2011/03/27

Hilak 11. Hamalaugarren zatia


Gaua nahiko ondo pasa dut. 9tako iratzargailuak jo du. Dutxatu ostean, poltsak prestatu samar utzi eta gosaltzera jaitsi gara. Aukera anitza dago, baina fruta aldetik ezer onik ez. Ogia, bolloak, jogurta…eta tea. Gosaldu, eta gelara igo gara. Bi igogailuetatik bat izorratuta zegoen, eta bazebilena, ozta-ozta. Gelara igo ba, gauzak hartu, eguzkitako krema eman eta behera. Hotela kaos txiki bat da. Poltsak gorde dizkigute behintzat, eta geroko bazkaria ordainduta dugu…

The hotel...

Hoteletik irten eta “primera linea de playa”-n geundela ikusi dugu; noski bart ilun zegoen eta ez ginen konturatu. Ura pelikuletakoa bezalakoa da, urdin turkesa…eta baten bat ikusten da eguzkia hartzen. Merkatu txiki bat ikusi dugu, eta gero beste bat…orduan buruko argitxoa piztu eta turistentzako autobusa hartzea otu zaigu: Busa hartu, 24 orduko txartela pagatuta, nahi adina buelta eman ditzakegu, nahi dugun geltokietan igo eta jaitsita…penintsula ikusteko modu erraza ba.

Varadero...

Ondoko hoteleko turismo bulegora sartu eta galdetu egin dugu. Bertan, ibilbide osoak ordu t´erdi irauten duela esan, nahi adina alditan igo eta jaitsi gaitezkeela egun osoan zehar eta penintsulako azken muturrera ailegatzen dela esan digute. 11:10ak direla ikusita, eta 13tako bazkaltzeko asmoa dugula ikusita, primeran. Txartelak hartu ditugu ba, 10 CUC orotara, eta voucherrakin geltokira. Iristea kostatu bazaio ere, ailegatu da. Goiko pisura igo gara eta eseri gara. Varadero zer den ikusi dugu: Kristoren konplexu handiak, golf zelaiak…eta eguzkia. Pasada bat izan da. Eskerrak haizearekin jasangarriagoa zen bestela…bestalde, jendilaje ugari igo eta jaitsi da buelta osoak iraun duen bitartean, eta hori ere ikusi beharra zegoen.

Varadero...

Buelta eman ostean, 36. kalera iritsi gara, eta zuzenean bazkaltzera: makarroiak, arroza eta pizza esaten zioten zerbait. Platanoak, mousse antzeko bat…eta zerbezak. 3, hau egarria!!!

no comment...

Motxilak hartu ditugu 13:40ak aldera, eta turistentzako busa hartzera joan gara, bus geltoki zentralera joateko asmoz. Ez da azaldu ordea, eta coco-taxi bat hartu dugu orduan (5 CUC). Bus geltokira ailegatu, eta bi tipok ea Habanara joan behar genuen, eta 20 pesogatik eramango gintuztela eta abar. Ezetz, busean gindoazela eta kito. Itxarongelan aspertzen hasi eta postalak idaztera.

15:30tako busa azkenean mikrobusa izan da. Irten, eta Matanzasetik pasata, 3 ordutan Habanan ginen.

Morrotik sartu gara. Ur azpiko tunel batetik pasa eta Habana Vieja inguruan atera gara. Handik unibertsitate ingurura joan da busa, eta bertan jaistea deliberatu dugu. Jaitsi bezain pronto, tipo batek ea lotarako leku baten bila ote genbiltzan galdetu digu, guk ezetz, bagenuela. 25H aurkitzen saiatu gara, baita topatu ere. A aurreko batetan inguru honetako garito batetan izan zen eta horren bila joan gara. 25Hko 525a topatu dugu baina zoritxarrez ez zuen leku librerik eta parean zegoen batetara bidali gaitu. Honetan bazegoen ostatu hartzerik, bi gela libre zituen eta aukeratzeko beta izan dugu. Gelak ez dira beste munduko ezer, baina badute komuna, telebista mandoarekin…Bertan geratzea erabaki dugu, printzipioz bi gauerako, aurrerago ikusiko dugu. Prezioa, 30 CUC. Garesti samar, baina beno, hiriburua da. Ordaindu, sinatu, eta bisatuekin geratu da ez dakit zer motako konprobazioa egiteko. Gure ondoko gelan, turkiar batzuk daude; kristoren zarata ateratzen dute. Gauzak utzi ba, eta paseatzera.

Habana Libre hotel ingurura ailegatu gara eta jatetxetakoak pelmada ematen aritu afaltzera sartzeko…bidai agentzi bat topatu eta Viñalesekoa galdetu dugu. Egun osoko txangoak badirela esan digute, Pinar del Rio-ra joan etorria + zenbait bisita + bazkaria, 55 CUC. Pentsatuko dugu. Isla de la Juventudekoa Cubanan galdetzeko esan digute, handik 100 metrotara duten bulegoan. Iritsi gara, baina itxita zegoen.

Paseatzen jarraitu dugu ba, eta Nacional hotel ingurura ailegatu gara. Haizeak ederki jotzen du, eskerrak ze tenperatura zoratzekoa da. Nacional hoteletik dauden Habanako Malekoiko bistekin gozatu rato batez, eta Habana Libreko jatetxe polinesiarrera joatea erabaki dugu. Handia, ondo zainduta eta janaria ona. Gero eman diguten ostia ere ona izan da: 91,25 CUC. Hori bai, PIÑA COLADA ezin hobea. Halakorik ez nuela sekulan hartu aitortu behar dut eta Kubatik ekarritako esperientziarik onenetakoa izan dela esan dezaket. Afal ostean hoteletik bueltatxo bat eman dugu. Interneteko gela itxita zegoen (8tatik 20tara) eta alde egin dugu.

Afaria goian, behean Nacional hotela

Parkea eta zinema ondotik pasa gara, eta Nacional hotelera joan gara. Oraingoan sartu egin gara (Maria Cristina hotela gogorarazi dit) eta begiradatxo bat bota diogu. Aurrealdeko ate batetatik irten, eta terraza eta lorategietatik pasa eta banku batetan eseri gara Habanako bistaz gozatzera. Berriketan aritu gara eta 23:15tan edo alde egitea erabaki. Hoteletik alde egin aurretik, Ak Tx-ri telefonoz hots egin dio, ordu diferentzia kontutan izanda, orain lanera joateko prestatzen arituko baita. 3 minutuko solasaldia, 12 CUC…Nacional hoteletik zuzenean lotara etorri gara. Telebistan Gaugin pintoreari buruzko pelikula ari dira botatzen, azpititulatuta…eta ni lo hartzen ari naiz…

No hay comentarios:

Publicar un comentario