio ditu. Bus pare bat irten dira eta kaleko freskoa eta gaueko iluntasunak gonbidatuta, kuluxkatxoa.

Ailegatu garenean kaleko freskoa hotza bilakatu da. 8-10 abioi ikusten dira pistan, lo oraindik. Gu gara ailegatzen aurrenekoak. Beno, busean ailegatzen diren lehenak, ze jendea egon badago. Zeozer bero hartu dugu, barre batzuk bota, batez ere Bernaren Barçarekiko zaletasuna dela, eta bere hitz egiteko modu bereziagatik. Joder ze aurpegi jarri duen ardoari Coca Cola bota diodanean!

Enbarkea egitera joan gara; hegaldi bat baino gehiago ordu berean, bien. Kriston potorroa jende guztia pilatuta beren fotokopia zimurrak esku batetan eta karneta/pasaportea bestean dituztela. Abioira igo aurretik kalean itxaron behar izan dugu, eta joder ze raska! Ni mahuka motzetan gainera.


Hegaldia 8tan zen eta bidaia bi ordutakoa. Siestatxo bat egingo al dugu?



Jaisten hasi da. Eguraldi ederra antzematen da. Leihoetatik irla ikusten da, osorik. Oso osorik. Izan ere Malta oso txikia baita, puntatik puntara 30 kilometro inguru ditu luzeran eta 15 bat zabaleran. Hiru irla nagusi ditu, Malta, Gozo eta Komino, eta populatu gabeko beste hainbat txikiago.

Malta oso leku kuriosoa da. Kutsu arabiarra, italiarra eta ingelesa dituen herri mediterranearra da. Oso populatua dago, 400 mila biztanle baino gehiago bizi dira 316 km/2tan eta nahiko integrista katolikoak dira.

Bere kokapenagatik urtetan oso garrantzitsua izan da. Feniziarrek, grekoek, erromatarrek, arabiarrek…denek menderatu dute, eta denek alde egin behar izan dute. Erdi Aroan, XI. Mendean hain zuzen, arabiarrak bidali eta Malta Aragoiko Koroaren parte izatera izan zen. XVI. Mende hasieran Espainiako Karlos I.ak, Suleimanek Rodasetik bidalitako Jerusalemeko San Juaneko Ordeneko Zaldunei utzi zien Malta. 1565an 30000 turkiarrek eraso egin zuten, baina La Vallettek zuzenduriko 8000 soldaduek eutsi egin zioten erasoari. Horren ondorioz, Mdina hiriburu izateari utzi, eta harresi sendoez babesturiko hiriburu berri bat eraiki zuten, orduandik La Valleta izenarekin ezagutuko duguna.

1798.an Napoleonek Malta bereganatu zuen Egiptora bidean zihoala. Frantsesen okupazioa ez zen herriaren gustukoa eta maltarrak matxinatu egin ziren. Ingelesen laguntza jaso zuten horretan, eta 1800.an frantsesak bidali eta Malta Ingalaterraren “protektoratu” bilakatu zen. 1814an Britaniar Inperioko parte izatera pasa zen, 1964an independentzia lortu zuen arte. 1974an errepublika izatera pasa zen, eta 1979an ingelesen azken base militarrak itxi zituzten. 2004an Europar Batasuneko parte izatera pasa zen, eta 2008tik Euroa erabiltzen dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario