2011/02/23

Hilak 9. Hamabigarren zatia

Gauean zehar A hotzez esnatu da; manta bat pasa diot eta dena hobeto joan da. Gosaria oso ona izan da gaurkoan; fruta plater bat lima, pinaburua eta papaiakin, guaiaba zukua, kafea, bollok gurinarekin, bizkotxoa…primeran.

Goizeko 10ak dira etxetik irten garenean. Ez dago bart botatako euriaren arrastorik; bero eta lehor dago. Egin dugun lehenengo gauza, CADECAra joan, xoxa batzuk aldatzera. Kristoren kola zegoela ikusita, paso egin dugu. Beste batetan etorriko gara.

Atzoko dantzaldiko plazan, gaur ez dago gaztetxorik, izan ere astelehena da eta jendea bere zereginetan atzera eta aurrera dabil. Izkin batetan, lore postuak daude…dirua aldatzearena, lehen esan moduan, gerorako laga, eta memoriala eta trenaren artean, trena aukeratu dugu aurretik ikusteko.

Maceo kalean behera, Bulebarra omen dago, eta handik eskuinera…erabat galdu gara baina. Arraroa, baina gertatu da. Neska bati galdetu diogu eta hark ezta ez zekien; dena dela, beste bati galdetu dio. Esan digutenez, kale nagusi hartatik jarraitu behar genuen baina kontrako norantzan, ia dorre batzuk topatu arte; orduan Sandino kalea hartu eta amaierararte.

Esandakoa bete dugu, zubi bat pasa eta Sandino kalea hartu dugu (galdetu ondoren noski). Janari postuak ikusi, beisbol estadioa…eta azkenean trenbidea topatu dugu; beste bati galdetu ostean, nola ez. Blindatutako trena trenbidetik gertu behar du derrigor, eta hala da. Zubitxo bat pasa eta bertan topatu ditugu bagoiak. Oso xumea da. Eskultura handi bat dago, lau bagoi handi eta plataformako beste bat. Sarrera pagatu dugu eta bertako emakumeak azalpenak eman dizkigu, nahiz eta argazki eta panelekin nahiko argi zegoen dena.

Blindatutako trena, Santa Clarako batailako adierazlerik garbiena da. 1958ko abenduan, matxinatutakoek Batistaren esanetara zegoen Kubako armadari bere biziko kolpea eman ahal izateko, ekialde eta mendebalde arteko komunikazioa eten behar zuten. Horretarako, Santa Clara oso garrantzitsua zen, irlaren erdialdean baitago kokatuta. Hainbat zubi eta errepide moztu ondoren, trenbidea etetea lortu zuten matxinatuek, eta horrela, armaz beteta zihoan blindaturiko trena indargabetzea lortu zuten. “Ché el Argentino” pelikulan gertakari hori ondo islatzen da.

Tren horren arrastoak dira gaur egun bisitatu daitezkeenak, plataformako bagoia izan ezik. Hura aldatu zuten, orijinala zurezkoa baitzen eta usteltzen hasia baitzegoen. Gainontzekoa, orijinala.

Tipak azalpenak oso ondo eman dizkigu, eta ondoren, harekin ordu laurdenez, Ché-ri buruz aritu gara hizketan.

Bagoietan, armak eta garaiko tramankuluak zeuden erakusgai. Azken bagoian ordea, artista batek Ché-ren irudiekin osatutako erakusketa zegoen. Irudiak, Kaparen argazkian oinarrituta bazeuden ere, artistak, material ezberdinak erabiliaz egin ditu, papera, tabakoa…

Hauexek Ché-ren erretratuak



Herenegun Jorgerekin gertatu moduan, agurra nahiko hotza izan da; hizketan zein ondo geunden ikusita…noski, gu beste turista batzuk besterik ez gara.

Trenaren erakusketatik alde egin dugu, berri txar batekin. Gaur, astelehena, Ché-ren memoriala itxita dago. Hortaz, dena birplanteatu beharko dugu. Ez du zentzurik bihar goizeko 7:40tako busa hartzeak; Viazulera joan beharko dugu aldatzera. Baina beno, egingo dugu.

Trenaren museotik aurrera, Casto Solano euskal artistak eginiko Ché-ren eskultura ikustera joan gara eskualdeko PCCren egoitza ingurura. Brontzez eginiko eskultura honetan, Ché azaltzen da, haur bat besoetan daramala. Handik atzerako bidean, tipo gazte bat hizketan hasi zaigu. Ingeniaritza ikasten ari omen da, eraikinen argazkiak interesatzen zaizkio eta posta elektroniko bat eman digu. Arraro samar iruditu zait tipoa, baina beno.

