2010/03/06

16. Part XV. Apirilak 14. Akabatzen…

Gaur 9tan geneukan iratzargailua. Ni, bigarrena dutxan. Oraindik harrigarria egiten zait komuneko iturrietatik askatzen den sulfuro usaina. Gosaltzera hamar gutxitan jaitsi gara, eta azkenak izango ginelakoan, famili oso bat azaldu da orduz kanpo…Saltxitxez gain, beans, pinaburua, meloia bi eratara…kriston banketea egin dugu.


Egun bustia dago kanpoaldean. Nahiz baten bati entzun diogun oso asteburu ederra egin duela esaten, guk soilik atzo izan genuen halako pagotxa. Laugavegurretik jaitsi gara, ea atzo komentatu ziguten merkatu txikia ikusterik dugun, baina zoritxarrez ez dugu halakoren inolako arrastorik topatu. Portura jaitsi gara ba; atzokoan argazki batzuk bota nituen, gaurkoan ordea bideo kamerarekin planotxo batzuk. Euriak bere horretan jarraitzen du; liburu denda batetan sartu, eta CD pare bat hartu dizkiot osabari. Ea zelan dauden


Laugavegurretik itzuli gara, eta elkartzut batetan ikusitako sex-shopean sartu gara. Ez dago gauza askorik egia esan. Dendariarekin bere koadrilakoak diruditen beste bi neska, zenbait film, espainiarrak barne, jostailuak eta azpiko arropak. Alde egin dugu, eta hurrengo kale kantoikora sartu gara. Honetan bideo gehiago, jostailu gehiago eta azpiko arropa gehiago; baina antzeko arrakasta: Deus ez. Eta aldizkaririk ez, ez batetan ezta bestean ere....Handik irten, eta 12tan zabaltzen zuten disko dendara joan gara.

Txikia, bigarren eskuko CDak, DVDak, biniloak…eta prezio onetan gainera. “Geisladiskabuð Valða”. 3 Cd hartu ditut, GGFHren bilduma bat, Islandiar taldeen bilduma bat, eta diskoetxe islandiar batekin ateratako talde italiar baten diskoa. Guztira 3100 IKR xahutu. Tipoari oso prezio onak zituela komentatu, eta hark egoera ekonomikoa zein zen ikusita, nahiko ajustatu behar zituela ihardetsi. Ea nongoa nintzen galdetu, “Basque Country” aipatu eta ez zekien zertaz ari nintzen, hori bai, Bartzelona ezagutzen zuen…

Gosez gabiltzanez, gaurkoan txino batetara joatea okurritu. Laugavegur bertan, 10.an dagoen ASIAn sartu gara. Iraitzek menu berezia eskatu du eta soilik 14ak arte ematen dutela esan diote, dagoeneko 15:15ak baitira. Plater bakarra birra banarekin. Gu eseri eta berehala 35 bat txinatar, edo asiarrak behintzat, azaldu dira jangelan. Haiei jaramon gehiago egin diete guri baino, eta bazkaltzen bukatu dugunetik kontua ekarri diguten arte 45 minutu egin ditugu. Ez dugu zorte handirik Eskandinaviako txinatarrekin, ez horixe. Azkenean moskeatu samar alde egin dugu postrerik jan gabe


Kalean behera berriz, berehala katedralera doan kalea hartu dugu, aurrekoan lez, eta gaurkoan, lanegun batetan, bizipoza gehiago duela ikusi dugu. Katedraleraino ailegatu, eta atea zabalik duela ikusi eta sartu egin gara. Ez dago batere gaizki. Modernoa da, baina gustu handiarekin egina. Moketa erdiko pasilloan, aulkiak forratuak, kristoren organoa, beste 2-3 txiki… Gurekin batera eskolako bidaian zihoazen “Iceland09” horietakoak, argazkiak nonahi eta alde batetik bestera etengabe mugitzen…eta arduradunak azalpenak ematen.

Elizatik irten eta Laugavegurrera jaitsi gara, eta handik hotelera. Idazten hasi, eta sektako telebista kanalean, Babilonia Alemania naziarekin nahasten zuen dokumental bat ikusten aritu, Ishtar, Marduk, Hitler eta halako kontuekin...


Flipantea iruditzen zait telepredikatzaileen kontu hori. Estatu Batuar eta Ingalaterrako sekta horien programak botatzen dituzte, islandiar azpitituluekin, eta kanal propioak dauzkate horretarako gainera. Bideo klipak ere botatzen dituzte, abeslari kristauekin…eta beldurgarriena, sekulako kontzertuak botatzen dituztela eta haietan montaje itzela izateaz gain, kristoren jendetza dagoela zoro moduan kantatzen besoak zerura zuzenduta...Oraintxe beste programa bat hasi da, “Answers…”, berriz ere ondo jandako eta jantzitako yanki bat jaungoikoaz, mirarietaz eta abarri buruz berbatan. Nahikoa da!

No hay comentarios:

Publicar un comentario