Independencia kalea topatu dugu, oinezkoentzat moldatuta, eta bertako bizitasuna ikusi dugu; dendak, tabernak, jendea aurrera eta atzera…Liburu denda batetan sartzea otu zaigu orduan; “Viet Nam”. Liburuak begiratzen ari ginela, tipo bat hurbildu eta kristoren txapa bota dit; honetaz aritu zait gutxi gora bahera: 40 urte omen daramazki irakurtzen eta liburu sakonekin kokoteraino omen dago. Ez du Alejo Carpentier, Herman Hesse eta antzekoen libururik irakurtzen segitu nahi. Tontakeriak irakurri nahi ditu, eta horregatik edozein egunkari zahar edota “prentsa arrosa”ko aldizkariak nahi ditu. Ez dela kontrairaultzailea baina egi ofizialetik at zer dagoen jakin nahi duela esan dit. Araban bi lagun omen dauzka, eta haiekin liburuak elkar trukatzen dituela kontatu dit. Ia ordu erdiko txapa eman ostean, liburu-dendako neskak keinuka hasi dira eta tipoak alde egin du, hori bai, bere helbidea emanda, zeozer bidali diezaiodan…

Dendakoek orduan, tipoa egunero bertatik pasatzen dela, medikua izandakoa dela eta ez dabilela burutik oso sano esan didate. Halako zerbait behar du “esta librería es peor que la de la otra calle” etengabe esaten ari denarentzat. Burutik sano ez, ala konpetentziakoa; bitatik bat.

Liburu dendatik irten eta CADECAra joan gara, etxera deitzeko aprobetxatu dugu, eta oinez abiatu bagara ere, azkenean, bus geltokira taxiz joatea erabaki dugu. Bus geltokira iristean, itxaroteko esan diogu taxilariari, berehalako kontua izango baita.

Sartu gara ba, eta atzoko gizon bera zegoen Viazuleko postuan. Bihar goizeko txartelak aldatzeko arazorik ote zegoen galdetu, eta problemik ez zegoela. Hori bai, arratsaldeko busa hartzean, Varaderon gaua egin beharko dugu.

Zentrora itzuli gara taxian, eta ostatuko emakumeari aldaketen berri eman diogu eta hark horrela hobe dela esan digu…Dena ondo beraz. Paseoan jarraitu dugu orduan. Egia esan, planak aldatzean, putadatxoa da zer egin ez dakizula ibiltzea, bina gutxi gora behera ez zaigu txarto joan. Bihar, plazan topatu dugun tipo batek eskainia, tabako fabrika bat ikustera joango gara, 13ak eta 15ak bitartean.

Plazan eseri gara, kakahueteak, “vaca que rie” eta txokolate pixka bat jatera, ze Bulebarrean ez dugu toki deigarririk topatu jateko. Gaztatxoekin hasi berritan, bi buhonera azaldu zaizkigu. Nik bati gaztatxo bat eman diot, Ak besteari. Batak “bere bilobarentzat” gorde du, baina besteak, zabaltzen zuen bitartean, zer zen galdetzen zuen…eta jan ondoren, bere bilobarentzat beste bat ematea nahi zuen, Ari “tengo una nieta blanca y rubia como usté” esaten zion bitartean. No comment.

Lainotzen hasi, bankuan eserita geundela, baina ez du deus bota.

Interneten ibiltzera joan gara orduan. Garan bi zerrenda atzera bota dituztela, TAUk GBCri kriston jipoia eman ziola eta errealari garaipena lapurtu ziotela larunbatean irakurri dugu.

Ordu betea igaro denean, afaltzeko zeozerren bila aritu gara, eta plaza inguruan pizzeri bat topatu dugu zabalik. Pizzek Belgradekoen antza zuten, masa lodia eta biguna. Garagardoa hartu dugu laguntzeko, Polar; Cristal eta Bucanero baino merkeago gainera. Bazebilen jendea pizzerian. Hori bai gortinak itsusiak eta leihoak Kristo bat eginda. Sugandilen bat ikus zitekeen egur artetik sartzen…11 CUC pagatu ditugu afariagatik, eta izozki denda batetara joan gara postre bila. Nestléko bi zera hartu, eta tipari ea Kubako pesoak emango ote zizkigun galdetu diogu, ze azkenean zinemara joatea erabaki dugu, eta sarrerak Kubako pesotan pagatu behar dira. Esan digutenez, sarrerako peso bana pagatu behar da, baina badaezpada, tipak 4 peso eman dizkigu. Izozkia jan, eta 19:30tan zineman ginen.

Sartu, eta egurrezko aulkiak kanpotik antzeman zitezkeen. Aretoraino ailegatu eta antzoki bat dela ikusi dugu; eserleku pila ditu, eta oholtza gainean musika instrumentuez eta aulkiez gain, bideo pantaila erraldoia zegoela ikusi dugu; garai batetan Video Club Pasaikoak zeukanaren antzekoa. Sartu garenean, bideo klipak ari ziren botatzen, Eros Ramazzotti + Anastacia, Paulina Rubio…eta ordua iritsitakoan, pelikula: “El cuerno de la abundancia”. Kubatar komedia kostunbrista bat, Jorge Perugorriarekin, nola ez. 10-12 bat ikusle geunden; aulkiak ez ziren oso erosoak, eta soinua batzutan ez zen, ezta ere, oso ona; baina ondo pasa dugu, eta Santa Clara bezalako hiri batetan zinemara joatea zer den ere ikusi dugu. 21:15tako zinematik irten, eta poliki-poliki ostaturantz. Eguraldia primerakoa.

Bihar goizeko 8tako gora, memorialera joan behar dugu eta. Ondoloin!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario